ERREPORTAJEA

Herritarrak aktore

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 2a, 07:59
Inaxio Begiristainen lana herritarrek oholtzaratuko dute. IBON AZPILIKUETA

Inaxio Begiristainen jaiotzaren 100. urteurrena dela eta, Alegian hamaika herritar elkartu dira Bata zu eta bestea ni antzezlana eskaintzeko; gaur, bihar eta astelehenean antzeztuko dute zineman.

Alegiako Intxurre elkartearen 50. urteurrenaren aitzakian sortu zen herrian antzerkia egitearen ideia. Elkartearen urteurrenak bat egin du Inaxio Begiristain Albisuren jaiotzaren 100. urteurrenarekin, eta omenaldia egin nahian, Begiristainek idatzitako Bata zu eta bestea ni antzezlana taularatuko dute herritarrek, Intxurre antzerki taldea, Inaxio 100 urte izenpean. Hamaika pertsona elkartu dira aktore lanak egiteko, eta zuzendari lanak May Gorostiaga tolosarrak egin ditu. Goitik begiratuta Elizpe zinema txiki ez zaiela geratuko kontatu dute aktoreek, baina herritarren artean sortu duen ikusmina dela eta, emanaldi bat motz geratuko zela eta, hiru egitea erabaki dute: bata gaur, bestea bihar eta hirugarrena astelehenean.

Herri mailan zabaldu zuten deialdia, antzerkia egin edota antzerkiaren bueltan elkartu nahi zuten herritarrak biltzeko helburuarekin. «Taldea nahiko azkar sortu zen», gogora ekarri du Imanol Irazustabarrenak, eta gaineratu du: «Lehenagotik ere bazegoen zerbait mugituta eta pentsatuta, baina gero ezerezean geratu zen».

Antzezlanean ariko diren lau aktore: Maialen Oiartzabal, Felix Irazustabarrena, Ane Arandia eta Imanol Irazustabarrena. E. MAIZ

«Duela pare bat urte jada aritu ginen antzerkian interesatuta geundenok bilerak egiten edo elkartzen, baina hortik ez zen ezer atera. Hau aukera polita izan da berriz ere elkartzeko», dio Ane Arandiak. 

Intxurre elkarteak kultura batzordera eraman zuen gaia. «Kultura batzordeak lehenik eta behin beste zerbait egitea pentsatu zuen herriko talde eragile ezberdinekin; Inaxioren omenez zerbait berezia egitea, baina bueltak eman, eta ez zen ezer ateratzen. Azken aukera izan zen antzezlanen bat egitea», azaldu du Felix Irazustabarrenak. Jakitun ziren bazirela gogoa zuten herritarrak. «Erraz esan du Imanolek, baina pixka bat kosta zen arrankatzea», zehaztu du Felix Irazustabarrenak. Behin arrankatuta eta batzuk taldean sartuta, besteak erraz juntatu zirela adierazi dute.

Belaunaldi ezberdinen nahasketa

Hamaika herritar elkartu dira. Belaunaldi ezberdineko gizonak eta emakumeak: Felix Irazustabarrena, Lurdes Iraola, Alex Goikoetxea, Maider Zabala, Maialen Oiartzabal, Hodei Oiartzabal, Ane Arandia, Agurne Renobales, Iñaki Artola, Imanol Irazustabarrena, eta Endika Arnedo. Eta beste kide asko inguruan laguntzen izan dituztela nabarmendu dute. 

Gehiengoa behin ere oholtza gainera igo gabea dela kontatu du Arandiak: «Interesa bai, eta zerbaitegatik gaude hemen, baina esperientzia gutxi».

Maialen Oiartzabalek azpimarra sorkuntzan jarri du: «Sorkuntza arloa gustuko dugu, eta batzuk bertsolariak gara, eta hortik gogo pixka bat sortu dugu, baina gazteon gehiengoa inoiz aritu gabeak gara».

Uda baino lehen hasi zen taldea elkartzen. Obra kokatu zuten, eta baita beraiek ere, eta entsegu pare bat-edo egin zituzten. Behin uda pasata, irailean hartu zuten «serio» gaia. «Hasieran lasai geunden, denbora zegoela eta entseguak ere lasaiago joaten ziren, eta gutxiago aurreratzen genuen», argitu du Arandiak. Hori bai, eguna gerturatzen joan den heinean, arduratsuago hartzen joan da taldea, eta «presioa» sentitu dute.

