Jakin-mina asetzeko garaia

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko abe. 10a, 13:49

Goizean, urteroko Azoka Eguna ospatu dute Altzon; horrela, Olentzerotan Jakin Minez ekimenari jarraipena eman diote herritarrek. Eguraldi txarra zela eta, frontoian jarri behar izan dituzte postuak.

Urtea amaitzear denean eta Gabonek geroz eta protagonismo handiagoa hartzen dutenean, kultur astea antolatu ohi dute Altzon. Aurtengoa, 21. edizioa dute, eta argazki rallyarekin hasi ostean, bigarren urtez jarraian, Azoka Berezia ospatu dute gaur goizean. Abenduaren 21a bitarte, ekitaldi ugari ospatuko dira herrian. Horien artean, hitzaldiak, musika kontzertuak, tailerrak eta amaierako talo jatea izango dira. Hortaz, nahi duenak, badu zer ikusi eta zertaz gozatu.

Gaur, esaterako, baserritar eta artisauentzako eguna izan da. Azken egunetan, izen handia hartu duen Durangoko Azokan bezala, altzotarrek ere, beraien etxeko produktu freskoenak jarri dituzte herritarren eskura. Denetik erosteko aukera izan da 35 postuk osatu duten azokan. Azken astean aurreikusi moduan, zerua laino grisez beteta zegoela esnatu dira saltzaileak, eta beraz, frontoian ezarri behar izan dituzte salmenta-gune ezberdinak.

Aurreko urteko arrakasta ikusi ondoren, aurten, postu berriak jarri dituzte, 35etatik 12, herritarrenak zirelarik. Horietan guztietan, baratzeko elikagaiak edota eskulanak erosteko aukera izan da: babarrunak, gaztak, barazkiak, fruituak, arrautzak, opilak, odolkiak… Pintxoak eta taloak jan nahiz zintzurra sagardoz edo ardoz bustitzeko aukera ere izan da beste postu batzuetan. 10:00etatik 14:00etara bitarte egon dira zabalik frontoiko postuak eta orduak pasa ahala, eguerdia heltzearekin batera, geroz eta jende gehiago hurbildu da Altzora. Arrakasta handia izan du aurten ere Azokak, eta frontoia txiki geratu da.

Datozen egunetan ere, ekitaldi andana ospatuko dira herrian, Olentzerotan Jakin Minez kultur astearen barruan. Gabonak gerturatu ahala, musikaz, politikaz edota hezkuntzaz mintzatu eta gozatu ahal izango dute bertaratzen diren guztiek. Abenduaren 16an, arratsaldeko 20:00etan ospatuko den talo jatearekin amaituko da kultur astea. Hala ere, Olentzerori ongietorria egin aurretik, abenduaren 21ean, San Tomas egunarekin batera, Loatzo musika eskolako ikasleen kontzertua entzuteko aukera izango da, arratsaldeko 18:30ean, Batzarremuñon.

Erlazionatuak

Oparidun astea

Tolosaldeko Ataria 2017 abe 07 Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!