Hiru fusilaturi aitortza publikoa

Aitortza publikoa egin diete 36ko gerran fusilatutako hiru billabonatarri

Tolosaldeko Ataria 2014ko mar. 31a, 10:57
Joxe Agustin Garmendia Urkola, Joxe Garmendia Iraola eta Kruz Iribarren Ezkioga billabonatarrak 1936ko urriaren 1ean fusilatu zituzten Francoren gudarosteek, eta 78 urte geroago, aitortza publikoa egin diete.

Villabonako udalbatza osoak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia bertan zela, egin die aitortza 36ko gerran fusilatutako hiru herritarri, eta identifikatu gabeko beste bati. Urteak egin zituzten Amasako hilerrian lurperatuta, baina haietako baten izena bakarrik agertzen zen. Izan ere, Tolosatik isilpean eraman zituzten orain dela hainbat urte, sekula behar adinako aitortzarik egin gabe. Aritza elkarteak Aranzadi elkartearekin batera egin duen ikerketa lanari esker, ordea, jakin da hantxe zeudela besteak ere.

Galder Azkue Villabonako alkateak eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak hori frogatzen duen txostena eta gorpuzkiak senideei eman ostean, Amasako hilerrira joan dira denak, eta omenaldi hunkigarri batean, hilobiratu egin dituzte berriro. Joxe Agustin Garmendia Urkola, Joxe Garmendia Iraola eta Kruz Iribarren Ezkiogaren izenak, panteoiaren gainean jarri duten plakan ageri dira orain. Fusilatuen senideak hunkitu egin dira ekitaldian. "Emozio handiak hartu nau", esan du Maria Pilar Iribarrenek, Kruz Iribarrenen ilobak. "Ez nuen uste inoiz egun hau helduko zenik".

Ikerketan parte hartu du Aranzadiko auzitegi mediku Paco Etxeberriak, eta era honetako ekitaldiak "beharrezkoak" direla nabarmendu du, bere txikian, garrantzitsuak: "Aitortza soziala eta instituzionala, biak dira garrantzitsuak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!