Amasa-Villabonako Aritza Kultur Elkartea fusilatu horien gorpuzkinak non zeuden ikertzen hasi zen dokumentuetan eta senideekin harremanetan jarriz, eta Amasako hilerrian egon zitezkeela ondorioztatu zuten. «Espetxe agiri bat dugu, pertsona horiek espetxean daudela esanez, eta Tolosako parrokiaren dokumentu bat, non adierazten den pertsona horien heriotza», azaldu du Esti Amenabarro Aritza Kultur Elkarteko kideak. «Kuriosoa da, 'gerra arrazoiengatik' jartzen du. Garai hartan oso ohikoa da dokumentuetan eta diskurtsoetan, heriotza guztien arrazoia gerra dela jartzea».
Pilar Iribarrenek, Kruz Iribarrenen ilobak, 90 urte ditu egun, beraz, 12 urte zituen osaba fusilatu zutenean, baina argitasun handiz du gogoan egun horietan gertatukoa: «Udaletxera eraman zituzten atxilotuta nire osaba eta beste asko, 12 edo 15 izango ziren. Hurrengo albistea izan zen gure etxean atxilotuta zeudenak Tolosara eraman zituztela, baina gure osaba lasai omen zegoen, eta berarekin atxilotuta zegoen beste bati esan omen zion lasai egoteko, beraiek ez zutela ezer egin eta ez zietela ezer egingo…».
Tolosan Batzokian izan zituzten atxilotuta, Iribarrenek azaldu duenez: «Frontoian izan zituzten, eta eskolapio bat eraman zuten bertara, aitortza egiteko. Handik hilerrira eraman zituzten eta han fusilatu». Tolosara eramandako beste billabonatar batzuk libre utzi zituzten, baina hilabete batera, azaroan, berriz atxilotu zituztela du gogoan Iribarrenek: «Aurrena Ondarretako kartzelara eraman eta gero handik Berara eraman eta gero fusilatu egin zituzten. Nola egiten zituzten gauzak… Hori astakeria!».
Familiak ez zuen azalpen zuzenik jaso gertatu zenaz. «Zurrumurruak entzuten ziren herrian, batzuk fusilatuak izan zirela-eta. Zein ziren galdezka aritu, baina inork ez zekien. Behintzat guri ez ziguten esaten. Gure aitari ez zioten zuzenean esaten», esan du Iribarrenek. «Bazen pertsona bat, Roque izenekoa, saltsa guztietan sartuta zegoena. Eta orduan nire aitak bati galdetu zion Roque hari galdetzeko ea bazekien zein izan ziren fusilatuak. Eta honek gero erantzun zion Roque horrek esan zuela hildako bat gure osaba zela. Baina abisatu, inork ez».
Urriaren 12an, hileta egin zitzaien. «Gureei bakarrik egin zieten hileta elizkizuna; hurrengo hilean hil zituztenei dagoeneko ez zieten egiten elizkizuna, ez zieten uzten. Gureak hil zituztenerako ez zuten emango abisua eta elizkizuna egin zieten», ekarri du gogora Iribarrenek. Bolada batean «beti beldurrez» bizi zirela gaineratu du: «Atea joko zutenaren beldurrez egoten ginen, ea norbaiten bila etorriko ote ziren. Nik gogoan dut, gauetan, ohera joan aurretik errezatzen nuela aitaren bila ez etortzeko eskatuz».
Kruz Iribarrenek Papelera del Orian egiten zuen lan. Gerra bukatuta jendea pixkana itzultzen hasi zen, tarteka paper fabrikan lan egiten zuten batzuk, ardurako postuak zituztenak. «Jakin izan zuten zein izan ziren hildakoak, tartean osaba, bertako langilea zena. Eta horietako batek abisatu zigun osabak asegururen bat ordaintzen zuela fabrikan eta anai-arrebei diruren bat tokatzen zitzaiela handik. Baina horretarako heriotza ziurtagiria eraman behar zela derrigorrez».
