San Inazio Jaiak 2016

Altzotarren egunik berezienak, iristear

Iñigo Otaegi 2016ko uzt. 27a, 10:30

Etzi hasiko dira lau eguneko jaiak Altzon, eta abuztuaren 1a izango da azken eguna. Alabaina, pasa den larunbaterako jai giroa piztu zen herrian, zenbait ekimen tarteko. Ibarrako San Inazio auzoan ere festak izango dituzte, asteburu osoan.

Txupina igandean aireratuko den arren Altzon, dagoeneko motorrak berotuta dituzte herritarrek; igaro den larunbatean, zenbait ekitaldi izan baitziren. 2014-2015 aldizkariaren aurkezpenaz gain, frontoi zaharreko pilotako finalerdiak jokatu ziren. Gauean, berriz, mahaiaren bueltan bildu ziren altzotarrak, herri afaria tarteko; segidan, tokan proban aritu ziren.

Hasiera ofiziala, ordea, ostiralean izango da. Festarako irrikak aseko dituzte altzotarrek, izan ere, lehen egunetik, festa giro ederra sortuko da, Mikel Artola eta Haritz Mujikaren bertsoak eta trikitia tarteko. Herri afarian sabelak berdindu ostean, kontzertu gaua izango da; Skakeitan, Eta abar kolektiboa eta DJ Pintxitos pasako dira Altzoko oholtzatik.

Larunbatean zehar, txarangaren doinuak nagusituko dira herriko kaleetan barna. Arratsean, aldiz, sagardoa dastatzeko abagunea izango dute herritarrek.

Santuaren eguna, merezi gisakoa antolatu dute. Goizean, erlojuaren aurkako txirrindulari proba izango da; eta arratsaldean, aizkolari ezagunak ariko dira nor baino nor. Eguzkia joan ahala, azken hogeita hamalau urtetan huts egin ez duen bertso jaialdia eta Trikidantz taldearen emanaldia izango dira.

Festen apurrak, ez dira nolanahikoak izango. Esaterako, frontoi zaharreko pilota partidak, eta mus txapelketa izango dira, arratsaldean. Bukatzeko, dantza egiteko parada izango da.

Altzon soilik ez, Ibarrako San Inazio auzoan ere, santu entzutetsua ate joka dabil. Bi eguneko jaiak izango dituzte, larunbatetik igandera; gainera, ekintza andana antolatu dituzte.

 

Dantza ikuskizunak, barra-barra

Altzotarren begien gozamenerako, dantza emanaldi ugari izango dira San Inazio jaietan, egunero.

Lehen egunetik hasita, Artea dantza taldeko haurrek kriskitin hotsekin alaituko dute ikusleen aldartea. Uztailaren 30ean, berriz, bertsoa eta dantza uztartzen dituen Errimak Oinetan emanaldia eskainiko da. Igandean, usadioei bizkarrik eman gabe, soka dantza egingo dute dantzariek. Festen hondarrean, Artea eta Alurr dantza taldeen emankizunak izango dira, jaiak merezi gisan amaitzeko.

Dantza ikusteko soilik ez, egiteko ere izango da paradarik. Izan ere, estilo ezberdinetako taldeekin dantzaldiak izango dira; beste batzuen artean, Skakeitan, Zesuma edota Trikidantz.

 

Ostiralean, Gazte Eguna

Ostiralean, uztailak 29, Gazte Eguna izango da Altzon, Otsabiope Gaztetxeak antolatuta. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 10:30ean, ezagutza jolasak eta sentipen tailerra izango dira. 12:00etan, zumba tailerra izango da, eta 13:00etan poteoa egingo dute herrian. 14:00etan, elkarrekin bazkalduko dute, eta arratsaldean jolasak egingo dituzte, trikiti doinuek alaituta.

Gauean, kontzertuak izango dira: Skakeitan, Eta abar kolektiboa eta DJ Pintxitos taldeek joko dute. 

 

ALTZOKO SAN INAZIO JAIAK

Uztailak 29, ostirala

18:00. Jaien hasiera.

18:30. Artea dantza taldeko haurren emanaldia.

19:30. Bertso-triki poteoa, herriko trikitilariak eta Mikel Artola eta Haritz Mujika bertsolariekin.

20:45. Presoen eskubideen aldeko kontzentrazioa.

21:00. Lur Lan basatxerri eta bertako produktuekin, herri afaria.

00:00. Kontzertuak: Skakeitan, Eta abar kolektiboa, eta DJ Pintxitos.

 

Uztailak 30, larunbata

Egunean zehar. Iraunkorrak txaranga.

12:00. Paella prestaketa.

Ondoren. Bazkaria.

15:30. Plater hausketa.

18:30. Errimak Oinetan, dantza-bertso ikuskizuna.

21:00. Sagardo dastaketa.

23:00. Dantzaldia Zesuma taldearekin.

Jarraian. San Inazio eresia.

 

Uztailak 31, igandea

9:00. Goiz eresia.

10:00. Meza nagusia.

Ondoren. Erretirodunen hamaiketakoa. 

11:00. Erlojuaren aurkako afizionatu mailako txirrindulari lasterketa, 25. urteurrena.

12:00. Txakolin dastaketa.

18:00. Aizkolarien proba: Mikel Larrañaga eta Leire Astiasaran, Joseba Otaegi eta Itxaso Onsalo.

19:00. Soka dantza.

20:00. La Jodedera taldearen kontzertua.

22:30. Bertso jaialdia: Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Aitor Mendiluze, Igor Elortza eta Angel Mari Peñagarikano. Gai-jartzailea: Manu Olano.

Segidan. Trikidantz taldearekin emanaldia.

 

Abuztuak 1, astelehena

11:00. Gorriti eta bere animaliak.

Ondoren. Haurren hamaiketakoa. 

16:30. Apar festa.

18:00. Frontoi zaharreko pilota partidak, finalak.

19:00. Mus Txapelketa, Elordi elkartean.

21:00. Zahagi ardoa.

22:30. Dantza emanaldia: Artea eta Alurr dantza taldeak.

00:00. Dantzaldia Fan&Go taldearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!