Belar artifizialeko zorua jarriko dute Elorri futbol zelaian

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 13a, 12:12

Obrak urtea amaitu baino lehen hasiko dira eta nahaia 2018. urtea hasi baino lehen bukatzea da; Intxurre elkartekoentzat «oso positiboa» izan da albistea.

Alegiako Elorri futbol zelaiak itxura berria izango du laster. Izan ere, zorua aldatu egingo dute belar artifiziala jarriz. Proiektua egun lizitazio prozesuan dago. Aldundiak laguntza emango du eta udalak, ikusita baliabideak zituela, baldintza pleguak eta lizitazio prozesua martxan jarri zuen udan. Bihar da azken eguna enpresentzat proposamenak egiteko.

Esleipenaren erabakia «lehenbailehen hartu nahi dugu, eta obrak urte amaiera baino lehen hasi eta ea bukatzeko aukera ere badugun», azaldu du Unai Iraola alkateak. Aurrekontua 360.000 euro ingurukoa da. «Ikusiko dugu enpresaren batek kopuru horren azpitik eskaintza egiten duen, baina nahiko doituta dago proiektu teknikoa. Material bera da garestia eta horrek igotzen du batez ere kostua», esan du Iraolak. Aldundiaren laguntza 120.000 euro ingurukoa izango da. «Asmoa da Gipuzkoako Futbol Federazioari eskaera egitea, beraien ekarpena egin dezaten, baina egoera nahiko nahasia dutenez, esperantza handirik ez dugu alde horretatik».

Belar artifiziala jartzeaz gain beste zenbait aldaketa egingo dira. «Hobekuntza integralagoa egitea aurreikusi da, behin horrelako proiektu batean sartuz gero», esan du Iraolak. Irisgarritasunarekin lotutako aldaketak egiteko asmoa dago, eta horrek ekarriko luke futbol zelaia pixka bat estutzea. Bestalde, inguruko hesiak aldatu egingo dira, egungoak punta zorrozdunak direlako, eta beste modu bateko babesak jarriko dira. «Aztertzen ari gara harmailaren bat jartzea. Noski, baliabideak mugatuak ditugunez, ikusiko dugu zer egin daitekeen», esan du alkateak. «Aurrekontu handi batez hitz egiten ari gara eta obrak aurrera doazen heinean ikusiko dugu zenbat baliabide gehiago bideratu ditzakegun. Printzipioz gure eskura dauzkagun hobekuntza guztiak egiten saiatuko gara».

ASPALDIKO ESKAERA

Intxurre futbol elkartearen ingurutik eta bertako jokalarien aldetik aspaldiko eskaera da belar artifiziala jartzearena. Gipuzkoan geratzen den zelai bakarrenetakoa da hartxintxarra duena. «Kontuan hartu behar da ere eremu guztia, bai futbol zelaia bera eta frontoia ere, Alegiako eskola eta institutuaren eremu bezala izendatuta dagoela, eta herrian DBH ikasi ahal izateko Hezkuntzak jarritako baldintzetako bat izan zela», esan du Iraolak. «Beraz, ikasleentzat ere hobekuntza izango dela ikusten dugu». Horrez gain, frontoiari berari ere eragingo dio garbitasunaren aldetik. «Oraingo zoruak hauts pila bat harrotzen du, eta lehorra dagoenean asko zikintzen du. Iruditzen zaigu garbitasunean eta hautsa gutxitzen lagunduko duela», gaineratu du alkateak. 

Intxurre elkartekoentzat «oso positiboa» izan da Elorri futbol zelaiaren zoru aldaketaren berria. Patxi Renobales elkarteko kideak azaldu duenez, «honen zain egon gara luzaroan». Gaiarekin «etsita» zeudela dio Renobalesek: «Putzuak sortzen dira, marrak ezabatzen dira eta kono txiki batzuk jarri behar izaten dira jokalekua mugatzeko, harri asko ditu... Gurasoek-eta komentarioak egiten zituzten zoruaren egoeran inguruan... Kluba desagertzeko arrazoia izan zitekeen ez bazen zorua aldatzen».

Belar artifizialera aldatzen denean, inguruko herrietatik jokalariak erakartzeko motiboa izan daitekeela nabarmendu du Renobalesek. Gaur egun sei talde daude Intxurren: gizonezkoetan erregional mailakoa, jubenilak, kadeteak eta bi talde infantiletan; eta emakumezkoetan jubenil mailakoa.

Obrak hasten direnean, talde guztien dinamikak aldatuko dira. Batetik entrenamenduak egiteko arazoak izango dituzte eta areto futbolean aritu beharko dutela dio Renobalesek. Bestetik, beste hainbat herritako klubekin harremanetan daude, Intxurrekoek etxeko partidak horien zelaietan jokatu ahal izateko. Denboraldia berezia izango da Alegiako futbol klubarentzat, eta kirol helburuei dagokionez «lasai» hartuko dute. Talde nagusiak larunbatean hasiko du liga, Elorri zelaian, Seguraren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!