“Bertakoa erostearekin sentitzen gara gu benetan baloratuta”

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 4a, 15:59

Baserritik saioko protagonista Felix San Sebastian da. Sagar ekoizlea da, eta Altzo Azpiko Zuaznabar Barrena baserrian sagardoa egiteko euskal sagarrak ekoizten ditu. Hogei urtetik gora kanpoko enpresa batean lanean aritu ostean, duela lau urte erabaki zuen baserritar moduan lanean hastea. Fruitel, Gipuzkoako frutazaleen elkarteko lehendakaria da. “Nik uste dut gizarteak gehiago lagundu behar duela instituzioek baino”, azaldu du, eta gaineratu du, “instituzioek ahalegin gehiago egin beharko lukete gizartea kontzientziatzen”.

Baserriko lana utzi zuen Felix San Sebastian altzotarrak duela hogei bat urte, eta esne behiak kendu zituzten bere gurasoek. Orduan, aitari esan zion sagarrondoak landatzen hastea ideia ona izango zela libre zituzten zelaietan. Sagasti batzuk bazituzten ordurako. Eta orain, duela lau urtetik, sagardoa egiteko euskal sagarrak ekoizten ditu Altzo Azpin dituen sagastietan.

 

Irailaren erdian, sagar bilketa hastearekin batera hitz egin zuen Ataria irratian San Sebastianek.  Hogei urte eta gero, emaitza orain ari dira jasotzen, eta lana utzi eta baserrira itzultzea erabaki zuen. “Oso gustura” ari da lanean. Hori bai, lana utzi, eta baserrira zoazela esatean... "erotzat" hartu zutela askok kontatu du.

 

Fruitel, Gipuzkoako frutazaleen elkarteko lehendakaria da. “Sektore honetan ere beti birziklatzen aritu behar zara. Dena aurrera doa, eta egokitu egin behar zara datozen garaietara. Formakuntza konstantea izan behar dugu”. Elkartearen bidez talde erosketa, diru laguntzen informazioa,... egiten dute, sektore mailan goraka doan arlo bat dela azaldu du.

 

Orain bertako sagarrari garrantzia handiagoa ematen zaiola azpimarratu du. “Balorean jarri behar da bertakoa, eta badakigu gauzak ondo egiten”. Sagarrak eta sagarrondoak aztertzeko beharra ikusten du, eta baita lurra bera ere. Aurtengoari begira, gehiegizkotzat jo du uzta, eta sagar ekoizleen helburua uzta desoreka, orekara gerturatzea da.

 

“Asko hitz egiten da euskal sagardoaz, baina sagarrondoak behar bezala ikertu gabe daude oraindik”, dio. Administrazio aldetik bideratu nahi dute, baina bidea luzea dela dio.

 

Sagar mota asko ditu landatuta, eta nahaste handia du. “Denek dute bereizgarriren bat, sagardoari on egiten diona”.

 

Askatasuna ematen dio baserritik bizitzeak: “Askatasun izugarria”. “Lan askoz gehiago egiten dut, eta orduak falta zaizkit; eta gustura egiten dudan zerbait da. Eguna motz geratzen zait egunero. Hainbeste gauza ikusten dut egiteko...".

 

Lanpostuaz hizketan: “Ezjakintasun handia dago, eta era berean bokazioko lana da, baina aukera dago eta eskulan asko falta da”. Buruan proiektu asko dituela kontatu du, eta jateko sagarrak jartzeko asmoa ere badu.

 

Baloratua sentitzen da gizartearen aldetik, baina benetan “Bertakoa erostearekin sentitzen gara gu benetan baloratuta”. Eta bertakoa eta garaian garaikoa erostearekin, “jendeak pentsatu behar du bertakoa erostearekin inguruko baserritarrei jaten ematen ari dela”. “Oso polita da gure zelaiak hain garbi ikustea, eta gure mendiak hain politak, baina, atzetik, asko nekazariok lantzen dugu, eta nekazariok mantentzen dugu”.

“Baserritarrik ez badago, sasiak hartzen hasten dira bazter guztiak, eta hori babesteko ahaleginetako bat da bertako produktuak erostea”.

 

Konfinamenduan esan eta bizitutakoak ahaztu direla esan du. “Denda txikiak oso ondo egon ziren gertuko guztiak bertara joaten zirelako, baina gerora ahaztu eginda hori”. Nahiz eta gehiago egin dezaketen, instituzioek laguntzen dutela esan du: “Laguntza horiek ez baleude, nik ziurrenik ez nuke hain soldata duina edukiko. Proiektu serio bat eta konpromisoa agertzen badituzu laguntzak badaude”.

 

“Nik uste dut gizarteak gehiago lagundu behar duela instituzioek baino”, azaldu du, eta gaineratu du, “instituzioek ahalegin gehiago egin beharko lukete gizartea kontzientziatzen”.

 

 

Tolomendik babestutako tartea

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!