Ataria TB

Ostegunean aurkeztuko dute Alkizako Eskola Txikien Festako logoa

Ataria 2026ko abuztuaren 31

Herritarren artean aukeratu dute 2027ko festaren logoa. Alkizako eskolako umeen marrazkiak izan dituzte oinarri.

Ostegunean abiatuko dira Alkizako jaiak, eta egitarauaren barruan, festetako txupinazoaren aurretik, 2027ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festako logoa aurkeztuko dute. 19:00etan egingo dute ekitaldia.

Parte hartze prozesu baten bidez aukeratu dute logoa. Alkizako eskolako umeek euren ekarpena egin dute, eta 1999an herrian antolatu zuten festako logoaren berrirakurketa egin dute. Orduko hartan, Juan Luis Goenaga herritarrak diseinatu zuen oilarra oinarri duen marrazkia, eta gerora Alkizako eskolak bere irudi bezala erabili du.

Eskolako umeek egindako marrazkiak oinarri hartuta, Aitor Irulegi eta Elena Cajaraville herriko artistek landu dituzte logo proposamenak. Hiru prestatu dituzte eta haien artean gustukoenaren alde botoa emateko aukera izan dute herritarrek. Hautatutako logoa ostegunean emango dute ezagutzera.

Prozesu osoaren jarraipena egin du Unai Sorrarain herriko bideogileak, eta ikus-entzunezko batean jaso du. Eskola Txikien Festako antolatzaileek dagoeneko jarri dute bideoa ikusgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!