Alegiako obrak bisitatu ditu Marta Pastor aldundiko kirol zuzendari nagusiak

Ataria 2024ko urriaren 7a

Alegiako Udaleko ordezkariak eta Marta Pastor. ALEGIAKO UDALA

Elorri futbol zelaian harmailak eraikitzen ari dira eta frontoian, berriz, lurra eta gimnasioaren zein aldagelen espazioa ari dira berritzen. Bi proiektuetan ekarpen ekonomikoa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Alegian izan da Marta Pastor, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari nagusia, udalak martxan dituen obrak ikuskatzen. Joan den maiatzaren bukaeran hasi zituzten lanak Elorri futbol zelaian harmailak eraikitzeko eta pilotalekuko lurra zein gimnasioaren eta aldagelen espazioa berritzeko.

Futbol zelaiko obraren inguruan Regina Sorarrain alkateak nabarmendu du harmailak eraikitzea futbol taldearen «eskaera historiko» bat dela eta «aurrerapen handia» izango dela. Lan horiek 170.000 euroko aurrekontua dute eta ia 30.000 euroko laguntza eman du aldundiak.

Pilotalekuaren barruko lanei dagokienez, berriz, alkateak uste du «beltzetik zurira» pasako dela espazioa berrikuntza amaitutakoan: «Lurra zapalduta zegoen erabat eta harmailen azpiko espazioa erabat hondatuta zegoen. Bi tokiek berritzeko behar handia zuten». Lan horiek 530.000 euroko aurrekontua dute, eta 235.000 euro jasoko dituzte aldunditik gauzatu ahal izateko.

Sorarrainek nabarmendu du «aurreikusitako epeen barruan» doazela bi lanak eta aldundiaren «laguntzarik gabe» ez liratekeela «posible» izango: «Aurreikusitako epeetan goaz, eta lanak oso erritmo onean doaz. Garbi daukagu aldundiaren laguntzarik gabe inoiz ez zirela aurrera eramango obra hauek».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!