Pilar Iribarrenen ama ziurtagiriaren bila joan zen Tolosara: «Gure ama ausarta zen. Udaletxera joan zen eta han zeuden bi falangistei azaldu zien zer behar zuen. Batek ziur al zegoen galdetu zion. Besteak, nola denak ez garen berdinak, bere lagunari esan omen zion andreak hori esaten bazuen, seguru egongo zelako izango zela. Azkenean ziurtagiria egin zioten, esanez kaleko liskar batean hil zela».
Gorpuzkiak Amasako hilerrira
Urte batzuk geroago, Joxe Agustin Garmendiaren senideek erabaki zuten Amasan egon behar zuela hilobiratuta, bere emaztearekin batera. Familiak prozedura abiatu zuen, «ez zailtasunik gabe» dio Amenabarrok, eta horren ondorioz Joxe Agustinen gorpuzkiak Amasako hilerrira eraman ziren. Hain justu, Zapirain familiako panteoiaren hilerrian Joxe Agustin Garmendiaren izena agertzen da.
Lekualdaketa horri jarraituz, Aritza elkartea hipotesi batekin hasi zen lanean, hau da, Joxe Agustin Garmendiaren gorpuzkiak bakarrik ez, beste bi billabonatarrenak ere bertara eraman zituztela. Pilar Iribarrenek azaldu duenez, «etxean bazekiten laurak batera zeudela hilobiratuta, hiru billabonatarrak eta beste laugarren bat, madrileño ezizenez ezagutzen zena. Gero Joxe Agustin Garmendiaren familiak panteoia erosi zuen, eta orduan esan ziguten ea zer iruditzen zitzaigun hezurrak ekartzea. Baimena eman zien gure familiak hezurrak eramateko».
Hari horretatik tiraka, Aritza elkartekoek Aranzadi Zientzia Elkarteari laguntza eskatu zioten. «Proiektu osoan beraien kolaborazioa erabateko izan da, gertutasuna handia izan da», esan du Amenabarrok. «Genuen informazio osoa helarazi genien eta eskatu baloratzeko ea argilun hori argitzerik bazegoen. Aranzadi elkarteko Paco Etxeberriak planteatu zuen horretarako gorpuzkiak hilobitik atera egin behar zirela, metodologia zehatz bat aplikatuz».
2013ko uztailaren 24ean egin zen gorpuzkiak hilobitik ateratzeko lanak. Prozesu guztia baimenak eskatuz egin zela dio Amenabarrok: «Senideei gure hipotesi hori azaldu genien, eta hauek azaldu zuten bere kezka ere hori bazela. Horrela, senideek eskatu zioten udalari baimena exhumatzea egiteko». Lan horiek Aranzadiko taldeak egin zituen, Paco Etxeberria Aranzadiko lehendakaria eta Memoria Historikoaren alorreko ikerketa taldearen zuzendaria buru zela. Bertan izan ziren ere Amasa-Villabonako Udalaren ordezkariak, Aritza elkarteko kideak eta fusilatuak izan zirenen zenbait senide.
Gorpuzkiak aztertu ondoren, Aranzadik egindako txostenak garbi uzten du hipotesia benetakoa dela: «Zapirain familiaren panteoian lau gizonezkoren gorpuzkiak daude eta hauen burezurrek tiroek eragindako perimortem hausturak dituzte». Txostenean zehazten denez, gorpuzkiak Tolosan fusilatu zituzten hiru billabonatarrenak eta madrileño ezizenez ezagutzen denarenak direla interpretatzen da. Azken honen izena, Tolosako parrokiaren heriotza agirian azaltzen da. Etxeberria hasiera batean «oso eszeptikoa» zen aurkitu zezaketenaz, «hilerrietan egiten diren lanak zailenak izaten baitira, berrerabilpenak direla eta. Gerra garaian hilerrietan utzi zen ia ezer ez dago egun gordeta, batez ere asko handitu diren herrietan».
