ELKARRIZKETA

«Gustatzen zaiguna elkarrekin egiteak motibatzen gaitu»

Imanol Garcia Landa 2026ko uztailaren 3a

Yashira Navasek eta Ainhoa Egigurenek UTT erronkan parte hartuko dute erreleboka. I.G.L.

Erreleboka parte hartuko dute aurtengo UTT Erronkan Alpino Uzturre mendi lasterketa taldeko Yashira Navasek (Tolosa, 1991) eta Ainhoa Egigurenek (Tolosa, 1981).

Nolatan animatu zarete elkarrekin parte hartzera?

 

Ainhoa Egiguren: Inguru hauetan entrenatzea gustatzen zaigu, eta zer gutxiago elkarrekin korrika saio hauek partekatzea baino. Gure inguruko lasterketa izanik, eta entrenatzera joaten garen mendiak izanik, Yashira bera hasi zitzaidan esaten ea parte hartuko ote genuen. Nik, egia esan, T3T izanik aurretik, ea gehiegitxo ez ote zen izango bota nion. Eta asko kostatu zitzaidan erabakitzea.

Yashira Navas: Baina azkenean erabakia baiezkoa izan zen. Ainhoak dioen moduan gure etxeko karrerak dira, guk entrenatzen dugun mendietan korrika egitea da, eta horrek eraman gintuen baiezkoa ematera.

Egiguren: Asko gustatzen zaiguna da lasterketa hau elkarrekin partekatzea. Taldekide bezala parte hartzeak badu sentimendu kutsu hori.

Aurretik errelebotan parte hartu al duzue probaren batean?

Navas: Aurretik ez gara erreleboetan elkarrekin aritu, baina lasterketetan askotan batera, eta entrenatu ere elkarrekin egiten dugu. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta Alpino Uzturren hasi ginenetik beti izan dugu hartu-eman berezi hori.

Bakoitzak zer zati egingo du?

Navas: Ainhoak egingo du lehenengo zatia, eta nik bigarrena. Zehazki ez dakigu ondo zenbat kilometro dituen zati bakoitzak, baina 40 kilometro inguru izango dira.

Egiguren: Badira kilometro batzuk... Ea ondo iristen naizen Izaskunera, eta Yashirari erreleboa poz-pozik ematen diodan.

Horrelako distantziarik egin al duzue aurretik?

Navas: T3T proba egin genuen. Bero handia egin zuen, eta bukatu ahal izan nuen, baina ez aurreikusita nuen denboran.

Egiguren: Nik bertan behera utzi nuen T3T proba. Belabietatik nindoala hanketan indarrik ez nuen, eta erretiratzea pentsatu nuen. Lagun bat topatu nuen, eta elkarrekin joateko esan zidan. Baina Irura iristerakoan garbi nuen utzi egingo nuela. Batetik, pozik, neure barneak hori eskatzen zidalako; hartutako erabakia egokia izan zelako. Baina bestetik, hurrengo egunean pena izan nuen. Momentukoa asko bizitzen dut, eta horrela erabaki nuen.

Eta metro positiboei erreparatuta, zer-nolakoa da UTT Erronka?

Navas: Ez diogu hainbeste begiratu, baina garrantzitsua da. Uste dut T3Tren antzekoa dela.

Egiguren: Gure mendi hauek gorabeheratsuak dira, eta nik behintzat horrelako lasterketa luzeetan etapatxoak jartzen dizkiot neure buruari: lehenbizi aurreneko etapatxoa bukatu, gero hurrengoa... Desnibela izaten da, baina zerotik hastea da. Ea indarra daukagun hurrengo etapatxorako, eta berriz aurrera jarraitu... Horrek psikologikoki laguntzen du. 

Entrenamendu aldetik beste proba batzuk egin ditugu aurten taldearekin. Esaterako, asteburu polita pasatu genuen Tarragonan; han kilometro batzuk egin genituen, desnibel handiarekin. Desnibela landu izan dugu...  UTT Erronkan gorputzak karga hori ondo asimilatzen badu, hortxe izango gara prest!

