elkarrizketa

«Zerbitzua eman edo ez erabakitzeko ezin dituzte irizpide komertzial hutsak erabili»

Ataria 2024ko mar. 20a, 07:58

Joan den abendutik kutxazain berria dute Alkizan eta Inaki Irazabalbeitia Fernandez (Donostia, 1957) alkatea kontentu dago orain jasotzen duten zerbitzuarekin. Bere garaian herritarrek egindako presioaren ondorioz lortu dute kutxazain zerbitzua herrian mantentzea.

Kutxazaina duzue Alkizan. Noiztik?

Ez dakit zehatz mehatz esaten, baina 2000. urtearen bueltan jarri zuten, udaletxearen azpialdean. Buzoien ondoan lokal bat laga zitzaion Kutxabanki kutxazaina jartzeko eta hor egon da ordutik, nik uste, zerbitzu on bat ematen. Herritarrek estimatzen dute, batez ere, parez pare ostatua dagoelako.

Herrian beharra dagoela diozue.

Bai. Hemen badabiltza bisitariak. Guk hemen baditugu txakolindegia, ostatua, nekazal turismoa, Fagus Alkiza, Ur mara eta joan etorrian jendea dabil. Mugimendu bat badago, ez bakarrik bertako jendearena.

Zein erabiltzaile gerturatzen dira kutxazainera?

Denetarik ibiltzen dela esango nuke, herriko gazteak ere bai. Ez bakarrik ostatuan kontsumitu behar dutelako, hemen inguruan ibili eta norabait doazenean poltsikoan dirua eraman nahi dutenean, abiatu aurretik kutxazainetik pasatzen dira.

Kutxabankek aurreko legealdian kutxazaina kentzeko aukera planteatu zuen. Zein argudio eman zizkizueten?

Ni alkate sartu berritan jo zuten alarma 2019an, baina ordurako udalean jasoa zuten abisua. Erabilera handirik ez zuela esaten ziguten, beti ere, euren estandarren arabera, eta horregatik esan ziguten kentzeko asmoa zutela. Hori entzundakoan asko larritu nintzen. Aurreko udal taldekoak etsita bezala ikusi nituen baina nik gaiari heldu nahi izan nion. Alkate berriei Kutxabankeko gestoreek egiten diguten kortesiazko bisita horietako batean nire iritzia adierazi nion: beharrezkoa genuela kutxazaina herrian, eta gainera, Kutxabank gipuzkoar guztien diruarekin sortutako enpresa izanik, ezin zituztela irizpide komertzial hutsak erabili zerbitzu bat eman edo ez eman erabakitzeko.

Udal gisa beste pausorik eman al zenuten erabaki hori atzera botatzeko?

Egia da Alkizako kutxazaina zaharkituta zegoela eta jende askok erabiltzeari utzi ziola txartela irentsiko zionaren beldurrez. Udaletik kanpaina txiki bat egin genuen herrian, bando bat atera eta jendeari deialdia luzatu genion kutxazaina erabili zezan. Gaiaren inguruan hitz egin nuen inguruko herrietako alkateekin eta mugimendu txiki bat abiatu genuen. Iaz Kutxabankeko gestore berria etorri zitzaigun esanez euren asmoa zela landa eremuko herri txikietako kutxazainak aldatzea. Ez dakit aurretik buila pixka bat sortu genuelako edo zergatik izango zen, baina Alkizatik hasteko asmoa zutela esan zigun. Joan den abenduan kutxazain berria jarri ziguten, modernoagoa, funtzionalitate eta segurtasun handiagokoa. Berri-berria ez, bigarren eskukoa da, baina lehen genuena baino dezente egokiagoa.

Landa eremuan kutxazainak jartzeko laguntzak emango zituela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak otsailean. Tartean aipatzen zuten Alkiza. Berririk baduzue?

Prentsan irakurritakoa besterik ez dakit. Buletinetan ez da agertu laguntza emateko deialdirik. Gauza kuriosoa gertatu zen: albiste hori agertu zen astearen hasieran Gipuzkoako Foru Aldunditik mezu bat idatzi ziguten, presaz, herriko kutxazainen inguruko informazioa eman geniezaien. Erantzun genien, eta Ataria.eus-eko esteka bidali genien ikusi zezaten nola inauguratu genuen kutxazain berria pare bat hilabete lehenago. Handik bi-hiru egunetara albistea prentsan ikusita oso argigarria egin zitzaidan guztia. Hauteskunde deialdia egin baina egun batzuk lehenago, kanpaina luze horren testuinguruan kokatu nuen notizia.

Egokiak iruditzen al zaizkizu gisa horretako laguntzak?

Uste dut ez dela hori bide zuzena, eta albiste hori argitara ematea adar jotze bat dela iruditzen zait. Berriki irakurri dugu bankuek urtean zenbateko irabaziak izaten dituzten. Haientzat kutxazain bat jartzea ez da ikusgarrizko gastua, beraz, ez dut uste erakunde publikoetatik hori finantzatu beharko litzatekeenik. Instituzioen zeregina presioa egitea da; eragin beharko lukete Gipuzkoako herritarren ekarpenekin sortu zen enpresa batek, Gipuzkoako herritarrei zerbitzu egoki bat eskaini diezaien. Herri handiagoetako bulegoetan murrizketarik ez egiteko eta gurea bezalako landa eremuko herrietan kutxazain zerbitzua mantentzeko. Ez ibili laguntzak partitzen makinak berritu ditzaten. 

Zein da landa eremuko udalerri bezala egiten duzuen eskakizuna?

Gu konforme gaude zerbitzuarekin. Guretzat kosturik ez dauka, tokia utzi diogu Kutxabanki kutxazaina jarri dezan eta makinak behar duen argindarra udalak ordaintzen du; eta udaletxeko kontsumoen artean beste bat gehiago denez, ez dio udalari aparteko gasturik suposatzen. Gainera jarri berri diguten makina berri honek ez bakarrik eskudirua ateratzeko, beste hainbat eragiketa finantzario egiteko aukera ere ematen digu. Zerbitzua jasotzen dugu eta neurri batean borroka eginez eta mugimendua sortuaz lortu dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!