Tolosaldeko Hizkuntzen Erabileraren 2021eko kaleko erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztu dituzte Uemak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. 2017. urtetik, bigarren aldia da Tolosaldeko herri guztietan hizkuntzen erabileraren kale neurketa egiten dena eta aurtengoan ere, Uemak udalerri euskaldunetan egin duen neurketarekin batera egin dute eskualdekoa. 2021ekoan, 52.000 hiztunen informazioa bildu dute eskualdeko 28 herrietako kaleetan. Jasotako datuen bolumen handiak –2017an baino 9.000 hiztun gehiago jaso dira oraingoan–, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.
Ondorio nagusiak
Euskararen kale erabilera indartu egin da Tolosaldean azken lau urteetan; 2017an, %56,5ekoa zen eta 2021ean, berriz, %60,4koa da. Euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren (%37,1) eta gainerako erdarenaren (%2,5) gainetik erregistratu da. Haurrak (%78) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak –15-24 urte– (%68) daude, eta horiei jarraiki heldu-gazteak –25-39 urte– (%64), heldu-nagusiak –40-64 urte– (%51) eta adinekoak (%45). Bilakaera horretan azpimarratzeko da 39 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 39 urtez azpikoek %72ko erabilera erregistratu dute, 39 urtez gainekoei %49ko erabilera neurtu zaien bitartean. Hala ere, aipatu, adin tarte guztietan euskaraz elkarrizketa gehiago jaso direla gaztelaniaz baino, adinekoen kasuan izan ezik.
2017ko neurketarekin alderatuta adin tarte ia guztietan egin du euskarak gora: haurren kasuan, 4 puntuko igoera jaso da; helduenean 6 puntukoa; adinekoetan, berriz, puntu erdiko gorakada erregistratu da. Apur bat bada ere, gazteetan jaso da euskararen erabileraren beherakada da: puntu erdi bat jaitsi da gazteen erabilera Tolosaldean.
Sexuaren araberako euskara-erabilerari dagokionez, Tolosaldeko kaleetan behatutako emakumeen euskara erabilera %62koa izan da, gizonezkoena %61ekoa izan den bitartean. Adin tarte guztietan gertatzen den fenomenoa da emakumezkoek gizonezkoek baino euskara gehiago erabiltzea, 64 urtetik gorakoetan izan ezik. Adinekoen kasuan, gizonezkoek euskara gehiago erabiltzen dute emakumezkoek baino.
Haurren presentziak ere zeresan handia du euskararen kaleko erabileran. Euskara erabilera daturik altuenak haurrak bakarrik elkarren artean hizketan ari direnean jasotzen dira (%80). Haurrek nagusiekin batera elkarrizketan parte hartzen dutenean zertxobait gutxiago erabiltzen da euskara; kasu honetan %74ko euskara erabilera erregistratu da. Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%51). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %69ra igotzen duela erabilera.
Herri tipologien arabera, joera desberdinak
Tolosaldeko 28 herriak bertako biztanle euskaldunen portzentajeak kontuan hartuta aztertuz gero, desberdintasun nabarmenak ikusi daitezke emaitzetan. Horrela, euskaldunen portzentajea %65 eta %79 artean duten herrietan (Alegia, Amasa-Villabona, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Tolosa eta Zizurkil), lau puntu egin du euskararen kale erabilerak gora (2017an %54koa zen eta 2021ean %58koa da). Beraz, ikusi daiteke, erdaldunenenak diren herrietan, populazio handiena dutenak ere badira, euskararen presentzia gorantza doala kalean.
Txanponaren beste aldea dira euskaldunen portzentajea %80tik gora duten herriak. Alkiza, Altzo, Asteasu, Belauntza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Hernialde, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orendain dira euskaldunen portzentajea %80 eta %89 artean duten herriak. Hamaika herri horien kasuan, erabilerak lau puntu egin du behera lau urtean, %83tik %79ra, hain zuzen. Bestalde, Tolosaldean euskaldunen portzentaje altuena duten herrietan ere antzerako egoera jaso da kale neurketetan. Herriko biztanleen %90 baino gehiago dira euskaldunak Abaltzisketan, Adunan, Albizturren, Amezketan, Baliarrainen, Berastegin, Elduainen, Gaztelun eta Orexan. Azken herri horietan, erabilerak 3,5 puntu beherakada izan du 2017tik 2021era, aurreko multzoko herrietako joerari jarraiki.
Beraz, argi ikusi daiteke, Tolosaldeko emaitza orokorrek euskararen kale erabileran gorakada erakusten badute ere, herri handienek azken emaitzan duten pisuaren ondorioa dela hori. Izan ere, Alegia, Amasa-Villabona, Anoeta, Ibarra, Irura, Tolosa eta Zizurkilen bizi dira eskualdeko biztanleen %80, eta horiek dira eskualdeko herririk erdaldunenak. Beraz, herri erdaldunenetan euskararen kale-erabilerak goranzko joera duen bitartean, arnasguneetan apaltzen ari da euskararen erabilera.
Udalerriko euskaldun dentsitateak zerikusi zuzena du erabileran, datuek erakutsi dutenez: euskaldun gehiagorekin, erabilera handiagoa. Espero izatekoa da. Euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat. Nolanahi ere, azken urteetan ohartarazi den moduan, ezin da pentsatu euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik. Neurketak erakutsi du euskaldunak %80tik gora diren herrietan behera egin duela euskararen erabilerak. Ez da galera handia lau urteko tartean, baina bai arnasguneen bilakaerari buruzko beste zantzu bat. Bilakaera negatiboa izaten ari dira eremu horiek.
Aldaketa nabarmen batzuk ulertzeko gakoak
2017koak dira eskualdeko 28 herri gehienetako lehenengo hizkuntzen kale erabileraren neurketak. Beste zenbait herrik eginak zituzten neurketak aurretik eta beraz, herri bakoitzeko joeren inguruko ondorio argiak ateratzea ez da hain erraza eskuartean 2017ko eta 2021eko neurketak bakarrik izanda. Hala ere, zenbait herrietan emandako aldaketei erraz aurkitu geniezaieke azalpena.
Esaterako, Leaburu-Txarama, Belauntza eta Hernialderen kasuan, azpimarragarria da herriko ostatuaren inguruan biltzen den jendearen eragina emaitzetan. Kontuan izan behar da, kale neurketek jasotzen dutena herrietako kaleetan hitz egiten den hizkuntza soslaia dela, eta ez bertako herritarrena. Abaltzisketaren kasuan, ordea, COVID-19ak sortutako egoerak eta debekuek, Larraitz auzoan bisitari gutxiago topatzea ekarri du, eta hori nabarmen antzematen da azken emaitzan.