Zein da kezka nagusiena?

Egiguren: Eguna, elikadura...

Navas: Aurreko astea nola joan den... Horrelako probetan kezka beti hor izaten da. Orduak joan egiten dira, kilometro asko direlako. Kezka izaten da iritsiko ote naizen, bukatuko ote dudan, zer eguraldi egingo duen, nire gorputzak nola erreakzionatuko duen... Karrera honetan ez gara bakarka aterako, erreleboka da, eta beti ondo egin nahi duzu ez zaudelako bakarrik. Horrek ere presio puntu bat ematen du.

Egiguren: Mendi lasterketei errespetu puntu bat izan behar diozu, eta gorputzari entzuten jakin behar duzu, une horretan nola dagoen ulertzeko. Hidratazioa, gatza, jana... Hori kontuan izan behar dugu. Gure helburuak batzuk dira, baina egunean bertan duzun gorputzaldia, tenperatura, hezetasuna, bidean gertatu daitezkeen mila istripu txiki... kontuan hartu behar dituzu.

Zerk motibatzen zaituzte gehien?

Egiguren: Elkarrekin egitea.

Navas: Hori da, gustatzen zaiguna elkarrekin egitea.

Ibilbidea ezagutzen duzue?

Egiguren: Alegiako zatia ez dut ezagutzen, hori falta zait.

Navas: Nire zatia Izaskundik hasten da, eta gero Berastegitik pasatzen da, eta hori ere asko ezagutzen dut. Larte asko ezagutzen dut, Otsabiora ere askotan igo izan naiz. Nahiko zapalduta ditut bide horiek.

Zein da helburua?

Egiguren: Iristea.

Navas: Ez dugu denbora jakin bat egiteko helbururik. Elkarrekin zerbait egitea, eta elkarrekin bizipen hori izatea da helburua.

Egiguren: Disfrutatzea. Hori lasterketa guztietan izaten da. Norbaitek galdetuko du nola disfrutatu daitekeen horrelako proba batean, eta bai, posible da gustatzen zaigun horretan disfrutatzea eta helmuga partekatzea. Helmugara iristeak beti du bere saria.

Navas: Postu on bat lortzen badugu, harro egongo gara, baina bestela ere bai.

 

Nola prestatu zarete?

Navas: Urte osoan ez, baina azken hilabeteetan gogor ari gara entrenatzen. Orain gehiago, noski, denboraldia hasita dagoelako eta lasterketa gehiago ditugulako. T3Trako egiten duzun entrenamenduak gero UTTrako ere balio du. Bizia lanarekin-eta nahiko beteta daukagunez, astean zehar ez dugu izaten denbora gehiegirik entrenatzeko, baina asteburuak aprobetxatzen ditut tirada luzeak sartzeko.

Elkarrekin aritzen zarete entrenatzen?

Egiguren: Nahi baino gutxiagotan. Lana dela, familia dela, puzzlea osatzen nahiko lan izaten dugu bateratzeko. Tarteka bilatzen dugu aukera.

Ondo al doa denboraldia?

Navas: Gu ez gara hain profesionalak, eta ez dugu denboraldia bere horretan izaten. Ni beti hasten naiz otsailean Berastegiko Negu Trail lasterketarekin. Hilabetean lasterketa bana egitea gustatzen zait, baina udara aldean beti egoten dira gehiago, eta azkenean izena ematen dut. Baina astero edo bi astez behin egiteak gero erre egiten zaitu. Aurten gutxiagotan ari naiz izena ematen, eta hobeto ari naiz moldatzen.

Egiguren: Ni lesio batetik nator; kargaren ondorioz belauneko lesio batzuk izan ditut. Mesfidantza pixka batekin nengoen hasieran, ez nekielako urtea nola joango ote zen. Eta, ezustean, martxotik hasi eta hilean karreratxo bat ateratzen ari zait. Gustura nago, aurrera noa, eta gustatzen zaidan horretaz disfrutatzen ari naiz, mendiaz gozatzen ari naiz.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!