«Ez dut Iban Agirreri ordaintzen zitzaiona baino diru gehiago eskatu»

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 26a, 08:00

Lanarengatik aurreko urteetan ez ditu Santio jaiak nahi bezainbeste bizi izan. Aurten alkate izendatu berritan, gogoz dagoela eta jaiak goizetik gauera biziko dituela esan du Maite Izagirrek (Villabona, 1964).

Zer moduz lehen egun hauek ardura berrian?
Nahikoa mugituak izan dira. Gai asko zeuden pilatuta, erdizka. Kontuan hartu aurreko alkatea, bere idazkaria eta arkitektoa joan zirela eta inork ez zekiela  nola utzi zituzten gauzak. Presazko kontu asko zeuden eta saiatu gara abuztua iritsi baino lehen horiek aurrera ateratzen. Festak ere gainean genituen eta kaos handi xamarra izan dugu azken asteetan, baina ilusio handiarekin nago.

Duela urtebete pasatxo, zergatik eman zenuen pausoa zerrendetan aurkezteko?
Beti izan dut EAJrekin harreman handia. Duela urte batzuk nire senarra zerrendan joan zen eta eskaini zidatenean laguntzeko prest agertu nintzen. Hauteskundeetan sei zinegotzi atera genituen eta tokatu egin zitzaidan. Pozarekin hartu nuen ardura, gauzak aurrera ateratzeko ilusioz.

Ezustean harrapatu al zintuen Iban Agirreren dimisioak?
Txundituta geratu nintzen, ez genuen espero ez nik ez gainerako taldekideok. Shock bat izan zen eta galdetu genion zer gertatu zen baina ez zigun argibide handirik eman; gainezka egin zuela esan zigun eta bazihoala. Ez genuen espero eta lekuz kanpo harrapatu gintuen.

Lan giro txarra jarri zuen berak argudio gisa.
Berak ez dakit zein lan giro ikusi zuen hemen. Ni beti oso ondo tratatu naute, langileekin oso giro ona eduki dut eta laguntzeko eta erakusteko prest agertu zaizkit. Nik ez dakit zein giro txar izan zuen berak, gainerakook ez dugulako arazorik izan. Ez dakigu zer gertatu zitzaion. Oraindik ere ez dugu sinesten.

Azkeneko urtebete honen zein balorazio egiten duzu?
Hemen gauza asko zeuden aparkatuta eta erdi eginda. Jende askok hartu du baja azken urtebetean eta gai asko zeuden alde batera utzita. Horiek aurrera ateratzen saiatu gara. Amasako etxebizitzen gaia kili-kolo zegoen, adibidez, eta zorionez, pleguei hasierako onarpena eman genien osteguneko plenoan.

Agirreren ordezkoa bilatzen hasi eta hasieratik eskaini zizuten zuri?
Zerrendan hurrena Ibon Ariznabarreta zihoan, baina bere lanagatik eta etxean bi ume txiki dituela ikusita ez zuen ardura hartu nahi izan. Niri eskaini zidatenean, txundituta geratu nintzen, ez bainuen espero eta ikusten nituelako beste batzuk ni baino lehenago. Hiru egun izan nituen pentsatzeko. Etxekoekin kontsultatu nuen eta lantokian ere jakinarazi nuen. Azkenean baiezkoa erabaki nuen. Ardura handi batetik, oraindik ere handiagoa den ardura batera jo dut.

Urtean 52.000 euro jasoko dituzu.
Niri lana eskaini zidatenean, soldata hori jasoko nuela esan zidaten. Ondo iruditu zitzaidan. Ez dut uste legez kanpo dagoenik. Jendeari ez zaio gehiegi gustatu, baina badakit beste herrietan badaudela ni baino gehiago eta ni baino gutxiago irabaziko dutenak. Ni ez naiz horretan sartuko. Ardura handiko postua da, 365 eguneko lanpostua eta hartzen ditugun erabakiak oso garrantzitsuak dira. Asko dago jokoan etahorren ondorioa da soldata.

Aurreko alkateak jasotzen zuenetik aldea dago. Zergatik hori?
Nik ez dut Agirreri ordaintzen ziotena baino diru gehiago eskatu. Zer iruditzen zitzaidan galdetu zidaten eta nik ondo ikusi nuen.

