Harituz 10 urte

Bertso jarri musikatuen emanaldi arrakastatsua, Harituzen 10. urteurrenean

Ataria 2023ko martxoaren 22a

Tolosaldeko Harituz Bertsozale Taldeak ekitaldi sorta antolatu du 2023rako, 10. urteurrena borobiltzeko, 10 urte hamaika bertso izenburupean; pasa den ostiralean, bertso jarri musikatuen emanaldia izan zen Alkizan, Unai Mendizabalek gidatuta.

Belaunaldi desberdinetako bertsolariek jarritako 12 sorta kantatu zituzten joan den larunbatean, gehienak berariaz okasiorako jarriak. Bertso jarri musikatuen ekitaldiak urteetako bidea egin du Tolosaldean Harituzen eskutik, urtero herri desberdinetan, eta oso harrera beroa izaten du. Bertso eskolako edo eskualdeko bertsolariek ez ezik, bestelako bertsozaleek ere kantatzen dituzte beren sortak.

Bat-bateko saioa ere bai
Bertso jarri musikatuen emanaldia izan arren, aurten Harituzek bat-bateko saiotxo bat egiteko tartea eman dio ekitaldiari. Harituzeko gazteak kanturako gogoz agertu ziren eta musikaz lagundutako saio ederra eskaini zion publikoari.

Amaia Agirre eta bere alaba Jarek elkarri puntuak jarrita osatu zuten sorta.

Anjel Mari Peñagarikanok ere kantatu zituen bertso jarriak.

Harituz Eguna maiatzean eta beste hainbat ekitaldi
Hamar urte Hamaika bertso ekimenaren baitan, Harituzek beste hainbat ekitaldi egingo ditu urtean zehar: bertso-eskoletako umeen asteburu pasa, Harituz Eguna maiatzaren 27an, Joseba Tapiaren emanaldia Tximela kapitainaren izarrak ekainaren 9an Amasa-Villabonan, Pello Errota Sariketa irailetik azarora, Harituz bertso jaialdia azaroan eta Gure Bertso Zirkua haur eta helduentzat abenduan eta (H)ari naizela-ren 300. irratsaioa, urte amaieran.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!