Alegiako Festak 2018

Tere Garmendia eta Felix Irazustabarrena, kartel eta logotipo lehiaketako irabazle

Ataria 2018ko eka. 12a, 10:28

Garmendiaren lana jaietako egitarauaren azala izango da eta Irazustabarrenarena jaietako kamisetetan jarriko da. Kamisetaren eskaerak egiteko epea ekainaren 22an amaituko da. 

Alegiako Festa batzordeak jakitera eman ditu kartel eta logotipo lehiaketako irabazleak. Herritarren botoak bildu ostean, jaietako egitarauko azalean joango den irudia Tere Garmendiarena izango da; kontrazalean, berriz, Ibai Lekue gaztearen marrazkia joango da.

Logotipo bozkatuena berriz, Felix Irazustabarrenarena izan da, eta jaietako kamisetetan jarriko dute. Ekainaren 22an itxiko da kamisetak eskatzeko epea, eta horretarako kultur etxean egin beharko da eskaera. Neurria zehaztu beharko da eta behin kamisetak prest daudenean, jasotzera pasa beharko da. Sei euroko prezioa izango dute.

Playbackean parte hartzeko epea ere, zabalik

Horrez gain, zabalik da uztailaren 14an haur bazkariaren ondoren ospatuko den playback ikuskizunean parte hartzeko izen emate epea. Hori ere hilaren 22ra arte egongo da irekita.

Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat irekia da, eta bakarka edo taldeka hartu ahal izango da parte. Taldeen kasuan ez da kide kopuru mugarik izango.

Izena ematerako orduan, aukeratutako abeslaria eta abestia zeintzuk diren zehaztu beharko da eta ondoren, uztailaren 2a baino lehen, aukeratutako abesti hori CD batean entregatu beharko da kultur etxean. Gehienez bi abestirekin parte hartu ahal izango da.

Sariak egunean bertan banatuko dituzte eta epaimahaia festa batzordeko kideek osatuko dute. Kontuan hartuko dira abestiak euskaldunak izatea eta prestatzen den koreografiaren originaltasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!