Nola jaso dituzu gai honen harira egin zaizkizun kritikak?
Inori ez zaio gustatzen kritikak jasotzea, baina ni alkate izendatu aurretik, nire izena kalean nola ibili duten ikusi dut. Lanetik bueltan, autobusetik jaitsi eta paskina ikusi nuen nire argazkiarekin. Badakit erabakia ez zaiola jende askori gustatu, baino niri ere ez zaizkit beste gauza asko gustatzen eta errespetuz hartzen ditut. Beraiek ere berdin egin beharko luketela uste dut. Nik kritikak onartzen ditut.

Nola antolatuko duzue udaletxea hemendik aurrera?
Ni egongo naiz egun osoz eta Olga Aldaz izango da nire idazkaria –bera ere dedikazio osoz ariko da udalean–. Arkitektoa da eta laguntzaile gisa ariko zait. Aurreko idazkari Nagore Puyadenarekin harremana mantentzen dugu eta aurretik egindakoa oso bideratuta utzi digu. Gainerako zinegotziek ez dute liberaziorik jasoko, baina egunero etortzen dira udaletxera eta laguntza eskaintzen dute.

Alderdi sozialistako zinegotziak zure aldeko botoa eman zuen alkate izendatu zintuzten plenoan. Zer nolako harremana duzue talde sozialistarekin?
Momentuz oso harreman ona dugu. Asko hitz egiten dugu. Gauza batzuetan ezin dugu ados egon eta besteetan bai. Espero dugu harreman on honekin jarraitzea.

Juan Mari Iparragirrek zuen alderdiari dagokion zinegotzi kargua hartu zuen ostegunean.
Gizon nahiko prestatua da. Demokraziaren lehen urteetan zinegotzi bezala aritu zen udaletxean eta lan asko egin zuen herria aurrera ateratzeko. Gogoz ikusten dut eta berak duen esperientziak asko lagunduko digu. Urte gogorrak bizi izan zituen eta saiatu zen lanean. Ilusioarekin ikusten dut.

Alkate kargua hartu eta berehala festak prestatzea egokitu zaizu.
Bai. Eta lan gehienak aurreratuta zeuden. Festa batzordeak lan handia egiten du eta nik bilera pare batean egoteko aukera izan dut. Eragileekin harreman oso ona izan dut, giro ona dago eta azken orduko detaile batzuk konpontzen aritu gara. Beraz, orain denoi festaz gozatzea dagokigu.

Aurten, festen lehen eguneko danborradarik ez da egongo. Zergatik?
Orain arte danborrada antolatzen zutenek, azkeneko festa batzordean esan ziguten jende gutxi zebiltzala antolaketarako eta gogo gutxi zutela. Beste norbaitek antolatu nahi bazuen haien esku utziko zutela ere esan zuten. Baina denbora gutxi zegoenez prestatzeko, azkenean erabaki zen hurrengo urterako uztea. Korrika eta presaka egin beharrean hobe iruditu zitzaigun horrela. Ez da inolako gauza arrarorik egon.

Remi Ayestarenen omenaldia ere ez da sartu aurtengo jai egitarau ofizialean.
Guk iaz erabaki genuen festa apolitikoak egitea. Remirekin eta bere senideekiko begirune osoa dugu. Ez genuen inolako polemika sortzeko asmorik izan. Prest gaude, omenaldia egiteko beharrezko den azpiegitura jartzeko eta ondo iruditzen zaigu, baino beti ere jai egitarautik aparte geratzen bada. Ez dugu gehiago esateko. Nik Remi bera ezagutzen nuen eta bere gurasoak ere betidanik ezagutzen ditut, harremana izan dugu. Eta orain ere prest nago hitz egiteko eta entzuteko. Ez nago inori itxita. Hitz egin, aztertu, ikusi... ados egongo gara gauza batzuetan eta beste batzuetan ez, baina denei entzun behar zaie.

