Beloztegi baratze parkeko erabiltzaile egiteko gonbita

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 3a, 08:00
Beloztegi baratze parkea. Bere ondoan egingo da igandean azoka ekologikoa.

Igandean V. Azoka Ekologikoa egingo da Alegian, Beloztegi Herri Baratzeak elkarteak antolatuta. Azokan produktuak erosteaz gain, baratze parkea ezagutzeko aukera ere bada. Zortzi lursail daude libre.

Beloztegi Herri Baratzeak elkarteko kidea da Gema Zubeldia, eta dagoeneko Alegiako Azoka Ekologikoa finkatuta dagoela dio. Batetik, orain baratzeetan «aldatzeko garaia» denez, azokaren bitartez bertara landare saltzaileak joaten zaizkiela eta lekuan bertan erosi ahal dituztela esan du. Bestetik, azoka bera herritarrei Alegian baratze parkea dagoela gogorarazteko balio duela adierazi du. «Baratzeak non dauden eta nola prestatuta dauden, eta zer aukera ematen duten gogoratzeko» balio duela ere nabarmendu du. «Oso gustura gaude baratzeetan. Hasitako guztiek jarraitu egiten dugu. Halere, zortzi lursail daude inork izena eman nahi badu», gaineratu du.

Guztira 44 lursail daude Beloztegin, eta egun 36 erabiltzaile daude. «Gure solasaldiak izaten ditugu, gure meriendak, eta hor ateratako barazkiekin afariak prestatzen ditugu», esan du Zubeldiak. Orain gutxi bi talo jate egin dituzte. «Baratzeetatik atera dugun artoarekin egin ditugu», esan du Zubeldiak. «Guk zero kilometroko taloak direla esaten dugu. Arto ekologikoa egin dugu, noski. Aurreneko aldia egiten dugula eta oso gustura gaude». Horrelako afariak eginez, erabiltzaileak elkartzeko balio duela dio Zubeldiak. «Nik jendea animatuko nuke ditugun zortzi lur sailak erabiltzera. Gure artean harreman handia dugu eta gainera dena dugu eskura; erremintak, ura...».

Erlazionatuak

Alegiako Azoka Ekologikoa, maiatzaren 6an

Tolosaldeko Ataria 2018 api 25 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!