Pilar Iribarren exhumatze lanetan presente egon zen. Emozionatu egin zela dio, eta gaineratu: «Nik uste dut nire osaba gustura egongo dela egin denarekin, eta baita familiako bat horren jarraipena egiten ari delako».
Aitortza publikoa
Behin hiru billabonatarren gorpuzkiak panteoi horretan zeudela ziurtatu ondoren, hurrengo pausoa aitortza publikoa egitea izan da, eta hor kokatzen da bihar egingo den ekitaldia. Paco Etxeberriak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Galder Azkue Amasa-Villabonako alkateak, senideei modu ofizialean Aranzadi Zientzia Elkarteak egin duen txostena emango die, baita ikerketa egiteko baliatu dituzten gorpuzkiak ere. Ondoren Amasako hilerrian lur emango zaie berriro. Eta Amasa-Villabonako Udalak, Jose Antonio Garmendia, Jose Agustin Garmendia eta Kruz Iribarrenen izenak agertzen dituen plaka jarriko du. Iribarrenek azaldu duenez, «niri oso ondo iruditzen zait. Noizbait iritsi behar zitzaigun guri ere momentua. 78 urte pasatu dira, orain arte ez zen aukerarik egongo. Lehen egitekoa ez zen erraza izango».
Biharko ekitaldia «berezia» izango dela azaldu du Amasa-Villabonako Udalak: «Bi zentzutan, batetik 78 urte beranduago argituko delako Amasa-Villabonako historiaren pasarte ilun bat, eta bestetik, haien senideek euren gorpuzkiak dauden tokian, haien senideen izen eta abizenak izango dituztelako hemendik aurrera».
Horrelako ekimenek duten garrantzia azpimarratu dute Amasa-Villabonako udal ordezkariek: «2011. urtean, gure lanaren zehar lerro gisa hartu genuen gai hau. Gure betebeharra eta konpromisoa beharrezkoak direla sinesten dugu, egia osoa jakin nahi bada. Eta hau, guztiz beharrezkoa jotzen dugu, elkarbizitzarako bidean oinarrizko pausoa baita. Argi dugu, gogoratzea garrantzitsua bada ere, ez dela nahikoa. Gogoratu behar da, noski, sufrimenduari izen eta abizenak jarriz. Baina, mina aitortu eta erreparatu ezean, nazioarteko legeriak jasotzen duen moduan, motz geratuko gara». Villabonako Udalak ez duela «motz geratu nahi» azaldu du eta Aritza Kultur Elkartearekin batera, «aurrerapausoak» emateko lanean ari direla esan du: «Argi baitago, sarraski hura egin zuten asko oraindik bizirik eta ardura politikoak betetzen ari direla».
Lan horretan, Aritza elkartetik azaldu dutenez, bi fase daude, udalak azaldutakoarekin bat eginez: «Bat da egia jakitearena. Badago historia ofiziala eta horrek errelatoaren zati bat ezkutatu du. 14 billabonatar fusilatuak izan ziren eta hori asko da horrelako herri batentzat. Hainbat senidek behar hau zutela jaso dugu. Eta lehenengo fasea, beraz, horixe da, egiarena, kontatu ez diguten hori zehazki zer izan zen». Beste fasea aitortza publikoarena dela diote: «Garrantzitsua da hori pairatu duten pertsonek aitortza publikoa izatea. Ez herriko plazan bakarrik, baita instituzioek eta inplikatuta dauden erakundeek ere aitortu behar dute min hori ere. Hori pauso garrantzitsua da bizikidetzaren esparruan. Beraz, bi fase horiek planteatzen ditugu: egiarena eta aitortzarena erreparazioarekin».
Amasa-Villabonako fusilatu gehienen gorpuzkien kokalekuari buruzko informazioa dutela diote Aritza elkartekoek. Lan horretan «alde emozional-pertsonal» bat dagoela kontuan izan behar dela azaldu du Amenabarrok: «Bide hau senideekin batera egin nahi dugu. Guk hasieratik garbi dugu proiektuaren muina eta arrakasta hor dagoela, senideekin harremanetan gaudelako, eta gu erabat prest gaude, senideek hala nahi badute, laguntzeko oinarri dokumentalarekin eta guk dauzkagun baliabideekin».
