Ekitaldiz betetako eguna izan dute gaur Alegian. Goizean goiz, diana egin dute Giroarte taldeak alaituta. Goizean eta arratsaldean haurrak ederki ibili dira eskolako patioan ezarritako haur parkean: puzgarrietan saltoka edota trizikloan ibiltzen, ez dute aspertzeko betarik izan.
Eguerdian sagardo dastaketa egin dute sardina eta txorizo erreekin eta bazkal ondoren Goitibehera jaitsiera egin dute. Iaz egin zuten lehen aldiz eta aurten ere berriz antolatu dute, arrakastatsua denaren seinale.
Arratsaldean, herriko frontoira egin du salto jai giroak. Alegiako Festetako Txapelketako finalak jokatu dira lehenik, jubenil eta afizionatu mailan, eta profesionalen arteko pilota partidak eman dio amaiera jaialdiari. Frontoia bete-bete egin da. Lehen partidan, Iriarte azkoitiarrak eta Jauregi tolosarrak 22-16 irabazi diete Arandia herritarrari -bere lagunek pankarta eta guzi emandako animoak ez dira aski izan - eta Elizegi asteasuarari. Bigarren partidan, afizionatuetan, berriz, Peru Labaka zizurkildarra eta Santxez astigarragatarra 22-14 gailendu zaizkie Urbieta eta Aizpuru asteasuarrei; Peruk ederki baliatu du Santxezen lan ona. Sariak banatu eta gero etorri da profesionalen partida: Iñaki Artola herritarrak eta Beñat Urretabizkaia ikaztegietarrak, Victor errioxarra eta Jon Erasun zizurkildarra zituzten aurrez aurre; 22-14 irabazi dute Iñaki eta Beñatek, eta herritarra izan da aldea jarri duena, pilotakada latzak joz eta tantoak bikain bukatuz.
Zahagiardoa egingo dute eta gauean mota guztietako musika egongo da. Erramun Martikorenak eta Txintxarri Abesbatzak kontzertua eskainiko dute Elizpe zinean. Herriko plazan, DJ Josu Rodriguez arituko da DJ lanetan eta TPR, Desira eta Guri 5 taldeek kontzertuak eskainiko dituzte Bulebarrean. Festa gosez denak, beraz, Alegian badu horretarako aukera.
Klikatu hemen biharko egitaraua ikusteko.