Zein asmo dituzu hemendik eta urtea bukatu bitartean?
Aurtengo inbertsioetarako aurreikusi genuen Lizarragako bidea lehenbailehen konpondu nahi dugu, eguraldi txarra hasi baino lehen. Amasako ostatua ere lehiaketara atera eta esleitu genuen, baina martxan jartzeko egokitu egin behar da eta ari gara lanean brigadakoekin taberna txukuntzeko. Amasak behar du horrelako bilgune bat.

Zein da udalaren egoera ekonomikoa?
Bi epaiketa galdu ditu udalak eta isunak ordaindu behar izan ditu aurten –700 mila euro– eta 6 milioiko aurrekontutik oso diru gutxi geratzen zaigu inbertsioetarako. Malkar plazako etxebizitzen konponketa ere hor dago eta horri bukaera eman nahi diogu behin betiko. 40 famili daude oso egoera txarrean eta horrela ezin dira eduki herritarrak.

Herritarren Arretarako Bulegoaren asmoarekin aurrera jarraitzen duzue?
Bai jarraituko dugu asmoarekin. Proposatuta dago bi pertsonentzako bulego bat jartzea herritarrei lehen harrera egiteko. Udaletxean aurrera eta atzera ibili beharrean, formatutako bi lagun horiek bideratuko lukete herritarra batetik bestera. Fisikoki ez dugu erabaki oraindik non jarri, pentsatzen dugu udaletxea izango litzatekeela lekurik hoberena. Hurrengo urteko udaberrirako martxan jartzea gustatuko litzaiguke.

Hiri hondakinak biltzeko sistema aldatzea adostu zenuten udaleko alderdi guztiek. Noizko gauzatuko da edukiontzi bidezko bilketa?
Uztailerako pentsatzen genuen baina mankomunitatetik itxaroteko esan ziguten eta irailaren 12-15erako martxan jartzea espero dugu. Erosita daude edukiontziak eta errefusa eta organikoarena giltzarekin zabaldu ahal izango dira. Bilketa puntuak ere zehaztuta daude eta hiru lekutan banatuko dira giltzak. Horrekin batera, udal liburutegi ondoan jarriko da makina bat eta famili bakoitzari urtean zehar 150 poltsa emango zaizkio doan. Jendea, poltsak garesti zarelako kexatzen zen eta gaizki egiteko aitzakia izan ez dadin, modu hoberena poltsak doan banatzea zela pentsatu genuen. Ea honekin hobeto egitea lortzen dugun. Herria orain zikin dagoelako. Lurrean uzten du jendeak zaborra eta gero zakurrek zabaldu egiten dute. Etxe ondoan nik arratoiak ere ikusi izan ditut. Espero dugu edukiontziekin egoera hori aldatzea eta birziklatze tasa oraindik ere gehiago handitzea.

Beste zein asmo dituzue?
Hilerria txiki geratu zaigu eta lekurik ez dago ia. Lan batzuk egin behar dira hor eta zerbait pentsatu beharko da. Lan bat badugu egiteko. Beste lan txiki asko daude: egokitutako komun bat egin behar da kiroldegian, herriko frontoiak ere konpondu egin behar dira... Jende asko gerturatu zait eskaera horiek egiten eta guk gure esku dagoen guztia egingo dugu. Lortzen ditugun laguntzen arabera gauzatuko ditugu egitasmo horiek guztiak.

Zein harreman nahiko zenuke udaletxeko langileekin, oposizioko alderdiekin eta herritarrekin?
Nik nahiko nuke harreman bat ona jende guztiarekin. Badakit pentsamendu ezberdinak dauzkagula baina hitz eginez gero dena konpondu daiteke. Harreman geroz eta hobea izan denontzako hobeto izango da. Beti lortu daiteke adostasuna mahai baten bueltan jarri eta borondatea agertuz gero. Hemengo langileekin, daramadan denbora gutxian oso gustura nago eta oposizioarekin ea gustura lan egitea lortzen dugun. Badakit askotan, gure liskarrak izango ditugula, baina herriarentzako adostasuna bilatzen saiatuko naiz. Eta kalean jendearekin hitz egiteko batere arazorik ez dut. Kuadrillan alderdi ezberdinetako pertsonak dauzkat eta ez dugu arazorik izaten hitz egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!