Mila urte betetzen dira aurten Altzo eta Gipuzkoa aipatzen dituen lehen dokumentua idatzi zenetik. Muga herri-batzordea eratu dute Altzon urtean zehar jarduerak antolatzeko, eta gainean da lehena: Muga. Mila urte Gipuzkoak eta Altzok jardunaldiak.
Hilabete eta erdiko egitarau horretan hainbat hitzaldi eta mahai inguru antolatu dituzte, helburu izanik hamar mendeko ibilbide historikoari begiratzea eta, aldi berean, etorkizunari buruzko gogoeta bultzatzea. Hitzordu horietan bost ildo jorratuko dituzte gai bakoitzean adituak direnen laguntzaz: batetik, IrunĚeako erresumatik Euskal Herriaren gaurko egituraketara, eta etorkizuna; bestetik, Altzoren egituratzea eta bilakaera: Altzo atzo, gaur eta bihar; hirugarrenik, emakumearen eraikuntza historian eta etorkizunari begirada; laugarrenik, sagarra eta sagardogintzaren garrantzia baserrietan, eta etorkizuna; eta, azkenik, euskarak erakundeetan zein toki izan duen, gaur egun zein duen eta etorkizunean zein beharko lukeen.
Gai bakoitza jorratzeko egitura bera jarraituko dute: hasteko, 45 edo 50 minutu inguruko bi hitzaldi izango dituzte, eta bakoitzak 10 minutu tartea izango du galderak egiteko; eta, amaitzeko, mahai ingurua izango dute etorkizunari buruz hausnartzeko.
Antolatzaileek azaldu dutenez banan-banako jardunaldiak dira, irekiak «jakintzara eta hausnarketara hurbildu» nahi duten guztientzat. Otsailaren 15ean hasiko dira eta martxoaren 29an amaitu, guztiak larunbatetan eta goizeko 10:00etatik 13:30era.