Bata zu eta bestea ni antzezlana da herritarren aurrean egiteko aukeratu dutena. Komedia da, eta graziosotzat dute: «Garai batean idatzia izan arren, nik uste dut badituela gaur egungo ukitu batzuk. Eta komedia den heinean, guk egiteko, uste dut komedia hobea dela drama egitea baino», dio Irazustabarrenatan gazteenak. Formaturik onena aukeratu dutelakoan daude. 

Belaunaldi ezberdinek egin dute bat, baina Oiartzabalen ustez: «Azken batean denok herritarrak gara, eta denok ezagutzen dugu elkar betidanik». Harreman ona dutela dio, eta nahiz eta belaunaldi ezberdinak izan: «Nahiko giro sanoa sortu dugu, eta ondo moldatzen gara».

«Polita da zuretzat laguna edota gertukoa den hori, beste paper batean ikustea», kontatu du irribarrez Arandiak. «Oso ondo pasatzen dugu antzerkia egiten dugun bitartean». 

«Talde polita sortu dela uste dut, eta lehen bagenuen harremana edo baginen ezagunak, baina orain nola joan diren harremanak ikusteak badu bere grazia», dio Imanol Irazustabarrenak.

«Denok elkar ezagutzen genuen, eta zenbait ekimenetan elkarrekin parte hartu ere bai, bertso munduan ez bada, beste zerbait antolatzen edo egiten; harremana beti egon da», esan du helduenak.

Hamaika lagun elkartzeak badu bere lana, baina erraza suertatu zaiela esan dute. Nahikoa hasieratik finkatu zuten astelehenetan elkartuko zirela. «Astelehenetan hasi ginen eta hortxe iraun du», azaldu du Arandiak. Normala den moduan, lanagatik, izan dira bi astez behin egon direnak, edota tarteka huts egin dutenak edo beranduago iritsi direnak. «Nahikoa finkatuta egon da hasieratik eta nahikoa ondo eraman dugu, kontuan izanda bat pilotaria, bestea... zailtasunak baziren baina ondo atera da», nabarmendu du Arandiak.

«Denok ditugu aparteko gauzak, eta egon dira gorabeherak, baina nahikoa entsegu onak egin ahal izan ditugu, batik bat azkenaldian», dio Irazustabarrena gazteak.

«Oso-oso ondo» pasatzen dutela baieztatu du Oiartzabalek, eta «entsegu bat ikusi besterik ez dago», dio. Beste guztiek ere horixe baieztatu dute: «Ondo pasatzen da barruan, eta kanpoan hobeto; erlaxatuta esertzen zarenean besteak ikustera».

Ia berrogei urte atzera egin ditu Felix Irazustabarrenak, eta bera da oholtza gainean aktore lanetan aritua dena. Maider Zabalak ere egina duela herri mailan antzerkiren bat argitu du. «Intxurre Antzerki Taldea sortu zenean bertan ibili nintzen, eta gero Donostiara joanda beste talde batean edo bestean ibilita nago, baina kasik berrogei urte utzita», azaldu du Felix Irazustabarrenak.

Orain berriz oholtzaratzeaz galdetuta: «Gogoa banuen. Berriz hau egin beharra zegoela eta, baina banekien zer gertatuko zen; neronek egin beharko nuela. Gogoa eta grina pizten zaizkizu, baina, era berean, kezka ea zein marroitan sartzen naizen». Baina kezka horiek alde batera utzi zituen «behin taldea osatuta ikusten duzunean, eta beste guztiak ere gogoarekin ikusten dituzunean; errazagoa da», dio. 

Lehen aldiz oholtza gainera

Eguna gerturatu ahala presioa eta dudak sortzen joan zaizkie. «Nire aldetik bertso munduan-eta jende aurrean ibilita nago. Jende aurrean aritzeko hori badut, baina orain beste esparru batera goaz eta beldur txiki hori badut», esan du Imanol irazustabarrenak. Taldeari eman dio indarra: «Antzerki talde batean gauden heinean, taldean eginda beti errazagoa da edo niri behintzat babes hori edukitzeak asko laguntzen dit».

Entseguetan «oso espazio seguruan gaudela sentitzen dut», dio Arandiak, eta gaineratu du: «Gure artean konfiantza dugu eta jada badakigu obra nolakoa den eta oso erraz egiten dugu, baina jendearen aurrekoak bai ematen dit beldurra». Gainera, «ikusleak herritarrak izateak, kritikoagoak dira. Azpeitira joan eta ez naute ezagutzen, eta zerbait gaizki ateraz gero ere lasaiago gaude. Herriko kritikotasun horrek beldur pixka bat ematen du», aitortu du Arandiak.

