Santio Jaiak 2016

Dena prest santioetarako

Jon Miranda Labaien 2016ko uzt. 21a, 12:15

Igandean hasiko dira Villabonako festak, 12:00etan Danok Danena Halterofilia taldeak botako duen suziriarekin. Hilaren 27an, Gazteen eguneko kontzertuan, Vendetta ariko da Su ta Gar taldearen ordez.

Igandean, 12:00etan, Danok Danena Halterofilia taldeak botako du Villabonako Santio jaiei hasiera emateko suziria. Zortzi eguneko jai egitarau oparoa jai batzordean egindako lanari esker osatu ahal izan dela azpimarratu du Maite Izagirre alkateak. «Udalaren izenean jai batzordeari eskerrak eman nahi dizkiogu azken hilabete hauetan egindako lanagatik».

Denen gustuko festak izateko esperantza agertu du Mertxe Garmendia kultur zinegotziak: «Nahiz eta ardura udalarena izan, hau guztia denen ahaleginari esker atera da aurrera, herriko elkarteekin elkarlanean egin dugu egitaraua eta oso pozik gaude egin dugun lanarekin». Herritarren ekimenetik sortu den ekitaldietako bat ere aipatu dute Santio jaiak aurkezteko agerraldian: uztailaren 30ean egingo duten Santiotan Kantari kantu jira.

Egun horretan bertan, 22:30ean hasita izango den bertso jaialdia ere azpimarratu nahi izan dute udal ordezkariek. «Egundokoa izango da, izugarri saio ona espero dugu». Amaia Agirre herriko bertsolarien esanetara bertsolari beteranoak ariko dira: Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Iñaki Murua, Millan Telleria, Sebastian Lizaso eta Xabier Euzkitze.

ASTEBURU HONETAN HASITA

Nahiz eta zazpi eguneko jai egitaraua prestatu eta aurreko asteburuan Irrintzi elkarteak antolatutako Garagardo Azokarekin festa giroa nagusitu, igandeko txupinazoaren aurretik hainbat ekimen antolatu dituzte Villabonan asteburu honetarako.

«Urtero, Donostiako Nazioarteko Jazzaldia izaten da uztailaren 20tik 25era. Aurten kontzertu horietako bat Villabonara ekartzeko aukera izan dugu», esan du Garmendiak. Larunbatean, uztailak 22, 20:00etan Ainara Ortega eta bere taldeak jazz kontzertua eskainiko dute Berdura plazan. Ainara Ortegak osatu duen Scat disko berria aurkeztuko du Mikel Andueza (saxoa), Baptiste Techer (tronboia), Iñaki Salvador (pianoa), Javier Mayor (kontrabaxua) eta Hasier Oleaga (bateria) ondoan dituela.

Ostiraleko kontzertuari segida emateko beste bi ekimen izango dira larunbatean, uztailak 23, festen hasierako egunaren bezperan. Alde batetik, 08:30ean Amasamendin, San Huberto Txapelketako III. Santio Lehiaketa izango da, Zakur Zaunka Top kirol klubak antolatuta. Bestalde, larunbatean, 20:00etan Eresargi abesbatzak festetako kontzertua eskainiko du Gurea antzokian.

Joxean Cubero, Amasa-Villabonako kultur teknikariak azken orduko aldaketaren berri eman du aurkezpenean: «Jaso berri dugu notizia, Su ta Gar taldeko abeslariak ezbehar bat izan du eta bertan behera geratu da, Gazteen egunean eskaini behar zuen kontzertua». Bozketa bidez erabaki zuten herritarek, hilaren 27ko kontzertua zein taldek emango zuen. 97 boto eskuratu zituen Su ta Gar taldeak eta bat gutxiago Vendettak. Atzo, udal ordezkariek baieztatu zutenez, Izeberg taldearekin batera, Vendettak emango du Gazteen eguneko kontzertua.

BAZKARIETARAKO IZEN EMATEA

Aurten jaien hasiera igandearekin egokitzen denez, afaria beharrean, herri bazkaria antolatu du festa batzordeak. Joan nahi duenak bihar eguerdia baino lehen herribazkaria24@gmail.com helbidera idatzi beharko du, kuadrillaren izena eta jende kopurua adieraziz.

«Aurten Etxeondon egiten den kuadrillen eguneko bazkarirako mahaien banaketaren dinamika aldatu egin da», adierazi du Cuberok. Bihar 12:00ak arteko epea izango du kuadrilla bakoitzak izen emateko etxeondobazkaria@gmail.com helbidean. Igandean, zozketa bat egingo da eta kuadrilla bakoitzari zenbaki bat esleituko zaio. «Hilaren 29an, zenbaki horiek adierazten duten hurrenkeran jaso ahal izango dira mahaiak, gero parkean tokia hartzeko».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!