Finalerdi hauetatik irtengo den finala, «latza» izango da

Asier Imaz 2014ko abe. 24a, 13:45

Amasa-Villabonako Behar Zana pilotalekuan Antton Pebeten Oroimenezko Txapelketaren finalerdiak jokatuko dira, larunbatean eta igandean. Hamabi bikote aurrez aurre, finalerako txartelaren lehian.

Hilaren 27an, 10:30ean, kadeteen mailako final aurreko bat, eta jubenilen biak jokatuko dira. Hurrengo egunean, ordu berean, kadeteen mailakoen bigarrena eta nagusien mailako biak lehiatuko dira.


Pebeten oroimenezko txapelketan 26 bikotek hartu dute parte. Punta-puntako afizionatuak etorri dira Villabonara, eta erakutsitako maila altua izan da: ikusgarria. Orain, finalerdien txanda da, eta antolatzaileek ongi dioten bezala, partida horietatik finalera pasako diren bikoteen arteko lehia, «latza» izango da.


Larunbateko lehen partida Exposito-Aizpitartek jokatuko dute, Alberdi-Gascueren aurka. Aizpitarte altzotarra da; kadeteetan dagoen atzelari onenetakoa. Exposito añorgarra indar askoko aurrelaria da. Finalean egoteko faboritoak eurek dira.


Ondoren, jubenilen arteko bi lehia jokatuko dira Behar Zanan. Lehen partidan, Zubizarretaz gozatzeko aukera egongo da. Maila oso altuko pilotaria da gipuzkoarra, lurraldeko txapelduna, gainera. Bigarren partidan, Aizpuru asteasuarrak jokatuko du, jubeniletan dagoen atzelaririk onenetakoak. Berarekin bikotea osatuz, Egiguren tolosarra egongo da. Aurrean tantoa amaitzerako unean artista puntua duen pilotaria.
Igandean, kadeteen mailan Arangurenek jokatuko du besteak beste. Bera izango da partidako izarra, maila izugarria duen atzelaria izaki. Partida polita eta irekia aurreikusten da. Nagusien lehen partidan, Urbieta asteasuarrak eta Erasun zizurkildarrak, bikote sendoa osatzen dutela erakutsi nahiko dute. Urbieta aurrelaria, ikusgarria da, afizionatuen mailan dagoen pilotaririk onenetakoa. Aurkariak forma bikainean dagoen Santxo eta Castillo izango dira. Azken horrek, Galarza ordezkatuko du.


Finalerdietako azken partidan, Arteaga aurrelari dotorea ikusteko aukera egongo da. Gorrotxategirekin bikotea osatuz, Etxeberria eta Bolinaga izango dituzte aurrean. Azken horrek, Santxez ordezkatuko du.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Galarza eta Santxezek ezin izango dute jokatu larunbatean Villabonan, Amezketan jokatzen ari den txapelketan izango baitira euren elkartearekin: «Triste xamar gaude zentzu horretan antolakuntzako kideak, gauzak horrela gertatu direlako. Hala eta guztiz ere, ordezko pilotari oso onak lortu ditugu».

AMASA-VILLABONA

Abenduak 27, larunbata, 10:30ean
Exposito-Aizpitarte
Alberdi-Gascue


Zubizarreta-Beloki
Zalduondo-Salegi


Egiguren-Aizpuru
Beraza-Garmendia

Abenduak 28, igandea, 10:30ean
Sein-Aranguren
Salaberria-Mariezkurrena


Urbieta-Erasun
Santxo-Castillo


Arteaga-Gorrotxategi
Etxeberria-Bolinaga

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!