Oiartzabalek, berriz, urduritasun puntua baduela kontatu du, eta bat egin du Arandiak aipaturiko herritarren kritikotasunak sortzen duen beldurrarekin, baina era berean, «nik gogoa daukat jada egiteko, publikoaren barreak entzuteko; izan ere, badakit oso ondo pasako dutela, eta horrek asko motibatzen nau». Gainera, bertsolaritzatik dakarkien entseguak edo esperientzia baliagarri zaizkiola esan du, eta urduritasuna kudeatzen laguntzen diola azpimarratu du.

Taldeaz galdetuta, gogotsu daudela aipatu dute, baina eguna gerturatu ahala tentsioak eta urduritasunak gorako bidea egin dutela.

Begiristainen ezagutza

Felix Irazustabarrenak zortea Inaxio Begiristain bera ezagutzekoa. Ekintzaile moduan definitu du euskaltzalea. «Gauza pila bat mugitzen zituen, eta garai hartan, batez ere, euskarak mugitzen zuen».

Euskara mugitzeko horretan gauza asko egin zituela ekarri du gogora: «Itzulpen, poesia, bertso,... eta antzerkian topatu zuen bere sormena garatzeko modua».

Antzezlanak idazten hasi zen eta sari pila bat irabazi zituen, baina «bere indar guztiak jartzen zituen hori oholtzan ikusteko, eta taldeak sortzen zituen», adierazi du Irazustabarrenak. «Juxtu gu gaztetxo ginela Intxurre inguruan mugitzen ginen batzuokin elkartu zen, eta antzerki talde bat sortu zuen berak idazten zuen hori plazaratu ahal izateko».

Garai hartan hiru antzezlan taularatzera iritsi ziren. «Bera horrek mugitzen zuen, eta batez ere hizkuntza eta hizkuntzaren barruko moldeari eta esamoldeari eta esanari indarrari ematen zion garrantzia handia antzerkian ere». «Hor pasatzen genituen ordu pila bat, eta gero eszenaratu egiten zen», ekarri du gogora.

Urte batzuetan Gipuzkoan zehar asko-asko ibili zirela kontatu du. «Gustura ibili ginen, eta Inaxio bera ere azkenera arte gustura ibili zela uste dut».

Justu obra bat preparatzen ari zen, eta banaketak-eta egiten hasia zegoen bakoitzak zein paper egin beharko zuen-eta. «Hil zenean oraindik antzerkia idazten ari zen, ez zuen bukatu antzezlan hori, eta ez genuen plazaratu noski», kontatu du.

Belaunaldi gazteek ez dute Begiristain ezagutu, baina badute bere berri, eta Imanol Irazustabarrenak azaldu du: «Ekintzailea zela eta ekintza diferente askotan sartuta zegoela, eta antzerki idazlea ez herrian bakarrik, Gipuzkoa mailan izan den onenetarikoa izan zela». Eta jarraitu du: «Horrekin hazi gara, eta herriko kultur etxeak ere haren izena darama. Egia esan, mundu horretan mugitu garenok beti izan dugu nahiko presente bera zein izan zen, zer egin zuen eta zer egin nahi izan zuen». 

Iritsi da eguna, eta gaur, bihar eta astelehenean eskainiko dute herritarren aurrean, hilabeteetan ikasi eta praktikan jarri dutena. Aurrera begira ez dira jarri edo ez dute jarri nahi izan momentuz. «Talde hau abendura begira sortu zen, gerora arra sortzen bazaigu bada, ikusiko dugu zertan jarraitzen dugun», dio Imanol Irazustabarrenak.

«Lehenik eta behin, zubi honetan zentratu behar dugu, eta nahikoa lan izan dugu. Gero ikusiko dira gerokoak», azpimarratu du Arandiak. Eta ildo beretik jarraitu du Oiartzabalek: «Aurrena hau ondo egitea izango da behintzat, eta gero jendeak esango du gustatu zaien edo ez».

Publikoaren erantzunaren zain daude guztiak, eta horrek baldintzatuko die aurrera begira zer egin ere kontatu dutenez.

