Kobazulora, auzolanean

Irati Saizar Artola 2020ko urr. 16a, 07:58
Alkizan dagoen Olatzazpiko koba. IDOIA UNZURRUNZAGA

Alkizako urriko kultur ekintzen barruan, Olatzazpiko koba txukundu nahi da auzolanean; bihar goizean jarrita zegoen hitzordua, baina eguraldiaren eraginez, «kobara iristeko bidea lokazturik egonik» momentuz data berririk gabe atzeratu behar izan dute ekimena.

Ia mende bat atzera eginda, giza hezur batzuk eta eskuz egindako zeramikazko ontzi bat aurkitu zituen Tolosako mediku batek Alkizako Olatzazpiko kobazuloan. Bihar bertan, goizean, kobazulo hori txukuntzeko auzolana prest zegoen. Asmoa Aranzadi zientzia elkarteko Jesus Tapia arkeologoak lanak gidatzea zen. Hitzordua, momentuz, datarik gabe atzeratu bada ere, bertaratu nahi duenak, izena eman beharko du kultura@alkiza.eus helbidean edo WhatsAppez 688 60 44 66 telefono zenbakian.

Badu historia kobazulo horrek. Aipatu bezala, eta Tapia arkeologoak kontatu duenez, duela ia 100 urte Tolosako mediku batek esplorazio bat egin zuen bere kabuz. «Giza hezur batzuk, zeramikazko ontzi bat eta basurdearen letaginarekin egindako ezpata txiki bat atera zituen». Handik denbora tarte batera, Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran eta Enrike Eguren arkeologoak kontaktuan jarri ziren medikuarekin, eta hark materiala erakustean bigarren esplorazio bat egin zutela azaldu du Tapiak, baina gauza gehiagorik ez omen zuten topatu.

Bereziki zeramikazko ontzi hark, bere garaian interesa piztu zuela dio Aranzadiko arkeologoak: «Ondorengo lan batzuetan aipatu izan da ontzi hori; eskuz egina izateko forma polita dauka, linea gozoak ditu, azala leuna eta ondo egosita dago; pieza benetan ikusgarria da». Bertan egindako aurkikuntzak San Telmo museoan egon ziren lehenik, eta egun, Gordailuan daude jasota, Gipuzkoako Foru Aldundiak ondare arkeologikoa zaintzeko duen zentroan.

 

Zaborrez beteta
1982an, lehendabiziko Gipuzkoako Karta Arkeologikoa argitaratu zen, eta bertan arkeologiari zegozkion ordura arteko ezagutza guztiak bildu ziren. Olatzazpiko koban aurkitutakoaren berri ere aipatzen da dokumentu horretan. Aurkikuntza aipatzearekin batera, kobazuloa zaborrez eta animalia hezurrez beteta zegoela ere adierazten zuen dokumentuak. Horrela, 2007 inguruan, Aranzadiko Jesus Tapia eta Imanol Zeberio koba ikuskatzera joan ziren eta «penagarri» aurkitu zutela dio. «Plastikoa, zaborra eta animalien hezur pila bat aurkitu genituen; oso egoera kaxkarrean zegoen».

Iaz, Alkizako Udala Aranzadi zientzia elkartearekin jarri zen harremanetan ondare hori balioan jartzeko zer egin zezaketen galdezka. Tapiak azaldu duenez, berriro joan zen kobara, oraingoan, Tolosako Amarotz taldeko espeleologo batekin, eta lehendik zegoen zaborraz gain, uralita botata zegoela ikusi zuten. Uralita hondakin arriskutsua denez, Alkizako Udalak hartu zuen hura erretiratzeko konpromisoa eta enpresa espezializatu baten laguntzaz egin dute lan hori.

Behin uralita erretiratuta, zaborra ateratzea da orain asmoa. Boluntarioak talde txikietan banatuko dira. Batzuk barrura sartuko dira zaborra poltsetan sartzera. Kobazuloak sarrera estua eta aldapa irristakorra duela aurreratu du Tapiak, beraz, soka baten laguntzaz kanpoaldean egongo den taldeak zabor poltsak aterako ditu. Gero, beste talde batek kobaren sarreratik pistara eramango ditu zabor poltsak bertan sailkatu ditzaten.


Udalak jarriko ditu boluntarioren eskura eskularruak, kaskoak eta sokak. Hala ere, Tapiak deialdia egin du linternaren bat edo etxean duenak eraman dezan. Aurrerago bigarren esplorazio bat egin nahiko luketela adierazi du Aranzadiko arkeologoak: «Barandiaran, Aranzadi eta Egureni agian zerbaitek ihes egingo zien garai hartan eta posible da beste zerbait egotea». Hala ere, lehenik, kobazuloa txukun uztea da asmoa, nahiz eta etorkizunean ezer ez aurkitu, itxurazko toki bat izan dadila Olatzazpiko koba.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!