Eguerdian, haurrek bazkaria egingo dute; sabela bete eta dantzarako tartea izango dute play-back saioan. Ondoren, haurrentzako txokolatea banatuko dute eta herritarren arteko toka txapelketa egingo dute arratsaldean; 12 eta 15 urte bitartekoek hartuko dute parte lehenengo, eta 16 urtetik gorakoek gero.
Horren ondoren, Kolpez blai perku-show-a izango da plazan. Gauean, zahagiardoa egingo dute eta bertsolarien saioa izango da ondoren: punta-puntako bertsolariak igoko dira Elizpe zineko oholtza gainera: Mikel Artola, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga. Gai jartzailea, berriz, Imanol Irazustabarrena izango da. Eguna amaitzeko, Passepartout eta Hesian taldeen kontzertuak izango dira herriko plazan.
Bibalabirjen jaietan ere da giro onik faltako
Alegiako festa batzordeak ez ezik, Alegiako Gaztetxea ere buru-belarri aritu da festak antolatzen. Eguerdian, bertso poteoa egin dute eta herri bazkaria egingo dute Bulebarrean. Arratsaldean, herriko gazteen txaranga ibiliko da herrian eta jokoak egingo dituzte. Gauean, Borgas, Elektropeña, Xugua, Josu Aranburu, Goiko eta Garmen DJak arituko dira musika jartzen.