Adin guztientzat antolatutako egitaraua

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 14a, 11:46

Txintxarri Eguneko iazko kontzertuaren une bat. TXUSO GOMEZ

Bihar hasi eta abenduaren 2a arte luzatuko da Alegiako udazkeneko egitaraua, tartean ohiko ekitaldiekin.


Alegiako udazkeneko egitaraua martxan jarriko da bihar eta abenduaren 2a arte. Nati Murua Kultura zinegotziak azaldu duenez, «adin guztiei zuzendutako ekitaldiak daude: ipuin kontalariak, helduentzako antzezlana, Mikel Urdangarinen emanaldia, Euskararen Eguneko hitzaldia...».

Hain justu, aurretik ez zuten behin ere udazkeneko egitaraurako abeslaririk ekarri, eta aurten Mikel Urdangarin musikari bizkaitarra lotzea lortu dute. Andoni Egañak euskararen inguruan egingo duen hitzaldia ere nabarmendu du Muruak: «Beste urtetan ere zerbait egin da Euskararen Eguna dela eta, baina aurten hitzaldi bat antolatzea pentsatu dugu. Interesgarria izango da eta animatu nahi diot jendeari bertara joatera».

Ohikoak diren hainbat ekitaldi izango dira, eta erantzun ona dutenak gainera. Ipuin kontaketak eta helduentzako antzezlana dira horren adibide. Txintxarri Eguna da udazkeneko beste klasiko bat eta aurtengoan herriko Txintxarri abesbatzarekin batera Legorretako Elekun abesbatza ariko da. Ondoren, eguna ohi bezala afariarekin bukatuko dute. Musikarekin lotuta ere, Loatzoko musika ikasleek Xexili Deunaren egunaren inguruan egiten duten emanaldia entzun eta ikusteko aukera izango da.

Kultura batzordetik antolatzen dute udazkeneko egitaraua, eta orain Eguberrien inguruko ekitaldiei begira jarriko dira. Hamabostean behin elkartzen da batzordea, eta Muruak herritar oro gonbidatzen du parte hartzera: «Bilerak irekiak dira, nahi duen guztientzat zabalik daude, eta ongi etorria izango da».

 

Egitaraua

Urriak 15, osteguna

18:00. Estenopeika-Pinhole argazkigintzako ikastaroaren aurkezpena kultur etxean.

Urriak 16, ostirala

22:00. Mikel Urdangarinen kontzertua Elizpe zinema aretoan. Sarrerak kultur etxean salgai.

Urriak 25, igandea

11:30-13:00. Talo Tailerra plazan.

Urriak 27, asteartea

17:30. Kontu Kantoiren eskutik Ipuin kontaketa 4-8 urte bitarteko umeentzat liburutegian.

Azaroak 6, ostirala

22:00. Lakrikun antzerki taldearen eskutik Non gaude? helduentzako antzerkia kultur etxean. Sarrerak kultur etxean salgai urriaren 26tik aurrera.

Azaroak 14, larunbata

19:45. Txintxarri Eguna. Kontzertua elizan Txintxarri eta Elekun abesbatzen eskutik.

Azaroak 18, asteazkena

17:30. Maite Frankoren eskutik ipuin kontaketa 4-8 urte bitarteko umeentzat liburutegian.

Azaroak 20, ostirala

18:00. Xexili Deuna egunaren harira, Loatzo musika eskolaren kalejira eta emanaldia plazan.

Azaroak 25, asteazkena

19:00. Elkarretaratzea egingo dute plazan Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta.

Azaroak 29, igandea

17:30. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdia Tolosako Usabal kiroldegian. Gai-jartzailea Iker Iriarte alegiarra.

Abenduak 2, asteazkena

19:00. Hitzaldia Andoni Egañaren eskutik eta ondoren luntxa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!