Altzoko Azokak 47 postu izango ditu aurten

Aitor Arroyo Askarai 2025eko abenduaren 10a

Altzoko iazko azokaren une bat. A. IMAZ

Igandean egingo dute azoka, 10:00etatik 14:00etara. Eguraldia ona bada, plazan egongo dira postuak eta, kontrara, frontoian jarriko dituzte euria eginez gero.

Janariak zein edariak, askotariko apaingarriak, egurrezko jostailuak, liburuak, kosmetika naturala, loreak, talogileak eta gehiago. Igandean  egingo dute Altzoko Azoka Olentzerotan Jakin-minez egitarauaren barruan, eta, guztira, 47 postu jarriko dituzte.

«Azoka da, festez aparte, herritar gehien biltzen dituen jarduera. Kanpotik ere jende asko etortzen da, baina herriko etxe ia guztietatik ere etortzen da baten bat», merkatuak «arrakasta handia» izaten duela nabarmendu dute Loli Arandia eta Karmen Murua antolakuntzako kideek. Eta hari berari tiraka gaineratu dute «oso giro polita» izaten dela egun guztian zehar.

Ahal baino gehiago

Bien artean azaldu dute postua jartzeko «eskaera pila bat» jasotzen dituztela, eta aukeratu egin behar izaten dutela: «Eguraldi ona eginez gero plazan leku asko dago, baina frontoira mugitu behar bagara, lekua mugatua da».

Zentzu berean azaldu dute aukeratzeko irizpidetzat hartzen dituztela «aniztasuna eta gertutasuna»: «Denetik edukitzen saiatzen gara; ez litzateke egokia gauza bera eskaintzen duten lauzpabost postu izatea eta, horregatik, beste produktu ezberdin bat eskuratzeko aukera galtzea».

Horrez gain, janarien eta edarien kasuan, ekoizpena artisaua izatea ere balioesten dutela zehaztu dute.

Erantzun beroa

Aurten bederatzigarren edizioa beteko du azokak, eta antolatzaileek kontatu dute, hasieran, ez zutela «halako arrakasta» aurreikusten: «Xume-xume hasi ginen, zerbait antolatzeko gogo hutsez, eta berehala arrakasta handia izan zuen».

Ildo beretik aipatu dute azokaren eguneko goizean laguntzeko deialdia zabaltzen dutela, eta hunkigarria dela herritarren erantzuna: «Jende asko gerturatzen da goizean goiz laguntzera, eta postua jartzera doazenak ere harrituta geratzen dira».

Boluntarioen lana goraipatzearekin batera ohartarazi dute «herri txikia» dela Altzo, eta igandean pazientzia izatea eskatu diete bertaratzen direnei: «Herrian ez daude aparkaleku asko, eta berehala betetzen dira. Auto asko pilatzen da, eta garrantzitsua izango da pazientziaz hartzea eta boluntarioei jaramon egitea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!