Oparidun astea

Ataria 2017ko abe. 7a, 13:24

Abenduan antolatzen dute Altzon kultur astea, Olentzerotan Jakin Minez izenarekin ezaguna. Igandean egingo duten azoka egunarekin emango diote hasiera ekitaldiz beteriko asteari.

Altzoko kultur eskaintzak indarra hartzen du abenduaren erdialdera, eta aurten, XXI.ez, berriro ere ekitaldi sorta prestatu dute herriko Kultura Batzordekoek Olentzerotan Jakin Minez egitasmorako. Argazki rallyarekin hasi ziren eta datorren astebetean hainbat ekitaldi izango dira, igandeko azokarekin hasita.

Guztira 35 postu inguru izango dira bigarren azoka egunean, horietatik 12 herrikoak. «Iazko arrakastaren ondoren, berriz antolatzea pentsatu dugu», esan du Lurdes Murua zinegotziak. «Saltzaileak gustura geratu ziren eta aurten postu berriak izango dira. Arrakasta berdina izanez gero aurrerantzean ere antolatzen jarraituko dugu». Elikagaiak eta eskulanak erosi ahalko dira azokan, eta hainbat postu ere izango dira bertan zerbait jan eta edateko.

Beste egunetan hitzaldiak eta emanaldiak tartekatuko dira, eta ohiko talo jatearekin emango zaio amaiera asteari.

 

OLENTZEROTAN JAKIN MINEZ

Abenduak 10, igandea

10:00-14:00. Azoka Eguna. Bigarren aldiz egingo da herriko plazan, 10:00-14:00 bitartean. Eguraldi euritsua egokituz gero, frontoian izango da. Produktu ugari bertaratuko da, hara nola, babarrunak, azak, porruak, gaztak, jogurtak, sagarrak, intxaurrak, arrautzak, eztia, opilak, gozokiak, ogiak, taloak, odolkiak, mondejuak, txorizoak, sagardoa... baita, artisautzako lanak, makilak, xaboiak, ukenduak, belarrak... eta abar.

Abenduak 12, asteartea

19:00. Kataluniara begira, hitzaldia.

Estitxu Eizagirre (Argia astekariko zuzendaria) eta Martxelo Otamendi (Berria egunkariko zuzendaria). Batzarremuñon. Ondorenean mokadutxo bat ahoratzeko aukera izango da. 

Abenduak 14, osteguna

19:00. Hitzaldia. Anizeto Olano 'Migel Altzo': Euskal eskola, gerrak zapuztutako ametsa. Onintza Odriozola Irizarrek Hizkuntza eta hezkuntza: Migel Altzo eta gerraurreko hezkuntza elebiduna lanaz mintzatuko da. Udaletxeko ekintza eta batzar aretoan.

Abenduak 15, ostirala

22:00. 2 poliedro taldearen kontzertua. Musikariak: Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarena. Batzarremuñon.

Abenduak 16, larunbata

16:00. Eguberrietako apaingarriak egiteko familia tailerra. Udaletxe azpiko lokalean.

19:00. Autobiographikal. Poesiaz gozatzeko beste modu bat hautatu dute Ane Zubeldiak eta Eider Perezek: jendaurrean antzerkitzea. Mundu guztiko emakume poeta ezagun eta ez hain ezagunen olerkiak hartu, antzeztu eta haiekin esperimentatu egiten dute. Batzarremuñon.

20:00. Talo jatea. Umeak eta gaztetxoak afalduko dute lehenik eta 21:00etan, gazteak eta helduak. Menua: Taloa, hirugiharra, txorizoa, gazta eta gaztainak. Elordi elkartean.

Abenduak 21, osteguna

18:30. Musika emanaldia. Loatzo musika eskolako ikasleek eskainiko dute musika ikuskizuna. Batzarremuñon.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!