Alegiako Inaxio Begiristain kultur eta kirol etxeko aldagelak eta komunak berritzeko lanak hasi dituzte, eta horien «segurtasun arrazoiak» direla-eta itxita egongo dira gimnasioa eta pilotalekua. Eraberritzea azaroan amaituko dela aurreikusten dute, eta ordura arte egongo dira itxita aipatutako guneak.
Regina Sorarrain alkatearen arabera aldagelen egoera «erabat prekarioa» zen: «Espazioak oso-oso egoera kaskarrean eta zaharkituta zeuden; aldaketa beharrezkoa zen, baita osasun aldetik ere». Aldaketa «erradikala» iragarri du Sorarrainek, eta azaldu du eraberritzean, besteak beste, handitu egingo direla aldagelak eta komunak eta kristalezkoa izango dela pasilloa eta eta gimnasioa banatzen dituen pareta. Genero ikuspegia txertatuta izango omen dute berrikuntzek; eta, hori horrela, espazio «irisgarriagoak, seguruagoak eta osasungarriagoak» izango dituztelakoan dago alkatea.
Lanek iraun bitartean gimnasioa eta frontoia itxita egongo direla-eta, Sorarrainek pazientzia eskatu die herritarrei: «Azarora bitarte denok galduko dugu zerbait, baina merezi izango du, guztion onerako baita».
Lanen ezaugarriak
Aldagelak eta komunak berritzeak, guztira, 530.000 euroko aurrekontua du, eta hori finantzatzeko 235.000 euroko diru laguntza jaso du Alegiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol arlotik. Berritze lanak Iparralde enpresak egingo ditu.