Ipuscua. Izanetik izena 1025-2025

'Gipuzkoa' hitza jasotzen duen lehen dokumentu idatziaren milurtekoa ospatuko dute

Ataria 2025ko urt. 10a, 14:03

Xabier Ezeizabarrena, Eider Mendoza eta Xabi Olano gaurko aurkezpenean.

Altzoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek hainbat ekitaldi egingo dituzte hasi berri den urte honetan Gipuzkoa hitzaren lehen erreferentzia idatziaren milurtekoa ospatzeko. 1025ean Gartzia Azenariz izeneko jaunak Altzoko Olazabaleko Salbatore monasterioa eman zion San Juan de la Peñako zenobioari eta hori da Gipuzkoako lehen erreferentzia idatzia. 

Foru Aldundiak Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 ekimenaren berri eman du gaur. Eider Mendoza diputatu nagusiak esan duenez aurten mila urte betetzen ditu Gipuzkoa hitzaren lehen idatzizko aipuak. 1025. urteko dokumentu bat da eta bertan irakurri daiteke Ipuscua hitza San Juan de la Peñako (Huesca, Espainia) liburu gotiko edo kartularioan jasotako idatzi batean. Aldundiak egitarau zabala ari da prestatzen «lurraldearen historiari eta ondareari buruzko ezagutza sustatzetik harago, gipuzkoarron komunitate balioak ospatzeko eta indartzeko».

San Juan de la Peñako liburu gotikoa, non 'Ipuscua' hitza azaltzen den. 

Gaurko aurkezpenean Eider Mendoza diputatu nagusiarekin eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariarekin batera egon da Xabier Olano Altzoko alkatea, eta esan dute Gipuzkoaren aipamen zaharrena jasotzen duen dokumentua «lehen mailako efemeride historikoa» izateaz gain, «esanahi kolektibo garrantzitsua» duela, «erakusten baitu jada orain dela hamar mende gipuzkoarrok komunitate bat osatzen genuela, bere desafio, antolakuntza eta bizi nahiarekin».

Urtemugaren oinarrian dagoen Erdi Aroko esku izkribuak jasotzen duenez, garaiko Ipuscuako jaun Gartzia Azenarizek eta haren emazte Gayla de Iputzak, Olazabaleko Salbatore monasterioa (egungo Altzon) eman zion dohaintzan San Juan de la Peñako zenobioari, bere babespean zeuden beste hainbat lurrekin batera. Hori dela eta, orain dela 1.000 urteko Ipuscua eta gaur egungo Gipuzkoa hitzak uztartuz. 

Xabier Olano alkateak Altzok landuko dituen jardueratan lau ardatz jarraituko dituztela esan du. Lauak ere aipatutako agiri historikoaren edukietan jasotzen direla esan du: «Lehenik, emakumea, dohaintza egiten duena Gayla andrea delako, gipuzkoarra eta euskalduna; bigarrenik, dokumentuan bertan agertzen diren izenen artean, lau badaude Altzokoak –hiru baserri eta mendi bat– eta horien aitortza egingo dugu; hirugarrenik, dokumentuan gehien aipatzen den hitzetako bat sagarrondoak izanik, sagarrondoetan eta sagardogintzan azpimarra jarriko dugu; eta, azkenik, donazio hori Iruñeko Erresumaren aurrean egiten denez, horrek ere pista bat ematen digu zer izan gaitezkeen aurrera egiteko bidea erakusten digu horrek». 

Altzon jada lanean ari dira ekitaldiak antolatzeko. Olanok aurreratu du Altzo 1025 azterketa historiko-dibulgatiboa argitaratuko dutela eta Altzo Azpiko elizan indusketa arkeologikoa abiaraziko dutela Aranzadirekin elkarlanean.

Gipuzkoar artista eta kulturgileak oinarri izango dituzten kultur ekitaldiak ere antolatuko dituzte. Eta efemeridearen garrantzia kontuan izanda, Altzon bertan ezohiko batzarra egingo dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, erakunde ikuspegitik Ipuscua hitzaren lehen aipamena ospatzeko. Halaber, San Juan de la Peñan jasotako idazkiaren faksimilea argitaratzeko lanean ari dira, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak jakinarazi duenez.

Ekitaldi horiez gain Mendozak aurreratu du hainbat saio eta jardunaldi egin eta sustatuko dituztela datozen hamabi hilabeteotan. Horietan lehena eta garrantzitsuena erakusketa bat izango da. Hilaren 18an zabalduko dute Donostiako San Telmo Museoan Ipuscua, 1000 urte izenpean eta maiatza bitartean bisitatu ahal izango da. Azken mila urteetan Gipuzkoak izan duen bilakaeran barrena bidaiatu ahalko dute bisitariek. 

Aldundiak, aldi berean, lehentasuna emango die «balio komunitario propioen inguruan gogoeta egin eta horietan sakontzeko» ekintza eta topaketei. Lehena jardunaldi bat izango da eta urtarrilaren 22an egingo dute Komunitatea elkartegintzatik eraikiz izenburupean. Urtean zeharrerako beste zenbait topaketa antolatzen ari da foru erakundea; hain zuzen ere, mintzagai izango dituztenak gipuzkoar komunitatearen balio bereizgarriak, lurraldeko elkartasun sistema, lehiakortasuna edota aniztasunetik landu beharreko elkarbizitza, besteak beste.

Efemeridearen ekitaldi instituzional nagusia uztailaren 5ean izango dela ere aurreratu dute, eta euskal kulturaren erritu eta moldez jantziko den topaketa bat izango dela argitu dute. 

«Euskal kulturan esan ohi dugu izena duen orok baduela izana. Efemeride historiko honek adierazten du duela hamar mende dagoeneko, izan, baginela. Horregatik, milagarren urteurrenak aukera ederra eskaintzen digu gipuzkoarroi geure buruaz gogoeta egiteko. Ez bakarrik gure lurraldearen garaian garaiko eboluzio historikoari, erakundetzeari edota mugarri historikoei buruz hitz egiteko, baizik eta, baita ere, historiaren joan-etorrian, gipuzkoarrok gure gizarte bizitza eta bizimodua, ekonomia eta ongizatea, antolatu ahal izateko eraikitzen joan garen komunitate balioei erreparatzeko. Iragana kontuan izanda baina, batez ere, aurrera begira jarrita», adierazi du diputatu nagusiak. 

Xabier Ezeizabarrenak bere aldetik euskara eta herria binomioa azpimarratu du: «Gipuzkoa bakarra da baina ez bakarrik izatekoa ez itxita aritzekoa. Euskaraz bizitzeak beste inorekin ez bezala elkartu du Gipuzkoa euskal lurraldeekin eta euskarak eman dio Gipuzkoari Euskal Herrikoa dela jabetzea, beste lurraldeekin batean» .

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!