2016ko Santio jaiei begira, Amasa-Villabonako Udalak herriko etxe guztietara informazio orri bat helaraziko du hurrengo egunetan. Jarrera sexistak kanporatu behar direla jendeari azaltzea da eskuorri horren helburua, batzuetan jarrera horiek eraso sexualak bihurtzen baitira.
Iaz bezala, aurten ere, Udalaren eskutik bultzatu da ekimena eta Emakundek garatutako Beldur Barik kanpainaren barruan kokatzen da. Ertzaintza eta Udaltzaingoaren laguntza izango du, gainera.
Eskuorriak mezu zehatza du: pertsona bakoitzaren sexualitatea norberaren erabakia dela eta jarrera menperatzaileen aurrean edo besteen askatasunaren jabe egin nahi direnei ozenki «ez» esatera gonbidatzen du. Edozein eratako eraso, jazarpen edo hertsamen berehala salatzera bultzatzen du kanpainak eta horretarako zer urrats jarraitu behar diren adierazten du. Besteak beste, eskuorrian udaltzainen telefonoa agertzen da.
Honako leloak agertzen dira etxez etxe banatuko den eskuorrian: «Ez, ezetz da. Zure gorputza eta zure sexualitatea zureak dira». Jaia + Errespetua = Denontzako gozamena goiburupean gauzatuko du kanpaina Amasa-Villabonako Udalak.
ETXERAINO LAGUNTZA
Kanpaina honek Brigada Feministaren laguntza estua du, eskualdeko neska talde ezberdinen artean osaturiko ekimena da. Gazte hauek, jai egun zehatzetako gauetan, eskatzen duten emakumeak etxeraino lagunduko dituzte.
Uztailaren 27an gauerditik goizaldeko 03:30ak arte egongo da 632 44 53 33 telefonoa martxan etxe laguntzak egiteko eta uztailaren 29an, Kuadrillen Egunean, gauerditik goizaldeko 05:30ra. Erasoak salatzeko, 688 86 74 61 telefono zenbakia ere jarri dute emakumeen eskura.
Beste herrietako jaietan arrakastaz burutu dute egiteko hau. Aldi berean, erasorik egonez gero, laguntza eskaintzen dute Ertzaintzan edo udaltzainen aurrean salaketak jartzeko unean.
Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkatearen iritziz, «ohiko mikromatxismoak eta jarrera sexistak ezin dira txantxetan hartu, hauek abusu edo erasoen hasiera izan daitezkeelako».
Horregatik, kanpaina honek hiru ardatz nagusi ditu: emakumeen sexualitateari buruzko begirunearen hedapena, aurre-neurriak eta salaketa. Izagirreren ustetan, hain justu, «hori da emakumeen aurkako indarkeria saihesteko modurik egokiena».