Gaur goizean egin dute Amezketan Lanean irekita proiektuaren lehen lan saioa. Pernando Amezketarra kultur etxean bildu dira hogei herritar inguru, eta Intxaustitarren funtseko irudiak aztertu dituzte, besteak beste, argazkien kokapena, protagonistak eta data identifikatzen saiatzeko. Bertan izan dira artxiboetako arduradunak eta Rikardo Intxausti —argazkilarien ondorengoa— ere.
Iraganean Intxaustitarrek ateratako argazkiak erakusten aritu da ordu eta erdi inguruz Gipuzkoako Artxibo Orokorreko Maider Etxagibel Galdos arduraduna, eta herritarren adierazpenak jaso dituzte irudietako pertsonak, lekuak, eta gutxi gorabeherako datak identifikatu ahala.
Luzerako lana
Ramon Martin Sukia Gipuzkoako Foru Aldundiko artxiboen zerbitzuburuak gogobeteta hitz egin du saioaren inguruan: «Halako zerbait egiten dugun lehen aldia da, eta oso aberasgarria zein interesgarria ari da izaten. Zenbait irudiri buruzko informazioa falta zaigu, eta herritarren oroitzapenetatik ari gara jasotzen». Gaur goizekoa saio pilotua izan dela azaldu du, eta bigarren bat egiteko asmoa ere aurreratu du.
«Bi lan lerro ari gara lantzen aldi berean, batetik, milaka eta milaka irudi ditugu digitalizatzeko; eta, bestetik, horiek ondo artxibatzeko informazioa ere bildu behar da», horrela hitz egin du artxiboen zerbitzuburuak, eta gaineratu du «hamarkada inguruko» lana dutela aurretik: «Milaka argazki dira, eta lehenbailehen bildu behar dugu herritarren informazioa, ez baitakigu irudi zaharrenei buruzko xehetasunak dakizkien belaunaldia noiz arte izango dugun gurekin». Lehen saioak Amezketan izango badira ere, beste zenbait herritan ere jardungo dutela aurreikusi du.
Bestalde, bertan izan da argazkilarien Rikardo Intxausti ondorengoa ere, hain zuzen, ondarearen dohaintza egin duena, eta nabarmendu du hunkigarria dela proiektua: «Sekulakoa da jendea aitaren eta aitonaren irudietako xehetasunak identifikatzen ikustea. Askok ezagutu ere egin zituzten, eta oso polita da ondarea jendaurrean jarrita zein efektu eragiten ari den ikustea».