Felix San Sebastian Altzo Azpiko Zuaznabar Barrena baserrian jaioa da. Ikasketak baserrira bideratuta egin bazituen ere, urte batzuk bertan lan egin ostean, baserria utzi eta kanpoan aritu zen lanean 22 urtez. Duela lau urte, ordea, berriz ere baserrira itzultzea erabaki zuen sagar ekoizle moduan.
Zergatik sagarrak?
Esne behiak kendu eta beste aktibitate batzuk probatu zituzten nire gurasoek, eta nire apustua sagarra izan zen terrenoak libre geratu zirenean. Aitari komentatu nion aurrera begira etorkizuna izan zezakeela. Azkenean, sagarrak kanpotik erosten ari ziren, eta produktu ona atera genezakeela ikusten nuen.
Noiz eta nolatan erabaki zenuen hori?
Duela hogei bat urte. Lehendik bageneuzkan sagastiak eta nahiko ekoizpen polita geneukan, garai hartan entzuten zenarekin. Libre genituen sail guztietan sagarra aldatzea erabaki genuen. Hogei urteren ondoren, emaitza orain ari naiz jasotzen. Sagardo sagarraren bolumen inportantea sortzen dugu, eta oso gustura gaude. Horrek aukera eman dit, kantitate batzuetara iritsita, nire bizitzari beste aldaketa bat emateko. Horregatik, lana utzi nuen.
Duela zenbat urte izan zen?
Duela lau urte. Baserritar moduan ari naiz berriro. Fruta ekoizlea naiz, eta sagardo sagarra ekoizten dut, eta oso gustura ari naiz.
Sagarrak biltzeko garaia da, baina urte sasoiaren arabera lan ezberdina izango duzu.
Bai. Lana utzi nuenean, entzun nuen lehen komentarioa horixe izan zen. Ea zer egin behar nuen eta aspertuko nintzela. Sagarrak jaso eta gero zer? Ez da horrela. Justu kontrakoa da. Orain estres handiko egunak dira. Epe motzean 150 bat mila kilo sagar jaso behar ditut gutxi gorabehera. Guztia hilabete baino gutxiagoan jaso beharra dago, heldutasunagatik. Sagardotegiek kalitatea eskatzen dute eta kalitate hori askotan bere puntuan jasotako sagarra bere momentuan prentsatzea da.
Estres momentu hau bukatzean zer?
Nik beste prozesu bat hasten dut; hurrengo urteko sagarrarentzako prestaketa. Hori sagarra bildu eta segituan hasten da. Sagarrondo horiek oso nekatuta bukatzen dute. Guk Behobia bat egin ostean errekuperatu behar dugun moduan, sagarrondoek ere, eta batez ere aurten, ongarriak behar dituzte segituan. Eta kimaketa bat negurako. Neguan lo egiten dute sagarrondoek. Hotz orduak behar dituzte lo egiteko eta atseden hartzen dute, baina erreserba horiek hartuta sartu behar dute neguan, udaberrian berriro ere loreak agertzeko. Nire lana, nolabait, ongarritu, hau da, zauri txikiak sendatzeko behar dituzten botikak botata bukatzen da. Kimaketa horrek bi-hiru hilabeteko lana emango dit. Kimatu ostean, adar horiek jaso egin behar dira, lurra garbi geratzeko. Gero, konturatzerako neguaren bukaera iristen da. Negua amaitzean, berriz ere, ongarriketan hasi behar dut, esnatzen direnerako janaria izan dezaten zain horiek.
Eta ez da bukatzen lana.
Ondoren loraldiko zaintza dator. Loratzen da, baina lorea jaten duten hainbat intsektu daude, eta horientzako tratamenduak egin behar dira. Ekologikoan ekoizten dut. Belar mozketa ere iristen da, garbi edukitzeko. Eta nahikoa pribilegiatua naiz, ekaina, uztaila eta abuztua lasaia lan egin dezakedan hilabeteak direlako. Gainerakoan, urte guztian dago lana. Bilketan ezin dut, baina gainerakoan aste batean ezin badut lanik egin, ez da ezer pasatzen. Askatasuna ematen dute sagarrondoek, baina lana dago urte guztian; asko gainera.
Zeruari begiratzen diozu?
Egunero. Eragin handia du, eta klima aldaketa nabaritzen ari da. Urtetik urtera ari gara nabaritzen sagarrean. Neguak ez dira hain hotzak, eta lehen aipatu dudan moduan, neguko hotza gure gaueko loaren parekoa da. Guk zortzi ordu lo egin behar dugu errendimendu on baterako, eta sagarrondoek neguan 700 ordu behar dituzte 7 edo 10 graduz azpitik. Azarotik urtarrilera bitarteko izotzak oso onak dira sagarrondoentzat, hotz horrekin lokartu eta atseden hartzen dute.
Azken urteak ez dira hain hotzak izan.
Adibidez, iazko urtean oso uzta kaskarra izan zen, aurreko negua oso epela izan zelako. Hotza egin zuen, baina hamabost egunean behin tenperaturaren gorakadak izan ziren, eta hori guri gauean orduero esnatzearen pareko da. Ez dugu deskantsatzen. Udaberria iristen da, loraldiak oso nahasiak dira, eta ez du behar bezala aletzen. Ez da sagarra itsasten, eta udazkena iristen da, eta sagar oso gutxi edo batere ez.
Zer ematen dizu baserriak?
Askatasun izugarria.
Posible da sagarrondo eta sagarretatik bizitzea?
Bai. Momentu honetan ondo doa. Ez da soldata izugarria, baina konpentsatzen du. Niri balio dit. Hilero gehiago irabazten nuen lehen, baina hemen gustura nago. Aske naiz. Egia dena da, lursail askorekin ari naizela lanean. Kantitatea sortzen dut, baina orain ari naiz nire urteko soldata ateratzen; kolpetik jokatzen dut eta mahai gainean dena jartzen dut oraintxe bertan. Hobea izan zitekeen. Prezioak pixkana goraka doaz, ulertzen ari da nolabait sagarrak prezio duin bat behar duela, eta kostu batzuk eta lan handia dagoela atzetik. Profesional gero eta gehiago dago, eta behar da. Gainera, lehengai hori guk egoki eman behar dugu. Ez da bakarrik sagardoa.
Fruitel elkarteko lehendakaria zara. Zer da Fruitel?
Gipuzkoako frutazaleen elkartea da. Fruta ekoizten duten guztiei babesten dien elkartea da. Ez gaude asko. Mahai sagarra, kiwia, sagardo sagarra, eta gutxi batzuk dira gereziak edo intxaurrak ekoizten dituztenak.
*Luze eta zabal egindako elkarrizketa entzuteko aukera izango da Baserritik saioan, urriaren 4an: Ataria.eus/irratia/baserritik