ELKARRIZKETA

«Nik kanpotik ikusten dudana inplikazioa da, eta asko eskertzen da»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 2a, 07:58
May Gorostiaga Alegiako zinean. E.MAIZ

'Bata zu eta bestea ni' antzezlana zuzentzeko ardura hartu zuen May Gorostiaga Pozo tolosarrak; Alegiako taldea zuzentzea «opari bat» izan dela aitortu du.

Oso eskertua agertu da May Gorostiaga tolosarra Alegiako taldeak egindako gonbidapenarekin, eta baita taldearekin berarekin ere. «Asko ikasi dut nik ere beraiekin», aitortu du. Arazoei irtenbidea ematen ikasi du: «Urduri jarri gabe, eta energia polit batekin konpontzen dira arazoak».

Alegiatik gonbita jaso zenuen antzerki taldea zuzentzeko.

Lehenengo momentutik oso eskertua nago niregan jarri duten konfiantzagatik. Egia esan, eta nahiz eta gertu bizi, oso gutxi ezagutzen nuen Inaxio Begiristainen figura. Ondoan ditugu erreferente handiak eta ez ditugu ezagutzen. Lehenengo gauza egin nuena obra irakurtzea izan zen, eta informazio gehiagoren bila aritu nintzen. Artista puska bat aurkitu dut. Antzerkigintza, itzulpenak, musika, txistuak,.. CAFen lan egin eta aparte zer figura zen Inaxiorena. 

Nolako taldearekin egin duzu topo?

Honelako talde batekin topo egitea ederra da. Energia askorekin etortzen dira, eta astelehenero-astelehenero etxeko lanak eginda. Jantziak begiratuta, atrezzoarena, Whatsapp taldean beti mugimendua dago eta energia oso polita da, eta asko erraztu didate lana.

Zein izan da zure lana?

Nik kanpotik botatzen dut begirada, eta forma ematen joan naiz; batez ere, antzerkigintzako gauza teknikoekin. Beste guztia beraiek daukate.

«Polita da zenbat pertsona inplikatu diren taldeaz aparte, eta hori oso polita da herria egiteko»

Esperientzia aberasgarria izan da?

Bai. Oso aberasgarria. Esperientzia pila bat izan dut horrelako sorkuntza prozesuetan, antzerki amateurrean zuzentzen, baina kasu honetan enkarguzko lan bat izan denez, beste bat sentitzen naiz. Normalean zuzendaria da taldeaz tira egin behar duena, eta kasu honetan alderantzizkoa da. Beraiek etortzen dira izugarrizko energiarekin, beraiek bakarrik egiten dute lan. Zuzendari bezala opari bat da.

Asko lehen aldiz ari dira aktore lanetan. 

Ez nuke esango. Badakit teknika gutxi dutela batzuk, baina erraza izan da. Eta oholtzara igotzen direnean denek ahalegin handia egiten dute. Testuak ikasita etorri dira, eta hori askotan, hainbesteko diziplina, ez da ikusten profesionalekin. Askotan eskatu egin behar diezu testua hurrengo asterako ikasteko, edo kaña eman behar diezu aktore profesionalei. Hauek profesionaltasun horren ordez izugarrizko energia dute. Guztiek dute beraien lana eta ordu libreetan prestatzen dute hau. Nik kanpotik ikusten dudana inplikazioa da, eta asko eskertzen da. 

Aktore onak daude?

Bai, bai. Batzuk badaude lasai aski ibiliko liratekeenak beste obretan.

Baina zerk eman dizu lan gehiena edo zer izan da zailena?

Zailena askotan erabakiak hartzea izan da. Nahi eta nahiez, obra hau bere garaian idatzi zen, eta nola eguneratu errespetu handiarekin; hau da, jatorrizko testuarekin eta jatorrizko ideiarekin, baina kontuan hartuta, teknologia aldatu dela, eszenak aldatu direla... Nola egin obra koral bat gaur egun, baina hango izpiritua mantentzen. Eta nola ez, omenaldi bat egin Inaxiori ere. Ez gara asko urrundu behar bere lanetik. Horiek izan dira niretzat zailtasun handienak. Nola izan fidela jatorrizko testuarekin, baina aldi berean zer aportatu diezaiokegun, egun, hori aberasteko.

Eszenografia guztia ere prestatu behar izan duzue.

Bai. Ez naiz sentitzen bakarrik aktore zuzendaria, baizik eta zuzendari artistikoa ere banaiz. Panelekin ideiak botatzea gustatzen zait gero erabakiak denen artean hartzeko, eta hasiera batean agian nire marrazkiek ez zituzten ulertzen, niri pieza bati bi erabilera ematea gustatzen zait. Azkenean elkarrekin denok hizkuntza bera erabiltzea lortu genuen, eta jada dena bideratuta dugu. Gero, atrezzo asko benetako zapata denda bati esker lortu dituzte, eta polita izan da. Nire eskuetatik ihes egin du, eta polita da zenbat pertsona inplikatu diren taldeaz aparte, eta hori oso polita da herria egiteko. Omenaldian ikusi zen, eta atzetik bada atmosfera bat arduratzen dena gu laguntzeko edo gure bidea errazteko.

May Gorostiaga Alegian, entsegura sartzen. IBON AZPILIKUETA

Dagoeneko prest oholtzaratzeko?

Prozesua produktua baino gehiago baloratzen dut. Prozesua hain polita izan da, ni jada oso pozik nagoela. Guztiek pila bat eman dute. Nola hasi ginen eta nola iritsi garen, eta nola bukatuko dugun. Prozesu guzti hau inork ez digu kenduko. Gurea da, eta hori da Inaxiok behar duen omenaldia. Entseguak egitea astero-astero eta lan egitea. Pentsatzen dut bere garaian ere berdina egingo zutela. Intxurre Antzerki Taldeak antzeko zerbait egingo zuen, hau da, lagun batzuk elkartu, eta lan eta lan aurrera eramango zuten proiektua. Alde horretatik pozik, baina behin bukatuta, proiektua ezagutarazi nahi duzu, eta batez ere herrikoei eta ezagunei. Urduritasun puntua bada, eta presioa ere bai. Hori ona da, ondo egin nahi duzulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!