Horregatik, neure lagun berri honen adiskide zaharrak zera erabaki omen du: haurrei euskaraz bakarrik egin beharrean espainolez ere egitea, helduaroan hartara behartuz gero lanean, esate betareko- bere ezagun horrek baino hobeto kanta dezaten.
Hala ba, neu ere Artola bai baina Arteta ez izaki, arrantza edo irrintzi egiten ote dudan zalantzan geratu nintzen lagun berriaren ahotsak neure baitako erresonantzia kaxan bere lana egiten zuen artean. Oraintxe zalditik astotik baino gertuago nagoela nahiko erabakia nuenean, bat-batean, usainek haurtzaroko oroitzapenetara nola, halaxe eraman ninduen hizketa gaiak Alegiako eskolara: zortzi-hamar bat haur aparteko gela batean, borobilean eserita, hizkuntza berria ikasteko «indartze neurriak» jasotzen.
Ez nukeen esango zenbat urte genituen, baina xehetasunez gogora nezakeen bertan ginen gehienon aurpegia, eta ez hori bakarrik, irakaslearen galderak eta gelakideen erantzun batzuk ere bai, hitzez hitz: «Cuántos animales tenéis en casa, Unai?». Eta gure lagunak: «No sé; perros, gatos, vacas…». Antzeko galderak eginez, banaka-banaka neurtu nahi zuten nonbait geure espainol maila. Haur haien diagnostikoa, ordea, egina zegoen ordurako: han geunden ia denak ginen baserritarrak, astoa eta zaldia bereizten genekienak, edo gutxienez erdi-baserritarrak, alegia, kaletarrak izateko baserritarregiak eta baserritarrak izateko kaletarregiak, mandoak, nahi bada. Eta heldu zen nire txanda ere: «Y tú, Mikel, que nos puedes contar?». Eta Mikelek lotsatuta baina ondo xamar eman zien bere familiaren berri, Hego Amerikako auzokideekin ikasia baitzen ordurako, oharkabez, gainontzeko guztiek gerora egin duten bezala.
Neure lagun berria aldegina zen orainaldira itzuli nintzenerako, eta ez nion ezer esan ahal izan. Ez dago ondo kantatzen duen astorik, baina ezta erdaraz arrantza baino gehiago egiten ez duen euskaldunik ere, eta nago, 2021eko maiatzean, Irunen, esate baterako, beste zenbaitzuk behar luketela -ez euskaldun elebidunok- hizkuntza ikasteko denbora galduaren bila abiatu, irrintzika eta trostan.