Erakundeen arteko elkarlana goratu du Diputatuen Kontseiluak

Diputatuak, Alegiako Udaleko ordezkariak eta Intxausti familiako kideak, udaletxearen parean. A. ARROYO

Alegian egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiko asteroko Diputatuen Kontseiluko bilkura ibiltaria. Bileraren ondoren aitortza egin diote herriko Intxausti familiari.

Alegian egin dute Diputatuen Kontseiluko asteroko bilera ibiltaria. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Regina Sorarrain Alegiako alkateak ere bilera egin dute herrian elkarlanean gauzatzen ari diren proiektuen nondik norakoak lantzeko, eta, amaitutakoan, Intxausti sendiaren argazki funtseko zenbait irudi ikusi eta argazkilarien testuingurua ezagutu dute diputatuek senideen eskutik. 

Alegian egin dutena 26. bilkura ibiltaria izan da, eta ekimenaren garrantzia nabarmendu du diputatu nagusiak: «Gipuzkoako Plazatik Gipuzkoako plazetara gerturatuko ginela agindu genuen, eta ahalegin horretan ari gara. Baina ekimen honen ekarpena ez da soilik sinbolikoa, erakundeen arteko elkarlana estutu eta tokian tokiko proiektuak lankidetzan garatzeko oso baliagarria izaten ari baita». Hain zuzen, diputatuen bilera ez ezik, elkarrekin bildu dira goizean Mendoza eta Sorarrain, eta elkarlanean garatzen ari diren herriko proiektuak izan dituzte hizketagai. 

Halaber, egitasmoaren balorazio «oso positiboa» egin du diputatu nagusiak, batetik, elkarlanerako «bide berriak zabaltzea» ahalbidetzen duelako, eta, bestetik, aukera ematen duelako «bertatik bertara» ezagutzeko herrietako egoera zein beharrizanak: «Alegiak erakusten digu herri txikiek zer nolako garrantzia duten gure lurraldean. Ekonomiaren, kulturaren eta komunitate balioen ikuspegitik ekarpen handia egiten diot Gipuzkoari». Eta hari berari tiraka gaineratu du herri txikiengandik «gertu jarraitzeko» eta lurralde orekarekiko «konpromisoan sakontzeko prest» dagoela. 

Zentzu berean, aldundiak herriekin duen keinua goraipatu du Alegiako alkateak: «Gipuzkoa bere txikitasunean anitza eta zabala da, eta horrek aberastu egiten gaitu». Sorarrainen iritziz ekimenak tamaina handia dutenen «parean» jartzen ditu Alegia bezalako herri txikiak: «Eta ez da gaurko kontua bakarrik. Aldundia eta Alegiako Udalaren arteko harremana oso estua da egunerokotasunean, eta behar dugun guztietan entzunak sentitzen gara». Ildo horretan aipatu dituzte, besteak beste, kirol instalazioak berritzeko lanak, Alegiako osasun etxearen zein erretiratuen tabernaren eraberritze obra, eta ibaiaren alboko pasealekuko berritze lanak: «Guztietan hartu du parte aldundiak. Gaurko ekimena ere bada horren isla, eta ez da egun bateko lore».

Aitortza intxaustitarrei

Diputatu Kontseiluaren ondoren, Intxausti familiaren argazki funtseko hainbat irudi bertatik bertara ikusi dituzte foru ordezkariek Alegiako udaletxeko ganbaran, hain zuzen, bertan erakusketa prestatzen ari baitira Ricardo eta German Intxaustiren ondareari buruz. Azalpenak arrebarekin batera eman ditu Rikardo Intxaustik —argazkilarien ondorengoak eta funtsaren dohaintza egin duenak—, eta aurkezpenean izan dira, baita ere, haren izeba Ixiar —Ricardo argazkilariaren arreba— eta beste hainbat senide. 

Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak aitortza egin die intxaustitarrei, zeinak 1913 eta 2003 urteen arteko 200.000 irudi eta argazkigintzarako materiala dohaintzan eman dituzten. Dagoeneko Tolosako Artxiboan dago ondarea, eta zenbait irudik falta duten informazioa osatzeko martxan da Lanean irekita proiektua. Ricardo Intxausti Larraña eta German Intxausti Arregi aita-semeek argazki denda izan zuten Alegian, eta ia mende bateko tartean Tolosaldeko zein Goierriko herrietako eguneroko bizitza, paisaia, arkitektura eta herritarrak jaso zituzten iruditan.

«Gipuzkoak bizi izan duen etengabeko eraldatzearen lekuko da intxaustitarren funtsa, lurraldearen historia eta komunitatearen bizipenak aztertzeko, ulertzeko eta maitatzeko oso baliagarria da», horrela hitz egin du Eider Mendoza diputatu nagusiak ondarearen inguruan, eta erakundearen izenean eskerrak eman dizkie intxaustitarrei: «Zorionak eman behar dizkiegu material guzti hori jasotzeko egindako lanagatik, eta baita eskerrak ere, funtsa gipuzkoar guztien esku uzteko izandako eskuzabaltasunagatik. Eskerrak horregatik, eta, oro har, euren urtetako lan onarekin herri bizitzari eta kultur ondareari egindako ekarpen garrantzitsuagatik». 

Aipatu bezala, Alegiako Udala erakusketa bat prestatzen ari da argazki funtsa eta ondarea herritarren eskura jartzeko, eta aurreikuspenen arabera azaroaren hasieran jarriko dute ikusgai udaletxeko ganbaran.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!