Harituz Tolosaldeko bertsozale taldeak 10 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko ekitaldiak iragarri ditu 10 urte, hamaika bertso lelopean. Unai Gaztelumendik sortu du urteurrena ospatzeko erabiliko duten logoa eta hamar urteotan egin diren hamaika bertso saio, hamaika bertso eskola, hamaika lan eta momentu eder irudikatzeko balioko du. "Muin-muinean horretarako sortu zen Harituz, lagunartean bertsoaz goatzeko eta bertsozalea lagun bihurtzeko", esan du Unai Mendizabal Harituzeko kideak eta nabarmendu du bertso eskola baino gehiago bertso kuadrilla dela taldearen inguruan bildu dena, "nahi duenarentzat ateak zabalik dituen kuadrilla".
Ziklo bat bete dutenaren irudipena dutela esan dute Harituz elkarguneko kideek. "Seinalerik onena horixe da: lehen ikasle ziren horiek antolakuntzan sartzeko adinean daudela eta badabiltza gaur egun antolakuntzan", adierazi du Mendizabalek. "Bide honen parte izan garen guztiok badugu zer ospatua, bejondeigula beraz".
Urteurrena iragartzeko agerraldian parte hartu dute, hain zuzen, Harituzen bueltan dabiltzan belaunaldi ezberdinetako bertsolariek. Iare Agirre bertsotan hasi berria den gaztetxoak horrela eskertu nahi izan du bertsozale taldearen urtemuga: "Bide berriak argituz / guztion kabi izatearren/ mila esker Harituz". Beñat Zeberio gazteak ere etorkizuna irudikatu du agerraldian: "Hamar urtetan amesten / ta hamaika bertso jezten / ea hamaika urtera iritsi / eta ez den jaisten". Jexux Mari Irazuk ere belaunaldien arteko hariari egin dio erreferentzia: "gaztetxo, gazte eta ez hain gazteak / eta noizbait gazte izanak/ bertsolaritzaren korapiloak / aska gaitzala denak".
Proiektuaren lau oinak
Mendizabalek Harituzek hamar urteotan eman dituen aurrera urratsak laburbildu ditu urteurrena aurkezteko ekitaldian. Azpimarratu du aurrera urrats garrantzitsua eman dela urteotan bertso eskolei dagokionez. "Ez da neurgailu bakarra baina bai esanguratsuenetako bat", esan du Harituzeko kideak. "2013an ez zegoen eskolarteko bertsolari txapelketan parte hartuko zuen Tolosaldeko bertsolari gazterik. Aurten, zazpi izango dira eskualdetik joango direnak, eta gainera, Tolosaldetik kanpoko zenbait bertsolari gaztek ere habiatzat hartu dute Harituzen bertso eskola".
Duela hamar urte eskualdeko bertso saio kopurua "konforme xamar egoteko modukoa" zela aipatu dute bertsozale taldeko kideek, baina aitortu dute hutsunean jarri zutela begia eta ahalegina, eta horren ondorioz ugaritu egin direla saioak azken hamarkadan. Askotariko saioak aipatu ditu Mendizabalek: bertso jarrien afaria, Pello Errota sariketa, Fernando Amezketarraren urteurrena, Pello Mari Otaño bertso paper lehiaketa, Jun ta bota bertso pote inprobisatua eta Harituz Tolosaldeko Herriarteko txapelketa.
Bilketa, hedapena eta ikerketa izan dira Harituzek hamar urteotan izan duen beste oinarrietako bat. "Esker txarreko lana da bilketarena, gordetzearena, bertsoa haizeak eramatea galaraztearena", esan du Mendizabalek. Urte hauetan, lan hori esker onekoa bihurtu dela uste dute Harituzeko kideek, besteak beste, TOLOSALDEKO ATARIAren eta Bertsozale elkartearen lankidetzari esker. Aurtengo urte amaieran egingo du 300. alea Imanol Artola Felix-ek gidatzen duen (H)ari naizela irratsaioak. Zenbaki biribil hori modu berezian ospatzeko asmoa dute bertsozale taldeko kideek.
Harituzen laugarren oina, alboan izan dituen bidelagunek osatzen dutela aipatu du Mendizabalek. ATARIArekin batera, Zizurkilgo Teodoro Hernandorena kultur elkartea, eskualdeko udalak eta lehendik bertsolaritzaren inguruko ekitaldien antolakuntzan aritzen ziren taldeak aipatu ditu. Lagun horiekin guztiekin eta gerturatzen diren gainerakoekin ospatu nahi du Harituzek 10. urteurrena. Antolatuko dituzten ekitaldien artean aipatu dituzte Amezketan aurki egingo dute Gelatik plazara ekimena edota martxoan egingo duten bertso jarrien afaria. Aurrerago, bertso eskoletako umeen asteburu pasa eta Harituz eguna ere egingo dituzte, eta emanaldi berezi bat ere iragarri dute Villabonako Aljibean. Joseba Tapiak Tximela kapitainaren izarrak diskoan jasotakoak eskainiko ditu kontzertu horretan.
Aurrerago zehaztuko dituzten arren, uda ondorenerako, Pello Errota sariketa, Villabonako Gurean egin asmo duten bertso jaialdi bat eta haur nahiz helduentzako antolatutako Gure Bertso Zirkua saioak aipatu dituzte. Eskualdeko bertsozaleak ekimen hauetan espero dituzte eta haientzako izan dira agerraldiko azken hitzak: "Eskerrak eman behar dizkiegu Harituzen borondatez lanean aritzen diren guztiei, hastapenean lagundu zigutenei eta beti alboan izan zaituztegunoi. Orain goza dezagun denok ekitaldi guzti hauekin".