Bihar hasi eta urtarrilaren 2ra arte hamar hitzordu izango dituzte Altzon XXIX. Olentzerotan jakin-minez egitarauaren barruan. Antolatzaileetako bi dira Loli Arandia (Altzo, 1958) eta Karmen Murua Gorostidi (Altzo, 1965), eta xehetasunak kontatu dituzte.
Egitarautik zer nabarmenduko zenukete?
Karmen Murua: Guztiak du bere garrantzia. Azken urteetan halako patroi moduko bat jarraitu dugu: alde batetik nahi izaten dugu jendearen jakin-mina asetu; eta, bestetik, aisiara bideratutako proposamenak prestatu.
Loli Arandia: Saiatzen gara herritar guztientzako aukerak prestatzen, eta horregatik biltzen ditugu oso jarduera ezberdinak.
Murua: Beti izaten da hitzaldiren bat edo... Aurten poteo filosofikoa egingo dugu. Aurretik ere egin genuen beste bat, eta arrakasta handia izan zuen. Jendearentzat, agian, erakargarriagoa da formatu hori betiko hitzaldia baino.
Arandia: Adimen artifiziala landuko dugu. Punta-puntako gaiak da une honetan.
Murua: Alegiako Intxurre antzerki taldea ere izango da. Itzuli zenetik hirugarren obra dute, eta Altzo Azpiko elizan egingo dute.
Arandia: Gazteengana ere iritsi nahi izaten dugu, eta propio galdetzen zaie ea zer nahiko luketen.
Zailtasunik topatu al duzue?
Arandia: Aurten ezetz esango nuke. Dagoeneko hartu diogu neurria.
Murua: Egitaraua kultur batzordean osatzen da, eta bertan parte hartzen dute beste eragile batzuk ere: gurasoen elkarteak, emakume taldeak... Bakoitzak bere ekarpena egiten du; normalean, ideia gehiago izaten ditugu, antolatzeko aukera baino.
Arandia: Hori da. Aurten ere utzi ditugu zenbait kontu aurrerago egiteko. Datorren urtean ere izango da zer edo zer egiteko.
Murua: Garrantzitsua da kultura sustatzea herriarentzat, eta uste dut horretan ahalegindu behar dugula.
Zein helburu du egitasmoak?
Arandia: Aurtengoa 29. edizioa da. Olentzerotan jakin-minez, eta izenak berak ematen du gakoa. Hortik abiatu zen, eta urte batzuetan eduki sakona izan du oso. Horrekin, ordea, publikoa murrizten joan da, eta handitzeko aukera gehiago zabaldu behar zela ikusi genuen. Horrela, jende gehiagorengana iristeko.
Murua: Batetik kultura ezagutarazteko da. Eta, aldi berean, herritarrei biltzeko aitzakia bat ematea, gure arteko harremanak sendotzeko.
Jendeak nola erantzuten du?
Murua: Jendeak ondo erantzuten du. Gu, agian, exijenteegiak izango gara edo, beti gehiago nahi baitugu. Kanpotik gonbidatzen dugun jendea oso pozik geratzen da erantzunarekin. Jende asko etortzen da jardueretara; baina, beti nahi izaten dugu gehiago [barrez].
Arandia: Sustoak ere hartu izan ditugu ia, espero baino jende askoz gehiago izaten dela-eta. Jardueraren arabera ere aldatzen da kopurua; baina, orokorrean, oso erantzun ona izaten da.