Adin tarteari erreparatuta, berriz, haurrek eta gazteek egiten dute gehien, hamalau urtera artekoen kasuan ia %80ra iritsita, eta, hortik hogeita lau urterako tartean, %68ra. Gazte-helduetan %64k egiten du euskaraz. Heldu-nagusietan erdiek. Eta, azkenik, hirurogeita lau urtetik gorakoak dira gutxien egiten dutenak, %44 inguru. Lau eta laurogei zenbakiekin ni bezala maiteminduta ez dagoenak eskuragarri ditu beste zenbaki batzuk Galtzaundi.eus atarian, txukun asko azalduta, gainera.
Nondik begiratzen zaion, halako interpretazioa egin ohi da. Egongo da emaitza hobeen esperoan zegoenik, eta baita txarrena uste eta pozik geratu denik ere. Neuk nahiago bigarrenen multzoan jarri eta kopak altxatuta txin-txin egin, ikastetxeen, gurasoen, haurren, teknikarien, militanteen, Korrikaren, bertso-eskolen eta ahaztu zaizkidan guztien alde. Bejondeiela lanean ari direnei!
Kontuz mozkortu gabe, ordea: gutxi irauten du xanpainaren aparrak, eta guri ospakizunetarako utzi ziguten botilak zuloa omen —Sarasuak esana—. Horregatik bete behar da behin eta berriz, birikak bezala. Erabileraz gain, beste bi dira hizkuntzen osasunean eragiten duten aldagaiak: motibazioa eta ezagutza. Hala idatzi zuen Txepetx ikerlariak, eta ikuspegi horrekin gabiltza, batik bat, oraindik ere. Obsesioak izaten ditu aldi bakoitzak, eta gu batez ere erabilerarekin tematu gara azken aldian. Ez da arrazoirik falta, egia esan.
Hizkuntzara ekarriko nuke galdera: non ukitu behar da pertsona euskararantz abiarazi edo hari eutsi diezaion?
Dena den, beti izaten da norbait tabernan punta atera behar duena, eta hainbeste ezagutza eta erabilerarekin motibazioa ahaztu xamar ote daukagun nago. Txepetxek hizkuntzaren bizia izan zuen ikergai, eta handik atera zituen ondoren biziaren hizkuntza ulertzeko gakoak. Alderantziz ere egin liteke agian. Andre Rochais pedagogoak helduen hazkuntza pertsonala izan zuen ikergai, galdera nagusi bat akuilu hartuta: non ukitu behar da pertsona hazkuntza prozesua abiarazteko? Hizkuntzara ekarriko nuke galdera: non ukitu behar da pertsona euskararantz abiarazi edo hari eutsi diezaion?