«Dimentsio osoa irudikatu nahi dut argazkiekin»

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 16a, 07:59
Idoia Unzurrunzaga Llach. JON MIRANDA

Alkizako Sormenaren Kabia bekaren saridunetako bat da Idoia Unzurrunzaga Llach argazkilari donostiarra. Hiru aste eman ditu sorkuntza lanean eta alkizarren eskutik ezagutu ditu herriko parajeak. Jasotako materialarekin egindako 'tour' birtualak erakutsiko ditu abenduan.

Gaika antolatu ohi du bere sormen lana Idoia Unzurrunzaga Llachek (Donostia, 1968), baina beti espazioaren inguruan gogoeta eginez. «Ideia, estetika eta teknika», hiru ardatz horietan oinarritzen ditu bere lanak, argazkilaritzak ematen dituen aukerak azkeneraino esploratuz.

Alkizan egindako egonaldiaz zein balorazio egiten duzu?

Hiru aste eman ditut eta oso esperientzia polita izan da. Alkizan instalatu naiz eta erabat murgilduta nago bertako erritmoan, soinuetan, hemengo tenpoan.

Zein izan da argazkilaritzaren munduan orain arte egin duzun ibilbidea?

20 urte baino gehiago daramatzat argazkilari bezala. Arte Ederretan lizentziatua naiz eta lan profesionala eta pertsonala bereizten ditut. Profesionalki arkitektura arloa landu dut gehienbat eta arte munduko lanak egiten ditut, katalogoak, obren erreprodukzioak, erakusketen erreportajeak.... Lan pertsonaletan natura izan dut beti erreferente. Lan esperimentalak egin ditut arlo teknikoan eta formalean. Bioformismoa, abstrakzioa eta horrelako alorrak ukitu ditut eta orain errealitate birtualean nabil murgilduta. Argazkilaritzan hainbat aukera daude eta aukera horiek probatzea gustatzen zait.

Zer iruditzen zaizu Sormenaren Kabia bezalako proiektuek ematen duten aukera?

Nire lan profesionalari denbora gehiago dedikatzen diot, baina izaten dira lan pertsonalak egiteko tarte zabalagoak ere eta Sormenaren Kabia bezalako ekimenek horretarako arnasa ematen didate. Lagun batek eman zidan bekaren honen berri eta aukera interesgarria iruditu zitzaidan sorkuntza proiektu bat garatzeko. Aukera zoragarria da. Gipuzkoan 89 herri daude eta denek Alkizaren berdina egingo balute, pentsa zenbat proiektu interesgarri aterako liratekeen.

Zein da egonaldirako aurkeztu duzun proiektua?

Fagus Alkizak natura, gizakia eta kultura ditu ardatz eta gai horien bueltako proiektu bat aurkezteko eskatzen dute antolatzaileek. Ni hiritarra naiz eta nire egunerokotasunetik kanpora, eremu naturalean murgiltzeko esperientzia inmertsiboak bultzatuko dituen behaketek eragin ditzaketen hausnarketek asko motibatzen naute. Beraz, nik proposatu dudana izan da ibilaldi batzuen bitartez Alkizako bost auzoetako paisaia irudikatzea: San Martin, Arana, Sakamidra, Hernio, Aldapa eta Azaldegi. Lan hori ez dut nik bakarrik egin, bertako herritarren bitartez baizik, haiek izan dira Alkiza erakutsi didatenak. Gidari lanak egin dizkidate. Hemen natur eremu batean gaude, dena da ederra eta ni bakarrik joan nintekeen eta argazkiak atera, baina harago joan nahi nuen. Hemengo egoera eta espazioak bertakoen bitartez ezagutu nahi izan ditut. Jende irekia da eta eskuzabalak dira alkizarrak, asko eskertzen diet egin didaten harrera.

Ateratako argazkiek zein ezaugarri dute?

Hemengo herritarrek, noski, ingurunearekin harremana dute eta lursailak dituzte horietako askok. Gazteak eta helduak aritu zaizkit paisaiak erakusten. Detaileetan ez dut begirada jarri, larre edo baso espazioa erretratatzen saiatu naiz, espazioa irudikatzen, orokorrean. 360 graduko argazkiak egiten ari naiz, gero birtualitate batean bukatuko dutenak. Espazioaren osotasuna azaldu nahi dut argazkiekin, dimentsio osoa irudikatu. Aldi berean hemengo soinuak erregistratzen ari naiz: uraren jarioa, hostoen mugimendua, txoriak, behiak... Guztia irudikatu nahi nuen jendea murgildu dadin paisaia honetan. Gero modu honetara egindako argazkiek aukera asko ematen dute. Egin daitezke ibilaldi birtualak edo giroskopioarekin errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz zerbait muntatu. Prozesu horretan nabil orain. Aukerak badaude eta teknologia honek murgiltze horretan laguntzen gaitu.

Zer moduzko giroa izan duzu Alkizan argazkiak ateratzerako garaian?

Denetarik tokatu zait eta argazkiak horrelakoak dira. Zerua urdin-urdin agertzen da batzuetan, bestetan lainotuta, euria ere izan dugu. Orokorrean giro lainotsua izan dugu eta niri argi hori asko gustatzen zait argazkietarako. Ez dit eguraldiak baldintzatu. Ez gaude promozio turistikoa egiten. Egokitu egin naiz egoerara eta momentuan zegoen girora. Bide batez, egonaldi artistikoa udazkenean egiteko aukera ematen digute. Baso izugarriak daude Alkizan eta hemen aurkitzen ditugu pagoak, haritzak, urkiak, lizarrak, gorostia, fruta arbolak. Horietako zuhaitz batzuei hostoen kolorea aldatzen ari zaie orain eta zoragarri dago paisaia.

Noiz ikusi ahal izango dugu emaitza?

Post-produkzio fasean nago eta badaukat nahikoa material konbinaketak egin eta soinuak integratzeko edo beharrezkoa bada testuren bat txertatzeko. Argazkilaritzan ibilbide birtuala deitzen zaio lanketa mota honi. Aspalditik lantzen dudan materiala da eta badirudi orain hasi dela ezagunagoa egiten. Kasu honetan loturak egongo dira, interaktiboa izango da eta Alkizan auzoak bailaraka kokatuta daudenez agian mapa baten gainean irudikatuko dut guztia, norberak erabaki dezan nora joan nahi duen. Artistikoa baino, lan teknikoa da gehiago. Nik eta nirekin batera aukeratua izan den Maria Andres dantzariak gure proiektuen emaitzak erakutsiko ditugu abenduan. Gure sormen lana jarraitzen ari da Unai Sorrarain herritarra eta berak sortutako ikus-entzunezkoa ere orduan emango da ezagutzera.

Umeekin tailer bat egiteko aukera ere izan duzu egonaldi honetan.

Bai, dozena bat umerekin egindako tailerra izan da eta irudi panoramikoak erabiliaz egin diet jolaserako proposamena. Argazki artxiboak kartoi paperean inprimatu ditugu rombikuboctaedro forma geometrikoa duen objektua lortu ahal izateko. Paisaiaren osotasuna biltzeko modu bat da forma hori.

Erlazionatuak

Kobazulora, auzolanean

Irati Saizar Artola 2020 urr 16 Alkiza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!