Erritmo «oso onean» egiten ari dira Larraitz Mendebaldeko obrak

Ataria 2017ko ira. 13a, 12:16

Auzoaren lehenengo zatian azpiegitura nagusiak berriztatu dira, eta orain urbanizazio lanak egingo dituzte.

Alegiako Larraitz auzoko obrak aurrera doaz. «Udal talde honen gure programako promesa nagusietakoa zen Larraitz Mendebaldeko obrak egitea, Alegiako zati horretako herritarren bizi kalitatea hobetu behar zelako, eta aspalditik zetorren eskaera bat zelako», azaldu du Unai Iraola alkateak. Uztailean hasi ziren lanak, jendea oporretan egotea eta kotxeen ibilera gutxien egon daitekeen garaia aprobetxatzeko. «Uztailean eta abuztuan lanak oso erritmo onean egin dira», esan du Iraolak. «Oso gustura gaude lanak egiten ari diren enpresakoen jarrera eta laneko dinamikarekin. Lan konplexua da eta denboran iraupena izango du».

Lanak orain arteko moduan joanez gero, bederatzi hilaberen buruan bukatuta egotea espero dute. Halere, Iraolak azaldu duenez, «horrelako obretan gerta daiteke ezusteren bat edo arazoren bat izatea eta espero ez zenean atzerapen bat izatea. Herritarrei eskatuko nieke pazientzia pixka bat izatea. Auzoa hobetuko da eta ederragoa geratuko da, baina bien bitartean obrak jasan beharko dituzte».

Bi fasetan banatu dira obrak eta auzoa bi zatitan banatu da. Lehenengo zatian azpiegitura nagusiak berriztatu dira: ur zikinak eta euri urak bereiztu dira, argindarraren hodi berriak pasa dira, telekomunikazioak ere ondo zeudenak sendotu dira eta berriak ere bota dira. «Beste azpiegiturak ere pasa dira, eta esan daiteke nolabait arteria nagusiak hobetu direla. Orain zati horretan urbanizazio lanak hasiko dira. Bigarren zatian ere prozesu berdina egingo dute», esan du Iraolak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!