Aranzadi Zientzia Elkarteak Altzoko Handiaren hezurrak topatu ditu Altzoko hilerrian. Hasiera batean, Eleizegiren hilobian aritu ziren bila. Bertan, ordea, ez zuten aparteko aztarnarik topatu eta hezurtegian bilatzea erabaki zuten. Joan den ostiralean, arratsaldeko lauak aldera, hezurtegian topatu zuten lehen hezurra: 64 zentimetro inguru neurtzen dituen femurra. Gerora, beste hainbat ere topatu dituzte, besteak beste, baraila, beste femurra, bizkarreko hainbat orno, klabikulak eta pelbisa.
Pako Etxeberriak, proiektuaren zuzendarikideak, hezur guztiak topatzea "ezinezkoa" izango dela azaldu du, baina hezurdura "ahalik eta osatuena" lortzen saiatuko direla nabarmendu du. Indusketa lanei dagokienez, gutxienez, beste bi egunez jarraituko dutela ere adierazi du.
DNA probaren emaitzarik ez dute jaso oraindik, baina ikerketa taldean hainbat auzitegi-medikuk parte hartu dute, eta hezurren morfologia eta luzera ikusita, aurkikuntzak Altzoko Handiarenak direla baieztatu dute. Ikerketa lan osoan izan dira Miguelen senideak eta herriko alkatea.
Pilar Usain Eleizegi Altzoko Handiaren senidea da (bost gizaldik banantzen ditu) eta aztarnak aurkitu izana "oso pozgarria" dela esan du: "Ez genekien ziur hilerrian lurperatuta zegoenik, ziurtatzeko modurik ere ez genuen. Orain, azaldu egin dira eta horrek lasaitasun handia eman digu".
Istoriotik, errealitatera
Aurrez ezaguna bazen ere, 2017. urtean are ezagunago egin zen Migel Joakin Eleizegiren istorioa Handia filmarekin. Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendu zuten pelikula eta 10 Goya sari eskuratu zituen. Aipatu filmaren amaieran, Eleizegiren hezurrak bere hilobian ez daudela iradokitzen da. Aurretik, hainbat hipotesi zeuden airean: hainbatek hezurrak lapurtu egin zituztela uste zuten, eta Paris edo Londresko museo batean zeudela; kontrara, hezurrak hilerrian zeudela zioenik ere bazen.
Aranzadiren aurkikuntzarekin, Eleizegi bere jaioterriko hilerrian lurperatu zutela frogatu da, eta bere hezurrak bertan egon direla gaur arte. Karlos Almortza proiektuaren promotorea da eta hezurrak lapurtuak izan zirela dioen istorioa "nahita asmatutakoa" delakoan dago: "Agian, hezurdura babesteko asmatutako istorioa izango da. Ziurtatzerik ez dago, baina hezurrak lapurtu zituztela zabaltzen bazen, jendea ez zen bertara gehiago begiratzera joango".
Hezurrek kontatzen dutena
Hezurrak egoera onean aurkitu dituztela azaldu du Etxeberriak. Are gehiago, aztarnak hezurtegian bazeuden ere, topatu dituzten egoeragatik, norbaitek "arreta handiz" ipini zituela pentsatzen dute indusketa taldekoek. Hezurrak aztertu ondoren, osteoporosia eta artrosia zituela ondorioztatu dutela ere azaldu du Etxeberriak. Oraindik ziurtatzerik ez badago ere, bi metro eta 40 zentimetroko garaiera edukitzera iritsi zela uste da.
Aurrera begira, guztia neurtu eta eskaneatu egingo dutela gehitu du proiektuaren zuzendarikideak. Hezurrekin zer egin erabakitzea, berriz, familiari dagokiola ere adierazi du. Etxeberriak, ordea, hezurrak museo batera ez dituztela eramango pentsatzen du.
Aurkitutako Altzo Handiko aztarnak gaur aurkeztu ditugu.#altzo #gigantealtzo #altzohandia #handia pic.twitter.com/bPOi0q6IPD
— Aranzadi (@aranzadi) August 17, 2020