Beste mila urtean

Leyre Carrasco 2025ko urt. 26a, 17:12

Muga batzordea aurkeztu dute Altzon; beste ekimen askoren artean, jardunaldiak egingo dituzte, hamar mendeko ibilera historikoari begiratu eta etorkizunari buruzko gogoeta bultzatzeko.

Altzon urte «garrantzitsua» eta «sinbolikoa» izango dutela esan du Xabier Olano alkateak. Izan ere, aurten mila urte betetzen ditu Gipuzkoa hitzaren lehen idatzizko aipuak. «1025. urteko dokumentu bat da eta bertan irakurri daiteke Ipuscua hitza San Juan de la Peñako (Huesca, Espainia) liburu gotiko edo kartularioan jasotako idatzi batean», azaldu du. 

1025ean Gartzia Azenariz izeneko jaunak Altzoko Olazabaleko Salbatore monasterioa eman zion San Juan de la Peñako zenobioari eta hori da Gipuzkoako lehen erreferentzia idatzia. Dokumentuan, besteak beste, Olazabalgo Salbatore monastegia aipatzen da baina, horrez gain, gaur arte Altzon iraun duten eta ezagun diren beste hainbat leku ere agertzen dira; esaterako, Otsabio mendia edo Zuaznabar eta Artzadun bezalako baserriak daude.

Honela, ospakizun urtea izango dute Altzon eta egitarau zabala antolatzeko goizean aurkeztu dute garatu berri duten herri batzordea: Muga. Mila urte Gipuzkoak eta Altzok. Batzarremuño kultur etxeko areto nagusian elkartu dira herritarrak. Alkateak eman ditu ospakizunaren nondik norakoak, eta ondoren, Eider Epelde diseinatzaile grafikoak hartu du hitza.

Batzordeko logoa diseinatzeko garaian kontuan hartutakoak azaldu ditu Epeldek: «Euskal tipografia mota askoren laburpen moduko bat egin dut, hau da, batetik eta bestetik hartuta sortu ditut lau hizki hauek, euskararen garrantzia islatuz». Garai horretako egoera historikoaz informatzen hasi zela kontatu du Epeldek, eta Muga izenaren azken hizkiak garrantzia izan behar zuela erabaki zuen, «Altzok ere baduelako a hizkia eta, horregatik, besteengandik bereizi behar zuen». Horrekin, gainera, emakumea irudikatu nahi izan du, «eta garai horretan ematen zuten burukoaren forma» eman dio, «garai horretan inkisizioak ere gogor jo zuelako. Azpiko sareak, berriz, ospakizun honen azpian egon zen sufrimendua irudikatzen du».

Jardunaldiak eta bestelakoak

Jesus Murua eta Marta Agirrezabala batzordekideek hartu dute hitza ondoren eta urteko egitarauaren aurkezpena egin dute. Beste ekimen askoren artean, urte honetan hainbat jardunaldi egingo dituzte Altzon, «hamar mendeko ibilera historikoari begiratu eta etorkizunari buruzko gogoeta bultzatzeko» asmoz. Banan-banako jardunaldiak izango dira, otsailaren 15etik martxoaren 29a arte. Bost larunbat desberdinetan egingo dituzte, 10:00etatik 13:30era, Batzarremuñon.

Bost ildo jorratuko dira bakoitzean, adituak direnen laguntzaz: Lehen jardunaldia otsailaren 15ean izango da, eta Iruñeko erresumatik Euskal Herriaren gaurko egituraketaren eta etorkizunaren inguruan ariko dira; bigarrena, otsailaren 22an izango da, eta Altzoko egituratzea eta bilakaera izango dute hizpide; hirugarrena, martxoaren 15ean egingo dute, eta emakumearen eraikuntzari eta etorkizunari begira jarriko dira; laugarrena, martxoaren 22an, eta sagarra eta sagardogintzaren garrantziaz ariko dira; eta azkena, martxoaren 29an ospatuko dute, eta instituzioen eta herritarren arteko harreman-hizkuntzaren inguruan ariko dira.

Gai bakoitzean dinamika berdina jarraituko dute. Alegia, 45-50 minutu inguruko bi hitzaldi egingo dituzte egun bakoitzean, 10 minutuko galdera txandarekin bakoitzaren ibilbide historikoa ezagutzeko. Amaieran, mahai-ingurua egingo dute, parte hartzaileak hausnartzera gonbidatuz.

Horrez gain, oraindik datak zehazteko dauden arren, beste hainbat ekitaldi ere antolatuko dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiarekin elkarlanean. Besteak beste, Sagar Uzta Eguna ospatuko dute, Ipuzkoa 1025 liburuxka eta Altzoko baserriak eta bizimoduak liburuak aurkeztuko dituzte, zuhaitz landaketa, sagardo dastatzez, argazki erakusketak, ibilaldiak, antzerki ibiltariak edota indusketa arkeologikoak ere egingo dituzte. Hala ere, horien artean nabarmenena urrian egingo duten Gipuzkoako Batzar Nagusien bilkura berezia dela esan dute batzordekideek. «Altzo Azpiko Salbatore elizan izango da, hau da, Gipuzkoa hitza lehendabizi agertu zen lekuan bilduko gara denak, 51 batzarkideekin batera».

Egitasmoa irekia dagoela jakinarazi dute, eta oraindik beste hainbat ekitaldi antolatu daitezke.

Dantzariek eta Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariek girotu dute amaiera ekitaldia. Horrez gain, Topa! Muga pintxoaren aurkezpena eta dastaketa ere egin dute ostatuaren eskutik.

Egitaraua
  • Jardunaldiak. ‘Historia ezagutu, etorkizunaz hausnartu’ jardunaldiak Batzarremuñon otsailaren 15 eta 22an, eta martxoaren 15, 22 eta 29an.
  • Zuhaitz landaketa. Otsaila eta martxoa artean.
  • Sagardo dastatzea. Martxoaren 22an Elordi Elkartean.
  • Herritarren argazki erakusketa. Martxoa eta abendua artean. Hiru erakustaldi egingo dituzte.
  • Arte instalazioa. 15 euskal artistaren obrak Altzo Azpiko Salbatore elizan apirila eta urria bitarte.
  • Emakumeei omenaldia. Arte erakusketa ostatuko lehen solairuan uztaila eta abendua artean.
  • Liburuxka aurkezpena. ‘Ipuzkoa 1025’ liburuxkaren aurkezpena maiatzean.
  • Ibilaldiak. Altzo-Ausa Gaztelu eta herri mugarriak ezagutzeko ibilaldiak zehazteko.
  • Ur Mugaren geldialdia. Kultur ekitaldia uztailaren 18an.
  • Sagar Uzta Festa. Altzoko plazan irailaren 18an.
  • Herri antzerki ibiltaria. Herrian zehar urriaren 26an.
  • Gipuzkoako Batzar Nagusien bilera nagusia. Altzo Azpiko Salbatoren elizan urrian.
  • Liburu aurkezpena. ‘Altzoko baserriak eta bizimoduak’ liburuaren aurkezpena Batzarremuñon azaroan.
  • Indusketa arkeologikoa. Aranzadiren eskutik Salbatore elizan 2026an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!