Alegiako Festak 2018

Festaren irudiak, aukeratuta

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 21a, 08:00

Felix Irazustabarrena, Maixol Balerdi, Tere Garmendia, Arantxa Eizmendi eta Miren Izeta, logoa eta kartelarekin.

Tere Garmendiak aurkeztutako kartela eta Felix Irazustabarrenak egindako logoa izan dira irabazleak.

Alegiako festa batzordeak jakitera eman ditu kartel eta logotipo lehiaketako irabazleak. Herritarren botoak bildu ostean, jaietako egitarauko azalean joango den irudia Tere Garmendiak aurkeztutakoa da; kontrazalean, berriz, Ibai Lekue gaztearen marrazkia joango da. Logotipo bozkatuena Felix Irazustabarrenarena izan da, eta jaietako kamisetetan jarriko dute.


Memoria tailerreko zenbait kideren artean egin dute kartel irabazlea, tartean Tere Garmendiak: «Aurreko urtean nahi genuen aurkeztu, baina beranduegi hasi ginen prestatzen. Aurten baietz, prestatu egin behar genuela zerbait eta horrela hasi ginen».

Taldeko zenbaitzuen artean aritu dira kartela egiten, baina ideia Garmendiarena izan zen: «Tontokale garrantzitsua da festetan. Beraz, kalearen argazkia goitik behera atera genuen, eta kartelaren erdian jarri. Gero, urtero ateratzen den egutegi batetik atera genituen argazkiak eta inguruan itsatsi genituen». Argazki batzuk zaharrak dira eta beste batzuk berriagoak.

Sei kartel inguru aurkeztu ziren, eta ez zuten kartelaren aldeko botoak jasotzeko kanpaina berezirik egin. Logoaren lehiaketara ere aurkeztu zuten lanen bat, eta horrekin esperantza gehiago zutela azaldu du Garmendiak. «Kartel irabazlea zela abisatu zigutenean, ezustekoa hartu genuen», gaineratu du. Saria txupinazoa bota aurretik ematen da eta Garmendiaz gain, Arantxa Eizmendi eta Maixol Balerdi igoko dira udaletxeko balkoira. «Jasotako diruarekin merienda egin, menuren bat jan edo horrelako zerbait egingo dugu memoria tailerrekoekin», esan du Garmendiak.

Miren Izeta memoria tailerreko irakasleak azaldu duenez, kartela egitean bere lehentasuna lana eskuz egitea zen. «Ordenagailuz erraz egingo nuke nik, baina garrantzitsua zen beraiek eskuz egitea, hori ere lantzeko. Azkenean, emaitza polita atera da», esan du Izetak.

BERTSO SAIOTIK LOGO IZATERA

Ez da lehenengo aldia Felix Irazustabarrenak festetako kartel edo logo lehiaketan saria irabazten duena. «Hirugarrena-edo izango da», esan du. «Kartela eta logoa boto bidez aukeratzeko lehiaketa hasi zenean, pentsatu nuen parte hartzea, bakarren batzuk izateko». Beste zenbait ekimenetarako urtean zehar kartelak edo logoak egiten dituela dio, eta eskarmentu pixka bat baduela horrelakoetan.

Aukerak ikusten zituen logoaren lehiaketan irabazteko. «Kontuan izan behar da kamisetan jartzen den marrazkia dela, eta batez ere haurrek eramaten dutena. Beraz, zerbait jostaria eta erraza izan behar duela uste dut», esan du. Jostailuzko argazki kamerarekin marrazkia egiteko ideia iazko herritarren bertso saiotik atera zuen: «Nik jarri nituen gaiak, eta horrelako kamera bat hartu nuen eta horren bueltan joan ziren gai guztiak. Eta burura etorri zitzaidan polita izan zitekeela irudi hori erabiltzea lehiaketarako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!