Bihar goizean jarriko dira abian UTT Erronka mendi lasterketako parte hartzaileak. 81 kilometro eta 4.830 metro positiboko ibilbidea izango dute aurretik. Banaka aritzeko 139 lasterkarik eman dute izena, eta erreleboka 32 bikotek. Guztira, beraz, 203 lagunek parte hartuko dute.
Alberto Rey: «Asmoa da gero eta herri gehiago gehitzea antolakuntzara».
Hainbat berritasun izango ditu aurtengo UTT Erronkak. Iaz Irura izan zen lasterketaren gune nagusia, eta aurten Alegia izango da, bertako plazan hasi eta bukatuko baita aurtengo lasterketa. «Lasterketaren filosofia da urtero herri ezberdin batek hartzea irteera eta helmuga, eta aurrerantzean ere horrela izatea nahi dugu», esan du Alberto Rey antolakuntzako kideak. Probak herrien parte-hartzea bultzatzen du, eta aurtengorako beste bi gehitu dira zerrendara: Ibarra eta Hernialde. «Asmoa da gero eta herri gehiago gehitzea antolakuntzara. Bi berri hauekin hamar dira guztira».
Ibarra indartsu sartu da antolakuntzan, Izaskun auzoak markatuko baitu lasterketaren erdia, eta bertan egingo da errelebo aldaketa. Hain justu, horregatik da ibilbidea aurten lau bat kilometro luzeagoa, Uzturretik Belabieta aldera zuzenean joan ordez, Izaskundik pasatuko direlako korrikalariak. «Mendiarekin lotura handia duen lekua da, eta jendea korrikalariak animatzera joango dela espero dugu», esan du Reyk. Bestalde, Hernialdek presentzia gehiago eduki nahi izan du aurtengoan: iaz herrigunetik ez ziren pasatu korrikalariak, eta aurtengoan igaroko dira.
Beste berritasun nabarmen bat data aldaketa izan da. «Aurreko urtean irailean egin genuen, beste datarik ez zegoelako libre. Aurten Ehunmilak proba egingo ez denez, aukera izan dugu data aurreratzeko, eta horrek ahalbidetu du izen-emateak handitzea. Iazko parte hartzea bikoiztu dugu eta pozgarria da guretzat», zehaztu du Reyk. Beste aldaketa bat irteeraren ordua izango da, ordubete atzeratu baitute. 07:00etan aterako dira korrikalariak Alegiatik. «Datak ahalbidetu du aukera hori, ordurako eguna argitzen hasiko delako. Hori bai, agian parte hartzaile batzuk eguna ilundu eta gero iritsiko dira helmugara».
Parte-hartzaile euskaldunentzat pizgarri izango da, ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketa izango delako jokoan UTT Erronkan. Halaber, antolakuntzak azaldu du kataluniar eta frantses ugarik eman dutela izena. Bide batez, iazko parte hartzaileengandik jasotako iritziak orokorrean onak izan zirela gaineratu du. Gainera, aurrekoan superabita izan zuten, eta hori aurtengo lasterketan erabili dute. «Irabazi asmorik gabe antolatzen dugu lasterketa. Hori bai, ez dugu nahi gure poltsikotik dirurik jarri behar izatea», esan du Reyk.
Bigarren urtez jarraian errepikatuko dutena David Delgado gogoan izatea izango da. Bera izan zen Tolosaldeko mendiak lotuz mendi lasterketa bat egiteko ideia izan zuena. Bere egitasmoa ezin izan zen gauzatu pandemiaren ondorioz. Ondoren, David Delgadok mendiko istripu larri batean bizia galdu zuen. Delgadoren ideiari eutsi eta aurrera egin zuten antolakuntza taldekoek. Iaz Delgado omendu nahi izan zuten, eta irteeraren aurretik egindako omenaldian presente izan ziren Delgado beraren gurasoak. Aurten ere aurreskua dantzatuko dute Alegiako plazan Delgadoren oroimenez. Aurreskuaren dantzarekin, gainera, animoak eman nahi dizkiete UTT Erronkan parte hartuko duten korrikalariei.
EGITARAUA
UZTAILAK 3. ALEGIA
17:00-20:00. Dortsalen banaketa, Inaxio Begiristain kultur etxean.
UZTAILAK 4. ALEGIA
06:00-06:45. Dortsal banaketa, Inaxio Begiristain kultur etxean.
06:50. Aurreskua David Delgado eta lasterkarien omenez.
07:00. Ultra distantziaren eta erreleboen irteera, Alegiako plazatik.
19:30. Sari banaketa: UTT Erronka eta Euskadiko Ultra Txapelketa.
23:00. Itxiera, lasterketaren bukaera.
Sariak
Banaka
- Lehenengo emakumezkoari eta gizonezkoari: 300 euro, txapela eta Tolosaldeko produktu sorta.
- Bigarrengo emakumezkoari eta gizonezkoari: 200 euro eta garaikurra.
- Hirugarrengo emakumezkoari eta gizonezkoari: 100 euro eta garaikurra.
- Senior eta beterano mailetan garaikurra lehen emakumezkoarentzat eta gizonezkoarentzat.
- ATARIAren bitartez, Tolosaldeko lehen emakumearentzat eta gizonarentzat: txapela eta 70 euroko bonua Villabonako Eizmendi anaiak kirol dendan gastatzeko.
Erreleboka
- Erreleboetako kategoria guztiek (gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoak), izena emandako bikote kopurua edozein dela ere, sari berak izango dituzte.
- Lehenengo bikoteak: txapela, garaikurra eta Tolosaldeko produktu sorta.
- Bigarrengo bikoteak: garaikurra.
- Hirugarrengo bikoteak: garaikurra.
- Berria egunkariaren bitartez zozketak egingo dituzte: banakako parte hartzaileen artean 150 euro eta produktu sorta, eta errelebokakoen artean 300 euro eta produktu sorta.
- Zehaztutako denboran bukatzen duten guztientzat, bai banaka zein erreleboka, finisher zinta izango dute.




