Korrikari harrera egiteko motorrak berotu dituzte Altzon

Leyre Carrasco 2026ko martxoaren 15a

Altzoko haur eta helduek herrian zehar eraman dute Korrika Txikiaren lekukoa. Korrika Lagun egiteko, materiala erosteko, Errigora produktuak ezagutzeko, eta salda beroa hartu edo pintxoa jateko aukera ere izan dute herritarrek.

Martxoaren 23an iritsiko da 24. Korrika Tolosaldera, eta motorrak berotzen hasiak dira Altzon. Goizean eguraldia alde izan ez badute ere, euskararen alde lasterka egitera atera dira herritarrak. Guraso Elkarteak lagunduta, ikasleek petoak, pankartak eta abarrak prestatu dituzte. Prestaketa lanak eginda, plazan bildu dira haurrak zein gurasoak eta Korrika Txikia abiatu dute bertatik. Herrigunetik bi buelta eman ostean, plazan amaitu dute Korrika Txikia.

Horrez gainera, hainbat herritar bildu dira elizako atarian. Bertan Korrika Lagun egiteko, materiala erosteko, Errigora produktuak ezagutzeko edota salda beroa hartu eta pintxoa jateko aukera izan da.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!