San Inazio Jaiak 2016

Altzotarrak festa irrikitan

Altzoko jaiak datorren ostiralean hasiko badira ere, girotze ekitaldi frango izan genituen herrian atzo: Altzo 2014-2015 aldizkariaren aurkezpena, Altzoko jaien bideo eta argazki bildumaren proiekzioa, XX. Frontoi Zaharreko txapelketako final-erdiak, herri-afaria eta toka txapelketa.

Altzo 2015-2016 aldizkariaren aurkezpena

Sortu berria zen Kultura Batzordeak 1998an argitaratu zuen herriko lehen urtekaria: Altzo 1997. Harrez gero, ia urtero argitaratu da aurreko urteko gertaerak, herriko hainbat pertsonaien inguruko artikulu eta beste hainbat jakingarri jasotzen dituen aldizkaria, urtekaria deitzen dioguna. Joan den urteko txakaladia gaindituta, Altzo 2014-2015 argitaratu da aurten eta atzo izan zen bere aurkezpena Udaletxeko areto nagusian. Aretoa bete-bete egin zen Antton Iztueta, Ohiane Artola eta Lurdes Murua Kultur Batzordekideen argibideak entzutera; Altzoko Gazte Asanblada, Imaz Bertsolaria Eskola eta beste 17 sinadurek ondutako lanak jasotzen ditu 84 orrialdeko aldizkariak. Aurkezpenaren amaieran ale bana eman zitzaien hara bilduei.

Aurkezpena amaituta, Altzoko jaietan jasotako bideo eta argazki muntai bat proiektatu zen. Antton Iztuetak prestatu du muntaia hainbat herritarrek eta Anttonek berak jasoak zituzten urtetako bideo eta argazkitan oinarrituta. Ordu erdi pasako emankizuna izan zen, ondo antolatua eta gustura ikusi genuena.

XX. Frontoi Zaharreko Txapelketa: final-erdiak

Aurretik esandako hori dena gertatzen ari zen bitartean, frontoi zaharrean jokatzen ari ziren partidetako pilota-hotsak heltzen ziren Udaletxera; 17:00etan hasteko ziren partidek, eguraldia medio, 19:00etara atzeratu behar izan zuten lehen pilotakada.  21:30ak arte luzatu ziren jokoak eta erabakita geratu ziren abuztuaren 1ean jokatuko diren bat ez beste final guztiak:

Txkienetan: Saioa Goitia-Mikel Iturrioz sailkatu dira 16-11 irabazita Araitz Astrain-Mikel Olanori; maila honetako finalerako beste bikotea Unax Artetxe-Markel Lizarribar eta Eñaut Elduaien-Harkaitz Muruaren artekotik aterako da.

Gaztetxoetan: Eneritz Agirre-Amets Uzkudunek eta Ainhoa Ugartemendia-Haritz Estebanek jokatuko dute. Atzo, lehenek 18-5 irabazi zieten Ander Murua-Iraitz Lizarribarri, eta bigarrenek 18-14 Mauro Bach-Jokin Olanori.

Nagusietan: Ander Azurza-Mikel Artolak eta Pello Olano-Mikel Goitiak jokatuko dute finala. Lehenek 22-16 irabazi zieten Xabier Murua-Unai Mujikari (azken bi urtetan txapeldun izan dugu Unai) eta bigarrenek 22-20 Iker eta Ander Zubeldia anaiei.

Bukatzeko, herri afaria (zahagi-ardoa) eta toka txapelketa

Festen atarikoa bukatzeko ziento bat herritar elkartu ginen geure otarteko edo kazuela mahai inguruan, herriko plazan bertan. Antolatzailek jarritako sagardoa eta ardoa aukeran, lasai egon ginen jan, edan eta kontu-kontari. Barruak aseta, ez ziren gutxi izan tokan punteria frogatzea ausartu zirenak; dena esate aldera hiruzpalau apartatuta, trebezia eskasa erakutsi genuen. Irabazlea erabakitzea ordea, latz kosta zen: bost aldiz saiatu behar izan zuten berdinketa hasuten Juan Inazio Aizpitarte eta Iñigo Bachek, eta honek irabazi zuen azkenean. Juan Inazio izan zen irabazle morala (lehen tiraldian berak jo zuen burdin xafla gehinetan), baina Iñigok eraman zituen lehen saria, loreak eta muxuak.

Baina ez zen hor bukatu festa, dexente luzatu zuen zenbaitek. Festa irrikitan gaude altzotarrak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!