«Zauriak ixten»
Villabonako Gurea aretoaren erakusgelan Frankismoa Amasa-Villabonan erakusketa ikusgai dago. «Izugarrizko arrakasta izan du, herritar ugari hurbildu da bertara, informazio bila edo informazioa eskaintzera. Oso pozik gaude», azaldu dute udaletik. Horrela, erabaki dute lau bisita gidatu antolatzea, Aritza Kultur Elkartekoekin batera: apirilak 1, 2 eta 3, 18:30ean hasita, eta apirilaren 6an, 12:00etan hasita.
Memoria historikoa berreskuratzeko Aranzadi lanean hasi zenetik, gertatu den «gauzarik garrantzitsuena» sortutako interes soziala da Etxeberriaren iritziz. «Horrek ez die bakarrik tokiko ikerlariei ukitzen, zenbait musikari eta idazle horren inguruan lanak egiten ari dira. Memoria historikoarekin hori gertatzen ari da, norabide guztietara zabaldu dela».
Orain 14 urte ikerketa horiek hasi zirenean ia guztiek kritikatu zituztela dio Etxeberriak: «Gehienek, alderdi politikoek ere, esaten zuten hau ukitu behar ez zen gai bat zela, erabakita zegoela. Nik uste dut erakutsi dugula oker zeudela, eta hain justu hainbat gauza daudela matxinada militarrak eta ondoren diktadura ezartzeak suposatu zuenaren inguruan ezagutzeko. Gauza gehiago jakiten ari gara, ikerketak egiten ari garelako. Ez gara ari zaurik irekitzen, zauri horiek ixten baizik».
Bide horretan Etxeberriari «oinarrizkoa» iruditzen zaio udalerrietan gertatzen ari den guztia: «Ezin da egia guztia berreskuratu ez badira horrelako inplikazioak gertatzen. Aranzadik bere mugak ditu, eta horregatik ere garrantzitsua da tokiko elkarte hauek jasotzen duten laguntza erakundeetatik, esaterako, gaur egun Foru Aldunditik bideratzen dena. Guri aholkularitza teknikoa ematea egokitzen zaigu, edo kasuan kasu, aholkularitza eta parte hartze zuzena talde horiek iristen ez diren zereginetara. Tokiko talde horien lana oso garrantzitsua da, besteak beste, Aritza elkartea egiten ari dena».
Udalak ere Aritza elkartearen lana nabarmendu du: «Udal honek bere kabuz ezingo zuen horrelako lan bat burutu, herritar konprometiturik alboan ez balu. Guk, zorte handia dugu, Aritza Kultur Elkarteko kideak alboan ditugulako, edo hobeto esanda, gu haien alboan gaudelako». Udalak gaineratu duenez, «78 urte pasatxo isilpean egon diren herritarrei ahotsa jartzen ahalegindu gara. Herri gisa aurrera egiteko, mugarria jarri dugu. Etorkizuneko Amasa eta Villabona egoki egituratzen lagunduko duen ariketa kolektiboa egiten ari gara».
Amenabarrok azaldu duenez, Frankismoa Amasa-Villabonan erakusketaren inaugurazio ekitaldiaren ondoren, «barruak asko mugitu dira», eta frankismoaren errepresioa jasan zuen baten senide batek esandakoa ekarri du gogora: «Ni bizitza osoan galtzaile izatera kondenatu ninduten, gerra galdu nuelako, baina gaur gerra hori irabazi dudala sentitzen dut, nire senidearen duintasuna berreskuratu dudalako. Mikrofono batetik nire senidearen izena entzutea leku publiko batean, niretzako hori duintasunaren berreskurapena da». Amenabarrok dioenez, «kontu hau guztia egiten dugu ez bakarrik gehiago jakiteko, baizik eta pertsona horiek merezi duten justizia izan dezaten».