Nolatan parte hartuko duzu UTT Erronkan?
Orain gutxi hartutako erabakia izan da. Jada 46 urterekin ez dut lehengo motibaziorik lehiatzeko. Taldearekin urtearen hasieran zehaztu genuen ultra distantziako taldekako Espainiako Txapelketara joatea. Orain gutxi izan zen, Avilan (Espainia), eta hara joan aurreko prestaketa ondo joan zen, disfrutatu egin nuen, eta karrera ondo atera zitzaidan. Bada, esan nuen lortutako sasoia aprobetxatu eta zer politago etxeko karrera bat egitea baino. Udara begira ez dudanez lasterketa gehiagorik planifikatuta, uztailerako erronka polita izan zitekeela pentsatu nuen.
Gainera Berastegitik pasatzen da.
Bai. Pentsa, 10 urtez T3Tko antolakuntzan egon naiz, eta saiatu gara behin baino gehiagotan karrera Berastegira inguratzen, baina ez dugu lortu. Herritik pasatzen den karrera bakarra Negu Trail da. Etxe ataritik pasatuko da UTT Erronka, eta pizgarri polita da.
Euskal Herriko Txapelketa ere jokoan izango da.
Pentsatzen nuen banaka eta taldeka izango zela, baina antolakuntzakoek esan didate bakarkakoa bakarrik jokatuko dela. Halere, nik uste dut ez nagoela maila horretan, hau da, Euskal Herriko Txapelketako lehenengo postuetan ibiltzeko. Baina, beno, beste pizgarri polit bat da.
Nolakoa izan da azken urteotako zure ibilbidea?
Karreretatik nahiko apartatuta. Bizi guztirako izango dudan orkatilako lesioarengatik 2020a bitartean karrera asko eta entrenamendu asko oso espezifikoak izan dira. Pixka bat saturatu nintzen, eta azkeneko urteetan gehienbat motibazio falta izan nuen; uste dut horrek bultzatu ninduela ez konpetitzera. Baina herrian ni baino 20 urte gazteagokoak Negu Trail dela-eta hasi dira mendian korrika eta beraiekin animatu egin naiz. Adin batetik aurrera, asteburua iritsita, goizean oso goiz entrenatzea, beti bakarrik, oso luzea egiten da. Gazteekin entrenatzeko aukera eduki dut, eta jarraitzeko arrazoi nagusietako bat hori izan da. Horri gehitu behar zaio, duela zazpi-zortzi urte Soronea Ammma CMO Valves taldeak eman zidan babesa. Hori eskertzeko sakrifizio puntua gehitu dugu, eta uste dut merezi duela.
Nola joan da orain arteko denboraldia?
Maiatza hasiera arte konpetitu gabe egon naiz. Sasoia hartu ezinik ibili naiz, eta disfrutatzen saiatu naiz baina ezinean, eta motibazio falta horrekin lasterketetan parte hartzeko pauso hori ematera ez naiz atrebitu. Maiatzaren hasieran Baigorrin erronka polit bat egitea tokatu zitzaidan. Bikoteka eta elkarrekin, bi maratoi egitea bi egunetan jarraian. Iban Agirrezabala herrikidearekin parte hartu nuen, eta zorte txarra izan genuen eguraldiarekin. Oso eguraldi txarra egin zuen: elurra, haizea… Lehenengo egunean asko sufrituta bukatu genuen, baina bigarren egunean lasterketaz kanpoko arrazoi batzuengatik ezin izan genuen atera. Gehienbat Espainiako Txapelketako entrenamendu eta test modura hartu genuen.
Nola joan zen Espainiako Txapelketa?
Talde bezala finkatuta genuen. 55 kilometro eta 4.000 metro positibo inguru zituen ibilbideak. Ez genekien zer maila egongo zen, lehenengo urtea izan baita 19 taldek eman dutela izena gizonezkoetan, orain arteko kopururik handiena. Talde lanean ondo ikusten genuen geure burua, eta podiumerako borroka egoteko. Ibilbidea ez genuen ezagutzen, eta esan ziguten oso teknikoa zela. Gaur egun gazteek korrika asko egiten dute, eta zati tekniko eta mantsoagoetan hobeto ibiltzen naiz. Lasterketa aurrera zihoan heinean, aurrean sentitu eta motibazioa handitu zitzaidan. Gainera taldekide bat aurretik zihoan, eta horrek ere motibatu ninduen. Helmugan taldekidea bigarren izan zen, ni zortzigarren, beste taldekide bat hamaikagarren eta laugarren taldekidea, Iban Agirrezabala, hamabosgarren helduta, txapelketan bigarren egin genuen. Sekulako emaitza izan zen, eta oso gustura taldeari egindako ekarpenagatik.
Eta nola ikusten duzu UTT Erronka zure ezaugarrietarako?
Ibilbidea ez da niretzat egokia. Konturatzen ari naiz pista asko dagoela, korrika asko egiteko lekuak, eta hori da niri asko kostatzen zaidana. 80 kilometroko lasterketa asko egin ditugu, hortik gorakoak ere bai. Nik uste dut gorputza eta burua nahiko preparatuta dauzkadala distantzia horretarako. Ez dakit nola eragingo ote didan hainbeste korrika egin behar den ibilbide honek.
«Ez dakit nola eragingo ote didan hainbeste korrika egin behar den ibilbide honek»
Helburu jakin bat duzu?
Helburu jakinik gabe aterako naiz. Ahal den azkarren egin bai, baina itsutu gabe. Orain dela hamar urte seguru helburu zehatz bat izango nuela: denbora eta postu zehatz bat lortzea, alegia. Baina gaur egun ez naiz horretan sartzen. Nire maila ere jaitsi egin denez, irten aurretik helburu zehatz batekin ateraz gero, eta gero hori behar den bezala ez badoa, buruak lan asko egin dezake eta presio horrek errendimendua jaitsi dezake. Orduan, disfrutatzen ari naizenez, behin dortsala jarrita, ahal den azkarren egitera joango naiz, baina helburu zehatzik gabe.
Ibilbidea ezagutuko duzu.
Lehenengo zatia, Alegiatik Albizturrera, behin ere ibili gabe nago, baina esan didate pista asko dagoela. Bigarren zatiko bideekin aspertuta nago, hainbeste ibili bainaiz han korrika. Harri batetik bestera zenbat denbora behar dudan badakidala esango nuke.