Elorri futbol zelaia, bere esentzia azkenera arte mantentzen

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 8a, 13:52

Intxurrek igandean jokatuko du azken neurketa Elorri futbol zelaiko hartxintxarrean, behin denboraldia amaituta, belar artifiziala jarriko baitute.

Intxurre Futbol Elkartearen DNAren parte da Elorri futbol zelaia. Edo hobeto esanda, zelaiaren ezaugarri nagusia bera: hartxintxarra. 1995ean inauguratu zen, eta Gipuzkoan geratzen den gisa honetako zelai bakarrenetakoa da, neurketa ofizialak jokatzeko erabiltzen den bakarra. 

Bertan hezi eta hazi izan dira herriko eta inguruetako futbolariak, eta hartxintxarrean jokatzen ibiltzeak eman die nolabaiteko izaera berezi bat. Aurkarientzat ere zelai zaila izan da beti Elorri. Alegiarrek, ordea, beren arma nagusitzat izan dute. Eta esentzia hori, azkenera arte ari da erakusten futbol zelaia.

Pasa den asteburuan, esaterako, liderraren bisita izan zuen Intxurreko lehen taldeak. Joanekoan 8-0 galdu bazuten ere, alegiarrek erakustaldia eman zuten etxean, Elgoibarri 9-0 irabaziz. Aratz Irazustabarrenak eta Lander Alkizak hiruna gol egin zituzten, eta Imanol Jimenezek eta Ibai Gabirondok bana. Bestea, beren atean sartu zuten elgoibartarrek.

Denboraldia amaitzean, ordea, belar artifizialeko zorua jarriko dute, eta datorren sasoia hasterako, itxura berria izango du zelaiak. Aspaldiko eskaera da belar artifiziala jartzearena, eta luzaroan izan dira esperoan. Udaren ondoren, beraz, akabo putzuak, akabo zikintasuna, akaso marrak ezabatzearen ondorioz jokalekua mugatzeko konoak jarri beharra...

Proiektuak oniritzia izan zuela argitaratu zenean, Intxurrek berak azaldu zuen aldaketarik izango ez balitz, kluba desagertzeko arrazoietako bat izan zitekeela. Bada, aldaketa inguruko herrietatik jokalariak erakartzeko motiboa izan daitekeela azaldu zuten. Gaur egun zazpi talde daude Intxurren: gizonezkoetan erregional mailakoa, jubenilak, kadeteak eta bi talde infantiletan; eta emakumezkoetan jubenil mailakoa eta infantil mailakoa.

Dagoeneko talde gehienek jokatu dute beren azken neurketa Elorriko hartxintxar gainean. Erregional mailakoek igandean jokatuko dute azkena, 16:00etan. Trintxerperen aurka jokatuko dute, Kopako final laurdenetako neurketa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!