Harmailak eraikiko dituzte Alegiako Elorri futbol zelaian

Aitor Arroyo Askarai 2024ko maiatzaren 30a

Obrarekin, guztira, 168 eserleku estali izango lituzke zelaiak ikusleentzat; aldundiaren diru laguntza jasoko dute lanak egiteko eta urte amaierarako bukatuko dutela iragarri dute.

Alegiako Elorri futbol zelaian harmailak eraikiko dituela iragarri du Alegiako Udalak. Lanak gauzatu ondoren, guztira, 168 eserleku estali izango lituzke zelaiak ikusleentzat, 84 aulkiz osatutako bi eremutan. Argiztapena izango dute harmailek eta gaur egun jokalarien aulkiak dauden inguruaren atzealdean egingo dituzte, errepidearen azpian.

Obrak 170.000 euro inguru aurrekontua izango du, eta Alegiako Udalak 29.575 euroko diru laguntza jasoko du hori aurrera eramateko. Lanek «zailtasunak» izango dituztela aurreratu dute udaletik, izan ere, obraren zati handiena errepidetik egingo dute, zelaiaren gainetik makinarik pasa ezin dela-eta. Aldi berean, obrak zelaian «eragozpen handirik» ez duela sortuko ere aipatu dute.

«Aspaldiko» eskaera
Aste honetan argitaratuko dute lanak esleitzeko iragarkia eta «ahal bezain laster» hasteko asmoa dutela nabarmendu du Regina Sorarrain alkateak; eta gaineratu du, urtea amaitu baino lehen bukatuko dituztela.

Harmailen eskaera «aspalditik» datorren zerbait dela ere aipatu du: «Herriko hainbat eragilek denbora luzean eskatu izan dituzte; eta behar dira. Futbol zelaiaren egoera asko hobetuko duen obra bat da».

Intxurre futbol taldetik ere esan dute «aspalditik» datorren eskaera dela harmailena, eta begi onez ikusten dute horiek gauzatzen hastea: «Proiektu polita da». Kokalekuaren inguruan, berriz, eurak «egokiago» ikusten omen dute harmailak futbol zelaiko atearen atzealdean egitea.

Alkateak, berriz, nabarmendu du berari ez diotela helarazi harmailak atearen atzealdean eraikitzeko proposamena. Aldi berean, gaineratu du teknikoki ezin direla egin leku horretan: «Eskaera beti izan da orain egingo diren lekuan jartzea; baina ezin zela egin esan izan diete. Atearen atzealdean, teknikoki, ezin dira egin; eta guri ez digute proposatu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!