Intxurre Antzerki Taldeak lepo bete du Elizpe zinema

Leyre Carrasco 2022ko abenduaren 3a

'Bata zu eta bestea ni' antzezlanaren bigarren eguna izan dute gaur goizean Alegian, eta jendetza gerturatu da emanaldiaz gozatzera.

Elizpe zinema lepo bete da gaurkoan ere. Izan ere, Alegiako Intxurre elkartearen 50. urteurrenak bat egin du Inaxio Begiristain Albisuren jaiotzaren 100. urteurrenarekin, eta omenaldia egin nahian, Begiristainek idatzitako Bata zu eta bestea ni antzezlana taularatu du Intxurre antzerki taldeak, Inaxio 100 urte izenpean.

Zuzendari lanak May Gorostiaga tolosarrak egin ditu, eta herriko hamaika herritar izan dira aktore lanak egin dituztenak: Felix Irazutabarrena Arsuaga, Imanol Irazustabarrena Garmendia, Alex Goikoetxea Pagola, Lurdes Iraola Agirresarobe, Maider Zabala Balerdi, Maialen Oiarzabal Tolosa, Endika Arnedo Garcia, Ane Arandia Ansa, Iñaki Artola Izagirre eta Agurne Renobales Tolosa.

Antzezlanaren bigarren eguna zuten gaurkoa, baina ez azkena. Oraindik antzezlana ikusi ez dutenek horretarako aukera izango dute abenduaren 5ean, astelehenean, arratsaldeko 19:00etan eskainiko duten hirugarren saioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!