Altzoko Handiaren hezurrak erakutsi dizkiete herritarrei

Ataria 2020ko irailaren 5a

Aranzadi zientzia elkarteak abuztuan Altzoko Handiaren hezurrak topatu zituen Altzoko hilerriko hezurtegian. Herritarrek aurkikuntza bertatik bertara ezagutu ahal izan dute gaur udalak antolatutako ekitaldian.

Karmen Murua Altzoko kultura zinegotziaren hitzek zabaldu dute ekitaldia eta Aranzadi zientzia elkarteko kideentzat esker hitzak izan ditu. Elkarteko ikerlari den Karlos Almorza izan da proiektuaren promotorea eta gaurko ekitaldian lanketak izan dituen urratsak eman ditu ezagutzera.

Aurkikuntzaren inguruko xehetasunak, berriz, Lourdes Herrastik eman ditu eta Altzoko Handiaren hezurrak aurkeztu ditu jendaurrean. Hezur horien erreplikekin ariketa bat egin ahal izan dute, gainera, bertaratu diren gaztetxoek: Migel Joakin Eleizegi zenaren hezurdura osatzeko lanean jardun dute umeek.

Ekitaldian izan dira Altzoko Handiaren ondorengoak eta baita Aitor Arregi ere, Handia filmaren zuzendarietako bat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!