Hamarretan puntuan hasi da ekitaldia, eta iragarritako zazpi finalak jokatu dira. Jende asko bildu da harmailetan, eta pilotariek ez dute hauen animo faltarik izan. Txalo zaparrada galantak entzun dira tanto eder bakoitzaren ondoren, eta baita sarri batzuen eta besteen aldeko aupadak ere, lau ordu pasa iraun duen pilota festa gustagarrian zehar.
Eskualdeko Pilota Elkarte, Pilota Eskola eta Tolosaldeko Atariak elkarlanea burututako txapelketa da hau, eta honen isla garbia izan da finalaren antolaketa bera, hor geunden guztien hainbat ordezkari-eta. Eskualdeko Pilota Elkarte eta Eskola guztiak elkarrekin antolatzen duten ekintza bakanetakoa da, eta goraipatzekoa.
Partidei dagokienez, bataz besteko maila da lehendabizi nabarmendu beharrekoa: maila oso oneko partidak izan dira gehienak. Imanol Zufiria-Manex Gonzalez villabonatarrak Benjamin B mailan, Martin Elola eta Harkaitz Murua altzotarrak benjamin mailan, Irati Jauregi-Irati Aranburu asteasuarrak palaz eta Beñat eta Eneko Gorostidi abaltzisketarrak eskuz alebinetan, Irure Sarasola-Elena Herrero asteasuarrak palaz eta Unai Altuna-Amets Uzkudun alegitar eta altzotarrak eskuz, eta Miren Larrarte bidania-goiaztarra eta Ane Esnaola orendaidarra palistak kadete-jubeniletan izan dira III.Ataria Pilota Txapelketa honetako txapelak janzteko merituak egin ditzutenak, Beñat Uretabizkaia, Iñaki Artola, Ainhoa Garmendia eta Mari Muruaren eskuetatik.
Partida guztiak izan dira politak, batzuk bereziki landuak eta gogorrak. Benjamin eta alebin mailan eskuz jokatutako partidetako emaitzek ez dute islatzen frontoian ikusi dena, ezta kadete-jubenilen palazkoaak ere. Ikaragarri gogorra izan da paletako infantilen partida, 45 minutuz goitik iraun duena. Hona emaitzak:
Benjami B: Imanol Zufiria-Manex Gonzalez 16, Lax Hernandez-Lordiz Garmendia 6
Benjamin A: Martin Elola-Harkaitz Murua 16, Manex Meulman-Urko Otaegi 11
Alebinak, palaz: Irati Jauregi-Irati Aranburu 20, Aiora Zubilaga-Alaitz Navarroa 8
Alebinak, eskuz: Beñat eta Eneko Gorostidi 16, Ander Ruiz-Ugaitz Mujika 9
Infantilak, palaz: Irune Sarasola-Elena Herrero 20, Anne Agirre-Nagore Murua 17
Infantilak, eskuz: Unai Altuna-Amets Uzkudun 18, Perurena-Gabirondo 7
Kadeta-jubenilak, palaz: Miren Larrarte-Ane Esnala 20, Leire Perurena-Sara Agirre 14
Esan bezala, sari banaketarako Iñaki Artola, Beñat Urretabizkaia pilotari profesionalen eta Ainhoa Garmendia eta Mari Murua pala jokalarien laguntza izan dugu (Iñaki Artola izan da, bolada batean, markagailuaz arduratu dena eta Marik palako partidetan epaile laneta ere aritu da). Pilotari gaxteek baliatu dute aukera Urretabizkaia eta Artolaren sinadurak biltzeko eta berdindu nahi dituzten hauekin argazkiak ateratzeko.
Eta hau izan da aurtengoak eman duena. Tolosaldeko Atariakook gustura gaude elkarlan honek ematen duen emaitzarekin. Eskualdeko Pilota Elkarte eta Eskola guztiei elkartzea eta 300 neska-mutilen ilusioaren pizgarri izatea bada aski motibo horretarako. Datorren urtera arte!