Azken batean, Bata zu eta bestea ni herritarrek herritarren aurrean taularatzearen nahia eta helburua Inaxio Begiristaini omenaldia egitea izan da; hau da, «herriari bere altxor bat erakusteko modua», zehaztu du Felix Irazustabarrenak.

«Belaunaldi asko gaude bere antzezlan bat bertatik bertara ez dugunak ikusi», argitu dute gazteek. «Herriarentzat polita izango da, lehen era batera egingo zuten, eta orain beste era batera egingo dugu; aldaketak bai edo bai egongo dira, eta polita izango da publikoarentzat ere, batik bat, lehengoa ikusi zutenentzat», bukatu du Arandiak.

 

EMANALDIAK. ALEGIA 

Abenduak 2, ostirala. 'Bata zu eta bestea ni' antzezlana, 19:00etan, Elizpe zineman. Sarrera: 5 euro.

Abenduak 3, larunbata. 11:00etan, Elizpe zineman. Sarrera: 5 euro.

Abenduak 5, astelehena. 19:00etan, Elizpe zineman. Sarrera: 5 euro.

 

Parte hartzaileak

Aktoreak. Felix Irazutabarrena Arsuaga, Imanol Irazustabarrena Garmendia, Alex Goikoetxea Pagola, Lurdes Iraola Agirresarobe, Maider Zabala Balerdi, Maialen Oiarzabal Tolosa, Endika Arnedo Garcia, Ane Arandia Ansa, Iñaki Artola Izagirre eta Agurne Renobales Tolosa.

Zuzendaria. May Gorostiaga Pozo.

Argiak. Arkaitz Balda Usandizaga.

Dekorazioa eta argazkiak. Ibon Azpilikueta Gonzalo.

Bertsolariak. Ainhoa Ontsalo Sagastume eta Iker Navarro Martinez. 

 

INAXIO BEGIRISTAINEN LANA EZAGUTARAZIZ

Inaxio Begiristain Albisu Altzon jaio zen 1922ko irailaren 14an, honela 100 urte bete dira aurten bere jaiotzatik. Alegian bizi izan zen, 1984. urteko ekainaren 13an hil zen arte. Hori horrela Alegiako herriak eta herritarrek ez du aukera galdu nahi izan, eta urtean zehar gogoan izan dute ekitaldi ezberdinak eginez.

Begiristain ezer bazen, euskaltzalea zen, eta ekintzailea. Lanari ez zion beldurrik izan eta lan asko egin zuen herrigintzan. Herri mailan arlo askotako taldeak lagundu zituen: musika, txistua, dantza, ikastola, antzerkia...

Batez ere antzerkian nabarmendu zen Begiristain. Obra asko eta asko idatzi zituen, eta lan horretan harrapatu zuen heriotzak berak. Bere lanen artean da, gaur-biharretan oholtzaratuko duten Bata zu eta bestea ni antzezlana. 1976an idatzi zuen.

Hiru ekitaldiko irri-antzerki bat da non zapatagile bat, eta bere morroiaren saltsak, istiluak eta zalapartak agertzen diren. Ondo pasatzeko endredozko komedia bat. Intxurre Antzerki Taldeak 1980 inguruan taularatu zuen, eta hogeita hamar bat emanaldi egin zituzten. Eta 1983. urtean Azpeitiko euskal antzerki topaketetan lehen saria lortu zuten.

80ko hamarkadan oholtzaratu zuten lehen aldiz. ATARIA

Horrez gain, Begiristain sari asko jasoa izan zen bere ibilbidean, eta idazteaz gain, itzulpen ugari ere egin zituen.

Sortzean bakarrik, ordea, ez zen geratu bere lana, eta antzerki taldeak sortzen lagundu zuen herri askotan. Esaterako, Tolosako Oargi edota Alegian bertan, Kimu-Berri eta Intxurre taldeak. Hori horrela, obra asko taularatzera ere iritsi ziren.

Txistu egile eta konpontzailea

Txistularientzako txistuak behar zirela eta, musika tresna horiek fabrikatzen ere hasi zen Begiristain, era autodidaktikoan. Alegiako herritar askok dute berak egindako txistua, eta konponketa lanak ere egiten zizkien.

Ondorengoek bere izena ikas dezaten eta herritarrek ahaztu ez dezaten, besteak beste, bere izena darama Alegiako Kultur eta Kirol Etxeak. 100. urteurrena dela eta, kartel berezia jarria dute hormatik zintzilik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!